Garazi Castaño
Entrevue
Iñaki Ibarluzea
Amurrioko AEK-ko kidea

«Bihotzean iltzatua gelditu zait pasa den Korrikan lehen kilometroko lekukoa eramateko unea»

Lekukoa eramaten edo eskualdeko autoa gidatzen. Edozein lanerako prest dago Iñaki Ibarluzea amurrioarra. Pozik eta harro dago, ez soilik Korrika bere euskualdetik igaro delako ostiral honetan. Aiaraldeko euskalgintza, proiektu garrantzitsuak eskuartean, urtetako lanaren uzta jasotzen ari dela dio.

Iñaki Ibarluzea, irribarrea aurpegitik kendu ezinean, Korrika gidatzen
Iñaki Ibarluzea, irribarrea aurpegitik kendu ezinean, Korrika gidatzen (NAIZ)

Iñaki Ibarluzea Amurrioko AEK-ko kidea eta ‘saltsero bat’ da. Hala baieztatu digute harekin batera Korrikaren buruan doan furgoneta txikian doazen eskualdeko kideek. Ibilgailu hori ekimena zeharkatzen ari den eskualdeko jendeak gidatzen du, ingurua hoberen ezagutzen dutenak baitira. Urduña pasa ostean, lasterketa aurreratu eta Iñakirekin batera egin dugu bidaiaren zatitxo bat.

Zer moduz Aiaraldetik bidea zabaltzen?

Oso gustura, hunkituta hainbeste jende ikusita, hainbeste ezagun. Eta noski, hainbeste jende ikustea Korrikaren alde eta euskararen alde egiten ikusgarria da.

Zein da zuen funtzioa eskualdeko autoan?

Amurriok Artziniega, Aiara, Urduña eta Amurrio arteko ibilbidea antolatzeko ardura dugu. Eta gero Laudiokoei emango diegu lekukoa. Beraz gure egitekoa ibilbidea markatzea da, Korrikako furgoneta lasai joan eta ibilbidea argi izateko.

Etxeko lanak egin behar izan dituzu edo ondo ezagutzen dituzu hemengo errepideak?

Hainbestetan pasa denez eta hurbileko lekuak direnez, aparteko lanik ez dago. 23. Korrika da eta guztietan aritu gara langintza berean. Hala ere, beti ibili behar gara erne despisteren bat egon daitekeelako edo leku arriskutsuren bat. Artziniega inguruan, esaterako, kaleetan barna ibiltzeak badu berea; baina tira, dena kontrolpean dago.

Hogeita hiru direla esan duzu, baina zuk hogeita bigarrenean ez zenuen autoa hartu, lekukoa baizik.

Bai, hala da. Izugarria izan zen. Ez dago hitzik nik eta nire lankideek sentitu genuena adierazteko. Zaila da topatzea benetan hainbeste jende inguruan biltzen duen Korrika bezalako kontu erraldoirik. Eta guk ohore hori izan genuen: lehen kilometroan lekukoa eramatea. Betiko iltzatuta, bihotzean garbatuta geldituko den zerbait izan zen. Zoragarria, izugarria, eta nahi dituzun -garri guztiak jarri ditzakezu testuan.

Aiaraldea eta Amurrioko euskalgintzari egindako aitortza horrekin zer sentitzen duzu zuk, hainbeste urtetan zehar eskualdean euskaraz bizitzeko lanean ibili ostean?

Beste bat gehiago naizela. Jende asko aritu da nirekin batera, nik bezain beste edo gehiago egiten. Talde erraldoi horren parte sentitzen naiz. Ni ez naiz beste inor baino gehiago ez gutxiago. Baina ezin ahaztu sentsazio hori: ni gainditzen nauen beste ‘mobida’ erraldoi horren parte izatea oso zoragarria da. Azken batean nire ekarpena egin dut ahal izan dudan moduan eta nik bezala beste askok eta askok gauza bera egin dute.

Eta zein da une honetan euskalgintzaren egoera Aiaraldean?

Egia esan proiektu garrantzitsuak abiatu ditugu eskualdean: Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua, Ekintzen Faktoria Laudion... Motore izan dira eta nabaritu da eragina. Proiektuak martxan jarri direnetik beste egoera batean kokatu gara eta egia esan aurrerapauso izugarriak izan dira. Aspalditik dator ahalegin hori, milaka pertsonak egindako ahalegina da, euskategietatik eta baita AEKtik ere. Edota eskola eta ikastolek... Denek egin dute haien ekarpena. Baina egia esan une politean gaudela esango nuke, hain justu, aipatu ditudan egitasmo horiek martxan jarri izanagatik.