«Etengabe mendekuaren eta erruaren inguruan dabilen eleberria» da ‘Barkamena existituko balitz bezala’ Inazio Mujika Ereineko kidearentzat. Western estiloko eleberria 2016an idatzi zuen Mariana Travacio argentinarrak, eta astelehen goiz honetan aurkeztu dute Fernando Reyk eginiko euskararako itzulpena.
«Lehen momentutik istorioan sartzen da irakurlea», azaldu du. Eleberriaren hasieran emakume baten inguruan galdezka daude pertsonaiak eta krimen bat gertatu berri dela jakinarazten da, «hasiera inpaktantea eta liluragarria» du Mujikaren ustez. «Greziar tragediarekin lotura duen western bat da», azaldu du aurkezpenean Ereineko kideak. Landa giro batean dago kokatuta eleberria, eta Mujikak esan duenez «Euskal Herriko landa giroarekin besarkatzen da».
Giza izaeraren inguruko liburua dela azpimarratu dute, «gorroto trinkotuei eta haiekin loturiko mendekuei buruzko istorio bat». Rey itzultzailea «hausnarrerako egoeran eta isiltasunean» utzi zuen eleberriak, gizakia zertarako gai den hausnartzera bultzatu zuen liburuak kontatu duenez. Travaciok kontatu du marka tenporalik eta leku izen zehatzik propio ez duela jarri, «gizakiaren beraren inguruan aritzea interesatzen zitzaidan».
Hezur-haragizko pertsonaiez gain, «atmosfera» bera ere ia pertsonaia bat dela kontatu dute: «Itogarria, lehorra, beroa… Ipar haizea pertsonaia bat bezala da kasik». Reyren ustez, eleberrian indarkeria oso presente dagoen arren, «sekulako edertasuna» du.
Estilo sotila eta naturala
Travacioren idazteko estiloaren inguruan ere mintzatu da Rey, «erritmo eta soiltasun poetikoa dira nagusi», azaldu du, eta zehaztu du «kontatu beharrekoa bakarrik» kontatzen duela, irakurleari asko uzten diola irudikatzeko. «Pertsonaiak ez daude oso deskribatuta, baina bai pertsonaien psikologia, aldartea eta atmosfera», gaineratu du; eta idazleak darabilen soiltasuna eta naturaltasuna txalotu ditu: «Naturaltasuna da nabari, narratzaileak pertsonaiek bezala hitz egiten du».
Idazle argentinarrak aurkezpenean parte hartzeko aukera izan du bideo-dei bidez. Batez ere eskertuta agertu da eleberria euskaratu delako: «Maiteminduta nago liburuarekin». Adierazi du oso pozgarria zaiola bere eleberriak beste hizkuntzetara bidaiatzea: «Testu batek bide berri bat hasten duenean, botila batean sartu eta itsasora botatzea bezalakoa da, ez dakizu inoiz norabait iritsiko den, baina kasu honetan, bidaia ederra ari da izaten».
Idazketa prozesua nolakoa izan zen galdetuta, argi erantzun du argentinarrak: iluntze batean ikusi zituen tunika zuriekin herritar batzuk kantari, tenplu pagano baten inguruan; gau horretan bertan idatzi zuen lehen atala. Ondoren, ia bi urtez utzi zuen bere horretan, eta pixkanaka joan zen idazten, «idazkera neketsua» izan zela aitortu du, ahotsa aurkitzea kosta zitzaiolako, «ahozgora errezitatzen nuen idatzitakoa ahots hori aurkitzeko».
«Mezuen garraioa»
Travacio itzultzailea ere bada, eta interes horretatik galdetu dio Reyri nolakoa izan den bere prozesua. Asko disfrutatu omen du eleberri hau itzultzen, baina erronka batzuekin ere egin omen du topo: «Tonua eta giroa ekartzen saiatu naiz, ‘argentinismo’ batzuk euskarara nola ekarri asmatzea kostatu zait, baina Marianak lagundu dit horretan, objektuak nolakoak ziren azaltzeko argazkiak ere bidali dizkit».
Reyk onartu du sintaxia asko aldatzen dela gazteleratik euskarara, baina ohituta dagoela «etengabeko itzulpen» horretara, bere egunerokoan askotan egiten duelako hizkuntza batetik bestera itzuli beharrarekin topo. «Sintaxi ezberdina izateak behartzen gaitu oinarrizko esaldia hartu, zure egin eta zuk esango zenuken bezala idaztera, pixka bat aldenduz; mezuen garraioa da gurea, erritmoena, musikalitatearena, ez hitzez hitzekoa».