NAIZ

Bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak Munduko Landagunearen Konferentziaren itxiera ekitaldian

Munduko Landagunearen Konferentzia Orokorraren itxiera ekitaldian, ehunka nekazari bildu dira eta espainiar Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planas iristerakoan istiluak izan dira Ertzaintzarekin. Bi lagun atxilotu dituzte.

Munduko Landagunearen Konferentzia Orokorraren itxiera ekitaldian, ehunka nekazari bildu dira protestan.
Munduko Landagunearen Konferentzia Orokorraren itxiera ekitaldian, ehunka nekazari bildu dira protestan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Gasteizko Europa Biltzar Jauregiaren ondoan nekazariek egindako protesta batean izandako istiluetan. Izan ere, ostegun honetan, espainiar Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planasek eta Iñigo Urkullu lehendakariak amaiera eman diote Munduko Landagunearen Konferentzia Orokorraren zortzigarren edizioari.

Itxiera ekitaldian, ehunka nekazari bildu dira jauregiaren kanpoaldean, 300 bat traktorerekin. Txilibitu eta zaratekin egin dute protesta, aplikatzen ari diren nekazaritza politikengatik, eta manifestu bat irakurri dute.

Eraikinaren albo batean tentsioa areagotu da espainiar ministroa iritsi denean, eta nekazarien eta Ertzaintzaren arteko istiluak izan dira. Ertzaintzak manifestarien aurka kargatu du, eta gizon bat eta emakume bat atxilotu ditu.

Lakuako Segurtasun saileko iturriek baieztatu dutenez, bi pertsona atxilotu dituzte eraikinaren inguruan ezarritako segurtasun hesia gainditzen saiatu ostean.

Nafarroan, beste bost nekazari, karguekin aske

Iruñean, aldiz, beste bost nekazari atxilotu dituzte ostegun honetan, eta behin-behinean aske geratu dira, karguekin, martxoaren 7an nekazarien eta abeltzainen protestetan Nafarroako Parlamentuaren egoitzari eraso egiten saiatu zirelakoan.

Astearteko zazpi nekazariek eta asteazkeneko seiek bezala, bost pertsona horiek Iruñeko Foruzaingoaren komisarian zitatu dituzte, eta atxilotu egin dituzte. Gero, polizia etxean deklaraziorik ez egitea erabaki dute.

Ondoren, Foruzaingoak guardiako epaitegira eraman ditu, baina han ere ez dute deklaratu nahi izan, eta behin-behineko askatasunean geratu dira, kautelazko neurririk gabe.