«Errespetua aldarrikatzen dugu. Hau da funtsean beti aldarrikatu duguna», adierazi du Arnaldo Otegik astearte goiz honetan, EH Bilduk eta EH Baik igandean ospatuko den Aberri Egunaren harira egindako agerraldian. Alboan izan du Aitor Servier.
EH Baiko kideak Uztaritzen Ipar Euskal Herriko mugimenduaren «anbizioaren berri» eta «estatus politiko berri baten aldeko indarra» erakustea dutela jomuga adierazi du. Iruñean, aldiz, euskal errepublika eta «nazioa garela» defendatuko dute ezker independetistek. «Bi tokitan argi eta garbi erakutsiko dugu gero eta gehiago garela Euskal Herriaren luze zabalean», adierazi du Servierrek.
Testuinguru «berezian» dator aurtengo zita. Izan ere, Korrika igaro eta egun gutxira ospatuko da-eta Aberri Eguna. «Korrikak erakutsi du herri gogoa eta euskararen aldeko hauspoa bizi-bizi dagoela. Erakutsi du auzolanean gauza handiak egin ditzakegula. Euskarak egiten gaituela herri eta horrek batzen gaituela», gehitu du EH Baiko kideak.
Zentzu horretan «euskal herritar orok» euskara ezagutu eta erabiltzeko eskubidea izan beharko lukeela defendatu du. Bide beretik, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren aurrean «euskalduntzearekin dugun konpromisoa» nabarmendu du Servierrek.
Era berean, krisi testuingurua ere izan du hizpide. «Gure herriak aurre egin behar dio krisi sozial, ekologiko eta ekonomiko bati, gerrei. Eta ezker independentistok azpimarratu nahi dugu alternatiba badagoela eta itxaropena mantendu behar dela». Honela, «autoritarismoa eta demokraziaren arteko lehia» horretan «herri bulkada berri baten beharra» nabarmendu du.
Horretarako «Euskal Herriaren gaitasunak» antolatzeko deia egin du. «Burujabetza behar dugu gure herriaren antiolaketa politiko kultural, ekonomiko eta sozialean maila gorena lortzeko». Horregatik, burujabetza aldarrikapena izango da bi zitetako oinarria.
Ziklo politiko berri bat
Servierrek, euskaraz egin ostean, agerraldiaren bigarren zatia frantsesez egin du. Eta Otegik hau aprobetxatu du gogora ekartzeko Euskal Herrian hiru hizkuntza hitz egiten direla nagusiki. «Ongi dago frantsesa entzutea Gipuzkoan, gogoratzeko Euskal Herrian gutxienez historikoki hiru hizkuntza entzuten direla. Euskal Herria bakarrik zati batetik begiratzen denean, begi bakar eta oker ikusten da. Euskal Herria bere luze zabalean ulertu eta aitortu behar da», adierazi du.
EH Bilduko koordinatzaileak «ziklo politiko berri bat» irekitzen ari dela baieztatu du. «Zatiketa administratibo guztien gainetik, hainbat sektore, herritar eta militante badaude Euskal Herri osoa xede dutenak», azpimarratu du Otegik. Horregatik, Aberri Eguna «garrantzitsua» dela helarazi du.
«Errespetua aldarrikatzen dugu. Hau da funtsean beti aldarrikatu duguna», baieztatu du Otegik. «Euskal Herria nazio bat dela, errespetatua izan behar duela. Gure aberria ez da baztertzailea. Emakumea, gaztea, langilea, internazionalista eta ezkerrekoa da gure aberria. Gonbidapen bat egin nahi diogu jendeari, pozez esateko badela herri harro bat, herri harri bat eta bere etorkizuna erreibindikatzeko eskubidea duena eta erabakitzeko eskubidea egunen batean gauzatuko duela».