NAIZ

Jagoba Arrasatek bere agurra iragarri osteko lehen garaipen gozoa (0-3)

Osasunak garaipen gozoa eskuratu du Almerian. Lehen minutuan aurreratu dira gorritxoak, Arnaizen gol bati esker eta 8. minutuan, beste kolpe baten eman dute, Budimirren bitartez. Kroaziarrak Bellingham harrapatu du golegile nagusien sailkapenean. Iker Muñozek 0-3ekoa egin du bigarren zatian.

Budimir, 0-2koa eta bere 16. gola ospatzen bere taldekideekin.
Budimir, 0-2koa eta bere 16. gola ospatzen bere taldekideekin. (AGENCIA LOF)

Aste hunkigarria bizi izan dute gorritxoek baina, era berean, beste garaipen batek gozatu ere egin du. Jagoba Arrasate entrenatzaileak zioen «lasaitua» hartu zuela behin bere agurra iragarrita, baina seguraski, are askeago sentitzen dela bere taldeak, gorabeherak gorabehera, lehiakortasuna galdu ez duela jabetu denean. Almeriaren aurkako partida tranpa bat izan zitekeen –azken sailkatua da eta garaipen bakarra eskuratu du, aurreko jardunaldian, Pepe Mel aulkian jarri berritan– eta beraz, tentuz hartu beharrekoa zen gorritxoentzat. Girona eta Real Madril bezalako taldeen aurka porrota jaso ostean, ezinbestekoa zitzaien garaipenaren bidera itzultzea. Izan liteke Arrasateren agurra pizgarri ere izatea, Osasunan eman dituen sei urte zoragarri hauen trukean.

Kontua da Osasuna Almeriaren gainetik pasatu dela gaurkoan, 0-3ko markagailuarekin garaipen gozoa eskuratuta, helburu nagusien borrokan burua galdu ez dutenaren erakusle. Izan ere, Budimirrek ongi esan bezala, txapelketa asko jokatu dituzte sasoi honetan eta orain, «liga soilik geratzen zaigu eta egoera oso onean gaude; garaipen honek sekulako hauspoa eman digu» berriro ere Europara itzultzeko lehiarako. 

Mezu argigarria

«Arrasate saiatu da helarazten azken txanpa hau, iaz, Kopa galdu ostekoaren antzekoa dela, oraindik ere erronka polita daukadula aurretik, alegia», esan du Zenicako beltxargak, Osasunaren ikurra sasoi honetan. 16. gola egin du, golegile nagusien sailkapenean, lehen postuan, Jude Bellinghamekin berdintzeraino. Sasoiko dago, une gozoan eta gaur, Almerian, berak eginiko 0-2koa oso adierazgarria izan da. Batetik, erakutsi duelako Osasuna oso entxufatuta atera zela, Jagoba Arrasateri ongi gustatzen zaion bezala eta, era berean, Almeriaren gainbehera ere marraztu duelako.

Duela bi aste jarri zela Pepe Mel azken sailkatua den taldearen aulkian eta Las Palmasen garaipena eskuratu bazuen ere, gaur, zorigaiztoko eguna izan du, lehendabiziko minututik. Jose Arnaizek 0-1ekoa egin du 2. minuturako, etxeko taldearen hutsune eta gabeziak argitara aterata. Ruben Garciak urrats bat atzera eman, barruan Moncayola bilatu eta bitartean, Aresok hartu du eskuin hegal osoa. Atzera pasea egin eta Arnaizek, area ertetzetik, jaurtiketa ederra bota du sareetara. Talaverakoa Aimar Orozen partez sartu da hamaikakoan eta oso aktibo ibili da. Oso funtsezkoak izan diren moduan Moncayola –Budimirren golean berak estutu ditu atzelari zein atezaina, ondoren kroaziarrari gola oparitzeko– eta Iker Muñoz, zigortuta zegoen Lucas Torroren lekua hartuta eta 61. minutuan 0-3eko gola eginda, denboraldiko bere laugarrena. Bi hauen jarduteko moduan ere igartzen da Arrasateren zigilua, hein handi batean bere eskutik debutatu baitute.

Esateko asko

Budimirren goletik (9. minutuan), Iker Muñozek 0-3koa jarri zuen artean, Almeria saiatu da Osasuna kikiltzen, batez ere Ramazaniren abiadurarekin. Saiakera guztiak bere horretan geratu dira, Almeriaren gabeziak hain dira handiak, apenas sufritu duela Osasunak. Herrerak parte hartu behar izan duen aukera bakarra ere bere luzimendurako izan da. Erraz nagusitu dira gorritxoak eta adi, oraindik Jagoba Arrasateren Osasunak asko baitauka esateko.