Ikuskizun aparta, kontzeptuaren zentzurik «zabalenean»

Javier Zabalak eta Jose Javier Zabaletak garaipen batekin eta erakustaldia emanda itxi dute finalerdietako ligaxka. 13-22 menderatu dituzte Jaka eta Eskiroz Labriten. Errioxarraren hamargarren garaipena da jarraian, tartean Binakakoan jokatu dituen bost demak irabazita.

Javier Zabala, tanto bat ospatzen.
Javier Zabala, tanto bat ospatzen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Peio Etxeberriak eta Zabaletak Binakako Txapelketan osatu duten bikote apartak maila beretsuko ordezkoa aurkitu du Javier Zabalarengan. Errioxarrak ordezko moduan bosgarren partida zuen gaurkoa Labriten, eta guztiak irabazi ditu: bi Zabaletarekin eta hiru Martijarekin. Guztira, jokatu dituen azken hamar partidetan garaile izan da. Eta gaur irabazi bakarrik ez, sekulako ikuskizuna eskaini du Naxerakoak.

Katedrak faborito argi jo ditu hasieratik Aspekoak, baina Jaka eta Eskiroz aurreratu dira markagailuan 4-0 eta 6-2. Jokoan sartzea apur bat kostatu zaio Jose Javier Zabaletari eta, aldiz, Erik Jaka oso erasokor aritu da lehen pilotakadatik, bost erremate ikusgarri sinatuz lehen tanto horietan.

Baina apostulariek usaimen ona dutela argi geratu da berriz ere. Zabalaren sotamano ikusgarri batekin egin dute lehen tantoa urdinek, eta gustoko pilota atera bezain pronto jokoa erabat aldatu da. Zabala eta Zabaleta argi nagusitzen hasi dira piloteoan eta aurkariak oso behartuta jokatzen. 6-2kotik 6-7ra igaro dira, markagailuan aurrea hartuz, eta nagusitasun horri azken unera arte eutsi diote.

Zabaletak aspaldidanik ondoegi ohituta gaituenez, aipamena Javier Zabalak merezi du batez ere gaur. Errioxarrak 13 tanto egin ditu jokoan, bi gehiago sakez, eta bi pilota bakarrik galdu ditu. Ikuskizun aparta eskaini du eta, orain arteko bere ibilbidea ikusita, aipagarria da batez ere erabaki oso zuzenak hartu dituela uneoro: pilota noiz atzeratu, noiz sartu errematera, noiz eta nola egin keinua pilota Zabaletari uzteko...

Pilotalekura hurbildu diren zaleek majo gozatu dute, eta azken unean Zabaletak berak ere opari eder bat gordeta zeukan beraientzat. Edo bi hobe esanda. Neurketako azkenaurreko tantoan etxarrendarrak pilota bigarren edo hirugarren koadroan harrapatu du eta sekulako pilotakada jo du, pilota ia hormatik hormara jo eta zuzenean errebotean sartuz. Gutxigatik ez du lortu eta gainera pilota gora joan zaio, baina eromena izan da ikusleentzat.

Aurrenekoan lortu ez duela ikusita, azken tantoan berriz saiatu da pilota hormatik hormara jotzen. Berriz ere oso gutxigatik ez du lortu, eta ikuskizuna Eskirozek osatu du, zesta-punta edo erremontekoa zirudien errebotea eramanez. Azkenean Eskirozek berak galdu du pilota, baina txalo zaparrada sekulakoa izan da.

«Bolada ona ahalik eta gehien luzatzen saiatu nahi dut. Batzuetan bolada txarrak izaten dira eta orain bolada onean nago. Badira hiruzpalau hilabete nire aukerengan gehiago sinisten hasi nintzela, lan handia egiten ari naiz eta lesioek ere errespetatu naute. Orain Buruz Buruko Txapelketa etorriko da, hor beste inon baino garrantzitsuagoa da lan mentala, kantxan bakar-bakarrik zaudelako, eta ea maila onari eusten diodan», aipatu du Javier Zabalak jarraian lortzen duen hamargarren garaipenarekin oso pozik.

Jose Javier Zabaleta, aldiz, jada finalean pentsatzen hasia da. «Sentsazio onekin amaitu dut partida eta ea finalean beste partida on bat jokatzen dugun. Bosgarren txapela irabazteko aukera daukat eta saiatuko naiz hori lortzen». Finaleko aurkaria igandean ezagutuko dute, Altuna III-Martija edo Artola-Imaz. Zabaletak «enpresako lagunek» irabaztea nahi duela onartu du, baina partida «oso irekia» ikusten duela.