Aberri Egunaren egitarauari hasiera emanez, Uztaritzeko Lapurdi gelan antolaturiko mintzaldian aurkeztu du Bagirak ‘Herri Bidea’, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzalearen bide-orria.
Dokumentu hori plazaratzeko orduan, lehenengo oharra egin du 2022ko abenduaren 14an Bidarrain bere ibilbideari ekin zion dinamikak. Hala, aurreratu du agiri hori ez dela «ez jendarte proiektua, ez programa politikoa, ez mugimendu abertzalearen aldarrikapen dekalogoa ere», bide-orri hori «mugimendu gisa ondoko hamarkadetan aitzinatzen segitzeko aukera ematen duen iparrorratza» dela argituz.
‘Herri Bidea’ agiriak lau atal nagusi ditu. Hala, Ipar Euskal Herriak bizi duen abagune politikoaren eta mugimendu abertzalearen azterketa batetik abiatzen da, ondoren XXI. mendeko abertzaletasunaren oinarrien eguneraketa prozesua jorratzeko.
Aurrerago, «ondoko hamarkadako erronka nagusiak» eta «partekaturiko helburuak» deskribatzen ditu, finean, azken urteotan garapen azkarra izan duen mugimenduaren antolaketa hobetzeko hainbat proposamena luzatuz.
Erronka global eta tokikoak
Dagoeneko pertsonen bizitzak ez direla «lanaren eta zutabe egonkor batzuen gainean eraikiak» iradoki du Bagirak, egoera globaletik tokiko erronketara jauzi egiten duen gogoetaren barnean.
«Nortasunak mugikorrak» diren munduan, indibidualismoak izan duen bultzadak zer pentsa ematen dio. Horren aurrean, «herritarrei kontrol demokratikoa itzuliko liekeen jendarte eredu aurrerakoia» irudikatu du Bagirak.
Egonkortasun faltak sortzen duen egoera gatazkatsu horretan burujabetza politikoak baleko erantzunak ekartzen dituelakoan, arreta berezia eskaini dio ‘Herri Bidea’-k Ipar Euskal Herriko erakundetze prozesuari.
2017an, Euskal Elkargoaren sorrerak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako biztanleen artean «lurralde komun bateko kide izatearen sentimendua indartzea ahalbidetu zuela» aitortu du Bagirak.
Izan ere, erakundeari buruzko pertzepzio baikorra izanik ere, eskumen urriak dituenez, «haren mugen kontzientzia ere» hedatuz joan dela baieztatu du.
Erakunde bilakaera
Mugimendu abertzaleak aldarrikatu du «Euskal Hirigune Elkargoa baino burujabetza maila handiagoko instituzio bat lortzeko dinamika berri bat bultzatzea» duela helburu. Adostasun zabalena biltzen duen aukera izanik, Euskal Hirigune Elkargotik Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitate batera igarotzeko proposamena sustatuko du Bagirak.
Gainera, Ipar Euskal Herriak autonomia estatutu bat ukan dezan lan eginen du mugimenduak, betiere «Euskal Herri osorako» urrats instituzionalak bultzatuz.
«Sei hamarkadatako borroka bizien ondotik, mugimendu abertzalea hegemonia kulturala irabazten ari dela» aldarrikatu du, itxaropentsu, Bagirak. Horren adierazle diren EH Bairen hauteskundeetako emaitzak goraipatu ditu. «Gehiengo politiko eta soziala izatetik urrun dela» onartuta ere, «mugimendu abertzalea lurraldeko indar motorra bilakatu dela» ondorioztatu du.
Edonola ere, ondoko hamarkadatan izanen duen «eginkizun historikoari» so eginez, «mugimendu abertzaleak eskalaz aldatu behar duela» defendatu du Bagirak.
Abertzaletasunaren oinarri historikoak aintzat harturik, «ortzi-muga herriari boterea itzultzea dela» idatzita utzi du Bagirak bere bide-orrian.
Ildo beretik, Euskal Herriak «burujabetza politiko mailarik altuena» bereganatu dezan, «tresna instituzionalak eskaintzea» ezinbestekoa dela nabarmendu du.
«Nazio-estatuaren ereduak mugak erakusten baditu ere, munduko ordenaren egungo egoeran, herrien burujabetza politiko maila altuena oraindik ere estatu independente baten bitartez lortzen dela» oroitarazi du Uztaritzen aurkezturiko agirian.
Abertzaletasuna «errotik errepublikanoa dela» adierazi ondoren, «bai antolatzeko era gisa, baita bere helburuetara iristeko bitarteko gisa ere», demokraziari dion atxikimendua jaso du bide-orriak.
Horrela, «ariketa demokratikoa eta herri galdeketa» tresna gisara defendatu ditu.
Oinarri ideologiko garaikideak definitzeko orduan, ekosozialismoaren eta feminismoaren proposamenen alde egiten du, aldi oro azpimarratuz «mugimendu abertzalearen helburua ez dela dagoena kudeatzea, hori eraldatzea baizik».
Hamarkadako erronka
Datozen hamar urteetako erronka nagusiak aletu ditu Bagirak plazaratutako bide-orrian. Horietako batzuk soilik aipatzearren, euskarari dagokionez, adierazi du «ondoko 25 urteetan biztanleriaren %30 euskal hiztun oso bilakatzea dela» helburua, betiere ofizialtasuna helburu nagusitzat hartuz.
Bestalde, etxebizitzaren alorrean, fiskalitatea eta hiri plangintzaren eskutik politika eraginkorrak aldarrikatu dituen txostenak proposatu du «Ipar Euskal Herria esperimentazio-lurralde gisa izendatu eta dispositibo berritzaileak bertan plantan ematea».
Berdin klima bioaniztasuna, uraren kudeaketa, matamorfosi sozioekologikoa, laborantza herrikoia, mugikortasun eredua edo burujabetza energetikoari buruz norabideak eskaintzen ditu, zehazki, bere web orrialdearen bidez Bagirak zabaldu duen dokumentoan.
Bi Aberri Egun arteko gogoeta prozesua
Ondorio gisara, 2023ko eta 2024ko Aberri Egunen artean garaturiko gogoeta zabalak «sustraitze komun bat eta hurrengo hamarkadarako perspektiba partekatuak» finkatzea ahalbidetu duela uste du Bagirak.
Era berean, «etapa instituzional berri bat lortzeko eta mugimendu gisa eraman beharreko helburuak finkatzeko» orduan tresna berriak eman dizkiola mugimendu abertzaleari defendatu du Bagirak aipaturiko agirian.
Horiek guztiak aintzat harturik, «Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak anbizio partekatua duela lurraldearen gerorako eta ofentsiba berri bat pizteko prest dela» iragarri du Uztaritzen ospaturiko Aberri Egunarekin bere eginkizuna betetzat eman duen dinamikak.