NAIZ

Jokalari bat gutxiagorekin, ez da txarra Amorebietaren berdinketa Alcorconen zelaian (1-1)

Jandroren taldeak ezin izan dio azken bi partidetako garaipen boladari eutsi, baina behintzat Bigarren Maila mantentzea distantzia berean mantendu du. Eneko Jauregiren gola baliatu dute bizkaitarrek eta Bustinzaren txartel gorria nozitu arren, nolabait puntua urratu dute arerio zuzen baten etxean.

Bustinza egotzi eta gero sufritu arren, behintzat puntua atera du ‘Amorek’.
Bustinza egotzi eta gero sufritu arren, behintzat puntua atera du ‘Amorek’. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

ALCORCON 1 - AMOREBIETA 1

Irabazi ezin bada, ez galtzea ere ez da gutxi. Atzetik aurrerako lanean zetorren Amorebieta Bigarren mailako azken bi jardunaldietan garaipena eskuratu ostean. Igande honetan Alcorcon arerio zuzenaren zelaian puntu bat urratu du eta bada zeozer, azken ordu erdi luzea jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan dutelako Jandroren gizonek, Unai Bustinza epaileak bi txartel hori atera ostean egotzi baitu. Alabaina, banako berdinketa lotu dute eta ondorioz, 31 puntu pilatu ditu, Albacetek baino bi gutxiago eta igande honetako arerioa izan den Alcorconek berak baino hiru gutxiago soilik. Eta oraindik bederatzi jardunaldi falta dira Fase Erregularra amaitzeko.

Ez da gutxi puntua urratu izana, hasi eta hirugarren minuturako galtzen jarri baita ‘Amore’. Jacobo Lopez Alcorcon taldeko jokalariak falta zuzena Magunagoitiaren eskuadran jarri du. Aurrez giro freskoa izan badute Alcorcon aldean, bapo izoztuta geratu dira Jandrorenak gol hau jaso eta gero.

Zorionez, berandu baino lehen berdindu dute. Iago Lopez etxekoen atzelariak kale nabarmen bat egin du eta huts horren ondorioz Eneko Jauregik Erik Moranen erdiratzea baliatu du buruz banakoa sartzeko. Ordu laurden baino askoz gehiago ez eta bi gol ordurako! aurrez, korner baten aldaratzea jasota Mierrek aukera on bat izan du.

Behin partidako gol biak sartuta, jokoa asko parekatu da. Talde biak sailkapen nagusiko atzeko aldean daude eta hanka-sartzeren baten erruz galtzeko beldurra ulergarria da. Tamalez, Unai Bustinza izan da neurketaren oreka hautsi duena, epaileak bigarren erdiko ordu laurdena bete delarik bigarren txartel horia atera dionean. Hala, Amorebietak jokalari bat gutxiagorekin ekin behar izan dio partidaren azken ordu erdi luzeari. Esan gabe doa Jandrok hainbat aldaketa egin behar izan dituela, Bustinza erdiko atzelaria izanik bizkaitarrek beren kokapen estrategikoa goitik behera aldatu behar izan baitute.

Handik aurrera eustea egokitu zaio talde bizkaitarrari eta Alcorconen erasoa etengabea izan da. Etxekoen Artola jokalariak izan du neurketako aukerarik garbiena, baian Magunagoitiak behar bezala erantzun dio honen burukadari. Besterik ezean, puntua zakura eta borrokan jarraitzea dagokio Amorebietari mailari eutsiko badio.

FITXA TEKNIKOA

ALCORCON: Jesus Ruiz; Iago Lopez (Artola, 87.m), Rivas, Chema (Castro, 46.m), Morillas; Victor Garcia, Javi Perez, Mosquera (Juanma, 81.m), Addai (Fede Vico, 61.m); Jacobo eta Chiki (Obieta, 61m).

AMOREBIETA: Magunagoitia; Bustinza, Etxeita, Josep Gaya; Alvaro Nuñez, Erik Moran (Yriarte, 68.m), Sibo, Jorge Mier; Dorrio (Carbonell, 86.m), Morcillo (Edwards, 77.m); eta Jauregi (Unzueta, 86.m).

Golak: 1-0, 3.m: Jacobo; 1-1, 17.m: Jauregi.

Epailea: Miguel Sesma Espinosa (Errioxako Komitea). Etxekoen artetik Rivas (6.m) eta Jacobori (80.m) txartel horia atera die; bizkaitarren artean, berriz, txartel hori bikoitza aterata (4. eta 60. minutuetan) Bustinza egotzi du eta txartel horia atera die a Gaya (27.m) Jandro, Amorebieta taldeko entrenatzaileari (53.m).

Gorabebeherak: Hypermotion Ligaren 33. jardunaldiari dagokion partida, Santo Domingo de Alcorcon estadioan 2.709 zaleren aurrean jokatu dena.