Jon Ormazabal

Ekoizpen handiagoetarako prest daudela erakutsi dute Agirrek eta Iztuetak

Arrotxapeakoak eta tolosar gazteak ez diete inolako aukerarik eman orain arteko txapeldunei eta 22-6 gailenduta jantzi dituzte B-serieko Binakako txapelak.

Agirre eta Iztueta pozarren, lortutako txapelak buruan dituztela.
Agirre eta Iztueta pozarren, lortutako txapelak buruan dituztela. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ameriketako Estatu Batuetako Depresio Handiaren ostean sortutako zine motari deitu zitzaion B seriekoa. Hitz gutxitan esanda, aisialdia sartu zen krisiari aurre egiteko, zinemaren industriak aurrekontu baxuarekin, baina irudimen edo sormen handiarekin ekoiztutako filma sortak ziren B Seriekoak eta, trebetasun handiago edo txikiagoarekin, izen hori eman diete pilota enpresek orain arte bigarren mailako edo promozioko txapelketak zirenei. Alderaketa horri eutsiz, Asier Agirrek eta Martxel Iztuetak ekoizpen handiagoetarako prest daudela esan genezake, finalean maila honetan orain arteko txapeldunak ziren Larrazabal eta Eskirozen gainetik pasa ostean (22-6).

Baikoko zuzendariek horrela erabakita, Iker Larrazabal izango da hurrengo ostiralean, Bastidan, Buruz Burukoan egoteko Jon Ander Peñaren aurka aurre-kanporaketa bat jokatuko duen aurrelaria, baina gaurko partidako izarra, zalantzarik gabe, Asier Agirre izan da. Arrotxapeakoak gaitzeko erakustaldia eman du giro beroa izan duen Labriten eta maila honetako bere hirugarren txapela jantzi du, azkena lortu eta lau urtera –gaur arerio izan duen Eskirozekin lortua–. Defentsan baita, baina erasoan ikusgarri aritu da aurrelari nafarra, egoera behartuetatik ere gantxoarekin sekulako mina eginaz ezinean aritu den amurrioarrari.

Atzean ere, Iosu Eskiroz izan da azken asteetan lehen mailako txapelketan ordezkapenak egiterako deitu duten atzelaria eta Ezkabartekoak maila bikaina eman du egungo atzelari onenen artean. Bermea eta sendotasuna izan ohi dira bere ezaugarririk nabarmenenak, baina gaurkoan ezin izan du 20 urterekin, bere lehen finalean, bere ibilbideko lehen txapela jantzi duen Martxel Iztuetarekin. Porfesionaletan hasi besterik ez da egin tolosarra, baina eskuek errespetatzen badute ibilbide oparoa izateko gaia duela erakutsi du gipuzkoar gazteak.

Eta hori, gaurko filmaren gidoilariek beste era bateko finala aurreikusten zutela, faboritoak 0-3 aurreratu direnean, Iztueta berari gora joan zaion pilota batekin, Eskirozek errebotean jarri duen beste batekin eta Larrazabalen tanto on batekin. Tolosarrak ohikoak baino pilota biziagoekin arazoak izan zitzakeela ematen zuen, Eskirozek fresko zirudien eta partidak maldan gora zirudien gaur gorriz aritu direnentzat.

Biratze puntu bakarreko gidoia

Hortxe eman da Asier Agirre protagonista nagusi izan duen gidoiaren eguneko biratze bakarra. Arrotxapeakoak jokoan sartu eta arriskatu behar zuela ulertu eta zorroztasun osoz bete du bere papera, urrutitik ere gantxo ikusgarriak sartuta jokoa nahastuz. Denera 12 tanto amaitu ditu Asier Agirrek, horietako zazpi airez eta partida osoan huts bakarra egin du, partida erabat hautsia zela, 18-6koan aukera aukerako pilota batean sekulako kalea eginda. Finalaren garapenean anekdota hutsa izan den akatsa, ordurako Martxel Iztuetak ere neurria hartua baitzion bere lehen finalari eta denborarik gehienean oso deseroso aritu den Iosu Eskiroz baino askoz gehiago zen eta kantxan.

Askorentzat faborito garbiak izanagatik, Larrazabal eta Eskirozek ez dute markagailuan atzetik jokatzen jakin, taktikoki ere ez dute erantzunik topatu aurkarien nagusitasunaren aurrean eta txapeldun berriak zoriontzea beste erremediorik ez zaie geratu, aukera berriak prestatzen hasi aurretik.

FITXA TEKNIKOA:

Agirre-Iztueta: 22

Larrazabal-Eskiroz: 6

Pilotakadak: 367. Iraupena: 46,29 minutu. Markagailua: 0-3, 8-3, 8-4, 14-4, 14-5, 18-5, 18-6, 22-6.  Sakeak: 3 Agirrek eta 0 Larrazabalek. Egindakoak: 12 Agirrek, 0 Iztuetak, 4 Larrazabalek eta 1 Eskirozek. Galdutakoak: 1 Agirrek, 1 Iztuetak, 4 Larrazabalek eta 3 Eskirozek. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Iruñeko Labrit pilotalekuan.