Jokin Altuna eta Julen Martija izango dira Peio Etxeberriaren eta Jose Javier Zabaletaren aurkariak Binakako Txapelketaren final handian, gaur Eibarren Iñaki Artola eta Ander Imaz 22-9 menderatu ostean. Aurrelari amezketarrak sekulako erakustaldia eman duen bitartean, Baikokoek ez dute beren maila erakutsi.
Altuna eta Martija 2022an irabazitako txapela errepikatzen saiatuko dira martxoaren 31an Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan. Amezketarrak horixe zuen orain artean Binakakoan jokatutako final bakarra, nahiz eta modalitate guztiak batuta 14. finala duen datorren hau. Martijak, aldiz, hirugarren finala izango du, 2020koa ere irabazi zuelako Joseba Ezkurdiarekin.
Eta datu sorta amaitzeko, aipagarria da aurtengo txapelak ere Aspe enpresarentzat izango direla, Baikok ez duelako finalean bikoterik sartu. 2016an Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea nagusitu zirenetik, Asegarce-Baikok ez du Binakakorik irabazi.
Tarte handia hasieratik
Tentsio handiko partidetan beti esan ohi da ongi hasteak garrantzia berezia izaten duela, eta gaurkoan Altuna eta Martija izan dira hasieratik askoz zorrotzago jokatu dutenak. Martijak ez du distira berezirik erakutsi, baina Altunak argi utzi du lehen tantotik egun handietako Jokin ikusiko genuela. Artola eta Imaz, aldiz, normalean baino galtzaileago ibili dira.
Neurketako lehen bi tantoak, esaterako, urdinen trakeskeriak izan dira: Artolari ezker orman gora joan zaion pilota bat eta airez erantzundako erresto arraro bat. Opariari azkar eman dio jarraipena Altunak gantxo eder batekin eta airez jotako orma-biko bikain batekin.
Ander Imaz ere ez da beste batzuetan bezain seguru ibili gaur, hurrengo bi tantoetan ikusi denez: 5-1ekoan pilota argia galdu du eta 6-1ekoan eramateko sakea behera joan zaio. Hor ere, partziala Jokinek borobildu du beste orma-biko ikusgarri batekin.
Konturatzerako 7-1ekoa erakusten zuen markagailuak eta ikuskizunarentzat zoritxarrez ez da inoiz urdinen garaipena arriskuan egon. Ikuskizun falta emozio ezagatik aipatzen dugu, Altunak jarraitu duelako sekulako tantoak egiten: 9-2koa txokoan, 10-4koa atzean, 11-4koa bere hirugarren orma-bikoarekin, 12-4koa txokoan, 14-4koa zabalean...
Guztira 12 tanto izan ditu jokoan eginak amezketarrak, beste bi sakez, eta hori guztia bi pilota bakarrik galduta. Esan ohi da izar handiak partida erabakigarrietan azaltzen direla, eta Altunak beste behin berretsi du multzo horretan dagoela.
Bikote bezala ere gehituz
Julen Martijak ere txapelketa bikaina osatu du. Hilabete dezentean distira gutxirekin ibili ostean, aurtengo Binakakoan bere maila onenera hurbildu da berriz, eta gaurko partidan ere hobetzen joan da neurketak aurrera egin ahala. Ez du pilota bakar bat ere galdu eta tanto bat egin du amaieran, 21-9koa atzera jota.
Azkenean emaitza 22-9koa izan da, uste baino garaipen argiagoa gorrientzat, eta Aspeko bi pilotarien arteko besarkadak argi utzi du sentitu duten poza.
«Oso pozik nago», aitortu du Martijak partida amaieran. «Ez nuen sekula amestuko bi txapel irabaztea, eta orain hirugarrena irabazteko aukera izatea sekulakoa da niretzat. Partida hasieran kosta egin zait pilota gozatzea. Uste dut tentsioaren erruz dela, ez duzula lasai jokatzen, baina gero hobeto sentitu naiz».
Aurten, gainera, finala Nafarroan jokatzeko aukera izango du lehen aldiz. «Beste biak Bilbon jokatu nituen eta badaukat gogoa Nafarroa Arenan jokatzeko. Sekulako giroa egoten da beti, frontoi ederra da, eta gozatu egin nahi dut, une hauek horretarako direlako. Etorriko dira bestelakoak baina orain gozatu egin behar dugu».
Jokin Altuna ere oso pozik agertu da. «Sekulako ilusioa egiten zidan Julenekin jokatzeak, eta finalean sartzea lortu dugu. Elkarrekin beti ematen dugu maila ona eta aurten ere horrela izan da. Hasiera oso zaila izan zen, berehala hasi ginen hil ala biziko partidak jokatzen, eta uste dut azken txanpa honetara iritsita hori lagungarria izan dela», aipatu du amezketarrak.
Iñaki Artolak, azkenik, aitortu du ez diola Eibarko Astelenari neurria hartzen. «Pilotan oraintxe bertan egon litekeen erronkarik zailena da, Altunaren aurka Astelenan jokatzea. Nire ezaugarrientzat ere ez da printzipioz frontoi txarra, baina desberdina da, ez nago ohituta, eta hemen gehixeago entrenatzen hasi beharko dut, gerta litekeelako etorkizunean ere hemen beste partida erabakigarriren bat jokatzea».
FITXA
Pilotakadak: 471. Partidaren iraupena: 57 minutu eta 49 segundo. Markagailua: 4-0, 4-1, 7-1, 7-2, 9-2, 9-4, 14-4, 14-6, 17-6, 17-7, 18-7, 18-8, 20-8, 20-9 eta 22-9. Sakez: 2 Altuna III.ak. Jokoan egindakoak: 12 Altuna III.ak, 1 Martijak, 6 Artolak eta 1 Ander Imazek. Galdutakoak: 2 Altuna III.ak, 3 Artolak eta 4 Ander Imazek. Gertaerak: Eibarko Astelena pilotalekua leporaino beteta. Korrikaren aldeko argazkia atera zuten pilotariek partida hasi aurretik. Lehen sakea, urdin.