NAIZ

Bardeetako Poligonoaren Aurkako Asanblada, kezkatua maniobra militar gehiago eginen dituztelako

Bardeetako Poligonoaren Aurkako Asanbladak paraje honetako instalazio militarrak deuseztatzeko eskatu du berriz. Aste honetan gerra ariketa gehiago eginen dituzte, eta erabat gaitzetsi dute hori asanbladako kideek. Kezkatuta daude inguruko biztanleen segurtasunagatik eta ingurugiroagatik.

Bardeetako Poligonoaren Aurkako Asanbladaren ibilaldia, joan den ekainean.
Bardeetako Poligonoaren Aurkako Asanbladaren ibilaldia, joan den ekainean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Astelehen honetatik ostiralera arte, Bardeetako Parke Naturalean eta Biosferako Erreserban gerra prestatuko dute bertze behin hainbat herrialde europarretako hegazkinek. Hala jakinarazi du Poligonoaren Aurkako Asanbladak ohar batean, eta guztiz gaitzetsi.

«Ezinegona» agertu du gerrak areagotzen ari direlako, eta Ukraina eta Gaza aipatu ditu. Kostu militarrak «izugarriak» direla eta «sufrimendua» besterik ez dutela ekartzen salatu du.

Gainera, Bardeetako tiro poligonoaren inguruan bizi diren pertsonen segurtasuna eta natur parkearen ingurugiroarena berarena arriskuan daudela azpimarratu du.

«Segurtasunaren kezka ez da soilik gure lur komunaletan eginen dituzten ikastaro eta entrenamenduengatik, baizik eta tiro eta bonbardaketa poligonoa izateagatik, gerren prestaleku, orain Europako hainbat herrialderekin eta bertze batzuetan NATOko bertze herrialde batzuekin», esplikatu du asanbladak.

Turismoa debekatua baina militarrak libre

Ingurugiroari dagokionez, gune babestu batean tiro eta bonbardaketa poligono bat egotearen kontraesanaz aparte, data hauetan hegaztiak habiak egiten ari direlako turismoa debekatu egin dutela azaldu dute. Aldiz, abioi militarrei libre uzten diete hegan egiten.

Egoera honetan, Poligonoaren Aurkako Asanbladak Erriberako eta Nafarroako erakundeei dei egin die ingurugiroaren eta herritarren segurtasunaren defentsan lider izateko. Eta berriro exijitu dute tiro poligonoa deusezteko eta Natur Parkea babesteko.