NAIZ

Puntueusek eta IWFk indarrak batu dituzte interneteko haurren kontrako sexu-abusuaren aurka

2023an Internet Watch Foundationek haurren kontrako sexu-abusudun 275.655 webgune identifikatu zituen, aurreko urtean baino %8 gehiago. Horri aurre egiteko, erakunde honekin lankidetza abiatu du Puntueusek materiala antzeman, eten, ezabatu eta prebenitu ahal izateko.

Interneten haurren kontrako sexu-abusuaren aurkako hitzarmena sinatu dute IWF eta Puntueusek.
Interneten haurren kontrako sexu-abusuaren aurkako hitzarmena sinatu dute IWF eta Puntueusek. (PEXELS)

Puntueusek, .eus domeinuaren erakunde arduradunak, Interneten haurren sexu-abusua prebenitzeko diseinatutako teknologia berritzailea ezarri berri duela iragarri du. Haurren kontrako online sexu-abusuen materialaren detekzio eta prebentzioan lan egiten duen Internet Watch Foundation (IWF) erakundearekin sinatutako hitzarmen estrategikoari esker gauzatu da.

Internet Watch Foundation-ek 2023an bildutako datuen arabera, haurren sexu-abusua arazo larria da Interneten, eta hazten ari da mundu mailan. 2023an, IWFek haurren sexu-abusudun 275.655 webgune orri identifikatu zituen, hau da, aurreko urtean baino %8 gehiago (255.570 webgune). Gainera, webgune bakoitzak haurrentzako sexu-abusuen milaka irudi edo bideo izan ditzake.

Egoeraren larritasunaren aurrean eta segurtasunarekiko konprmosioa ardatz hartuta, Puntuesek «beharrezkotzat» jo du «proaktibo izan eta haurren babeserako teknologia .eus domeinuaren ziberbabes eta monitorizazio sisteman integratzea.

Orain arte, .eusen zibersegurtasun sistemak phishing eta malware bezalako mehatxu zibernetikoak identifikatzeko eta prebenitzeko funtzioa bazuen ere, orain, babes iturri berri honi esker, «babes gehigarria eskainiko du haurren sareko sexu-abusua berariaz aztertu eta aurre egiteko».

Internet Watch Foundationekin abiatutako lankidetzari esker, Puntueusek haurren sexu-abusurako materiala antzeman, eten, ezabatu eta prebenitu ahal izango du Interneten.

«Puntueusen konpromiso sendoa dugu haurren aurkako abusuaren eta emakumeen aurkako tratu txarren kontra. Internet Watch Foundationekin abiatutako aliantza honi esker, pertsonak, eta batez ere zaurgarrienak, Interneten edozein esplotazio edo erasotatik babesteko gure gaitasuna areagotu da eta tresna egokienekin lan egiten hasi gara», azaldu du erakundeko zuzendari Josu Waliñok.