NAIZ

Korrikako furgoneta, altxor bat lau gurpilen gainean

Korrikalariak eta lekukoa ez ezik, furgonetak ere beharrezkoak dira Korrikak aurre egin ahal izateko, hamar eguneko 24 orduetan lehen martxa gutxitan gaindituko dute, eta ttur-ttur baina aurrera beti, 2.700 kilometroei tiraka.

Korrikako furgoneta, ezinbetsekoetako bat.
Korrikako furgoneta, ezinbetsekoetako bat. (Endika Portillo | FOKU)

Lekukoaren aurretik joaten den furgoneta Korrikako ezinbesteetako bat da. Hamaika sekretu ezkutatzen ditu furgonetak ere, urtez urte Korrikan gehien eboluzionatu duen zatia da. Amagoia Mujikak ezagutu zituen 2015ean furgoneta horren tripak, «korrikologo» baten eskutik, Mikel Urkiaren eskutik hain zuzen ere.

Hasierako furgonetak oso baxuak ziren, eta barruan ez zuten deus. Lurrean eserita edo etzanda joaten ziren antolatzaileak eta kazetariak, altzaririk ez zutelako. Irudikatzen al duzue Korrika musikarik eta megafoniako animorik gabe? Lehenengo urteetan ez zegoen bada megafoniarik, bozina eta sirena hotsek abisatzen zuten korrika bazetorrela.

«Sorgailu elektriko bat behar genuela pentsatu genuen. Nik banuen bat baserrian eta huraxe ekarri nuen. Furgonetaren barruan jarri genuen. Pentsa, ke guztia tragatzen genuen barruan geundenak. Hasieran, gainera, ateak jarrita eramaten genituen. Lehen aldiz Korrika bederatzian kendu genituen ateak, eta askoz hobeto. Korrika zortzian megafonia hobetu genuen, baina ez genuen apenas musikarik eraman. Bi kasete bakarrik genituen, ‘Les Mecaniciens’ eta Korrikaren abestia, ‘Aide Korrika’. Beraz, bi abestitik bat Korrikako abestia zen, kalkulatu. Eta, hala ere, gehien gustatzen zaidanetako abestia da hori, Tapia eta Leturiarena», kontatzen du Urkiak.

Bi kasete bakarrik genituen, ‘Les Mecaniciens’ eta Korrikaren abestia, ‘Aide Korrika’. Beraz, bi abestitik bat Korrikako abestia zen.

Beranduago sorgailu bat beharrean bi jarri zituzten, tarteka atseden har zezaten. Izan ere, su hartzeko arriskua zegoen, eta moldaketa hori baliatu zuten kea kanpora botatzeko sistema jartzeko. Bozgorailuak ere hasieran zintzilik eramaten zituzten, eta urte batzuen buruan igo zituzten gora.

Hobekuntza nabariak

2013an GPSa jarri zioten furgonetari. Web orrialdearen bidez edonork une oro jakin zezaken non zegoen Korrika, izan zuen arazorik ordea. Izan ere, bi fugonetak, aurretik doana eta atzetik doana, txandatu egiten ziren eta GPSa aldatzea ahazten zitzaien. Gasolindegira joateko kilometro batzuk aldentzen ginenez, webgunetik jarraitzen ari zirenak erotu egiten ziren ibilbidetik kanpo zegoela ikusita.

Orain, aurreko furgoneta ez da aldatzen, eta horrek darama GPSa. Martxan daudela botatzen diote erregaia, bidoietan gasoleoa beteta. Baina badira salbuespen txiki batzuk. Esaterako, tunel oso baxuak direnean eta ez denean kabitzen. «Horrelakoetan beste furgoneta prest egoten da tunelaren beste aldean eta une txiki batez aldaketa egiten da. Baina ahal bezain pronto bueltatzen da furgoneta nagusia Korrikaren burura». Beste salbuespena zenbait herri txiki dira, kale oso estuak dituztenak. «Horietan furgoneta ez da kabitzen eta kanpoan geratu behar du ezinbestean». Eta itsasoak edo ibaiak ere hor daude. Korrika batzuetan txalupaz pasatzen da alde batetik bestera, eta, horrelakoetan, bistan denez, furgonetak beste bide alternatiboak topatu behar ditu.

Furgonetako gidariek hamalau ordu inguruko txandak egiten dituzte.
Furgonetako gidariek hamalau ordu inguruko txandak egiten dituzte.

Aurreko zein antzeko furgonetak egituraz antzekoak egiten saiatzen dira, batez ere, lehenengoak matxurarik izango balu aldatu eta normaltasunez jarraitu ahal izateko. Aurrekoak bidea irekitzen du, eta bigarrenak enkarguak egiten ditu, jatekoa, gasoleoa edo behar dena. Korrikako furgonetaren berrikuntzetan beste bitxikeri bat, atzeko furgonetak daukan komuna.

Kamarek ere presentzia berezia dute Korrikako furgonetan azken urteetan, izan ere, bertan dago zuzenean gure mugikorretara iristen den bideoaren kamera eta errealizazioa.