Jean-Noel Etxeberri 'Txetx' eta Beatrice Molle-Haranek zazpi urtez gibelatu den auzia dute, gaur hasita, Pariseko XVII. hiri barrutian bere egoitza duen Auzitegi Korrekzionalean. Clicly Atea izeneko Metro geltokitik atera eta aurrean agertzen da 2018 urtez geroztik Auzitegi Korrekzionalaren egoitza den Pariseko justizia jauregia.
Eraikin altua bezain distiragarria da. Fatxada kristalezkoa izanik, gaur eguerdian laino artean zuhurki azaltzen zen eguzkiak eskaini duen neurtutako argitasuna irentsi eta indar handiagorekin bueltatzen zuen eraikin handiak.
Auzi anakronikoa eta zentzugabea
Ikusgarria, baita ikaragarria ere, suertatu datekeen justizia egoitzaren aurrean hamarnaka pertsona esanguratsu bildu dira, gaur 12:30ean, altzinetik prozesu judizial hori anakronikoa dela agerian jartzeko asmoz. Etxeberrik eta Molle-Haranek, Michel Bergouignan, Michel Berhokoirigoin eta Michel Tubianarentzat izan dituzte gogoan.
Esker oneko hitzak dagoeneko ez diren Michel Bergouignan, Michel Berhokoirigoin eta Michel Tubianarentzat ukan dituzte Etxeberrik eta Molle-Haranek. Baita auzitegira haien sostenguz heldutako ordezkarientzat ere. pic.twitter.com/qVposDq4u8
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) April 2, 2024
Luhusoko armagabetze ekimena gertatu zenetik eta zazpi urte pasatxo antolaturiko auziak «inolako zentzurik ez duela» nabarmendu dute ekimen horren bidez, modu batean edo bestean, eginkizun zehatzak aintzat harturik edo ezinbesteko babes geruza estaliaz, armagabetzerako euskal bidean esku hartzea izan zuten ordezkariek.
Bi auzipetuak inguratuz, bildu diren ordezkarien artean auzian arituko diren lekukoak izan dira. Oroitzearren, sei herritarrek hartuko dute hitza, defentsak horrela eskatuta, aurreikuspenen arabera bi arratsaldez luzatuko den audientzian.
Hauek dira: Mathias Fekl, armagabetze garaian Estatu frantseseko Barne ministro karguan jardundakoa; Eric Morvan, armagabetze garaian Pirinio Atlantikoen Departamenduko prefeta ohia; Jean-Rene Etchegaray, Baionako auzapez zentrista eta Euskal Elkargoko lehendakaria; Kotte Ezenarro, Euskal Elkargoko lehendakari ordea eta Hendaiako auzapez sozialista; alderdi bereko Sylvianne Alaux diputatu ohia eta justizia trantsizionalean aditua eta Baionako Unibertsitatean Zuzenbide irakaslea den Pierre Massias.
Lekukoak soilik ez, auzipetuen alde azaldu dira haien sostenguz Bake Bideak eta Bakegileek plazaraturiko adierazpenaren sinatzaileetako lagin esanguratsua.
Frantziar Gobernuan garai ezberdinetan ardurak izan dituzten ordezkariak ez dira falta, Cecile Duflot Etxebizitza ministro ohia eta egungo Oxfam erakundeko lehendakaria dena, kasu, ezta borroka ekologista, justizia soziala edo bake konpobidea sustatzeko engaiamendua hartu duten mugimendu, elkarte eta sindikatuetako ordezkari ezagunak ere.
Ordezkaritza politiko zabala
Ordezkari politikoen aldetik aniztasuna nabarmentzekoa da. Hala nola Parisen parlamentari den Max Brisson (Errepublikanoak) eta Denisse Sant-pee senatari eta Vincent Bru, biak MoDemeko kideak, bertaratu dira.
Baita Frederique Espagnac eta Iñaki Echaniz legebiltzarkide sozialistak ere.
Ordezkari ekologistak -Jerome Gleizes, zinegotzia frantziar hiriburuan izan da- herrialde ezberdinetako eledunak -Felix Aquaviva diputatu korsikarra eta Paul Molac diputatu bretoia- eta, bistan dena, euskal alderdien ordezkariak batu dira auzi politikoak elkarrizketaren bidez eta ez auzitegietan bideratu behar direla adierazteko auziaren berri ematera heldutako kazetarien aitzinean. Sorj Chalandon idazlea, Jose Bove ekologista eta Paul Molac parlamentari bretoia ere gerturatu dira.
Pernando Barrena Europar Parlamenturako Hauteskundetarako hautagaia buru zuen ordezkaritza zabala bidali du Euskal Herria Bilduk. EH Bairen izenean Xabi Larralde etorri da. EAJ ordezkatuz, berriz, Peio Etxeleku Ipar Euskadiko Buru Batzarreko (IBB) lehendakaria heldu da Parisera.
'Le Monde' egunkarian, apirilaren 1ean, iritzi zutabea argitara eman zuten intelektualen taldea ordezkatua izan da, baita ere, auzitegiaren aurrean buruturiko ekimen horretan.
Honako pertsonalitate hauek auzia zentzugabekeriatzat jotzen duen adierazpenaren sinatzaileak dira: Edgar Morin filosofoa, Henri Leclerc abokatua eta Giza Eskubideen Ligako (LDH) ohorezko lehendakaria, Marie Darrieussecq idazlea, Nazioarteko Moneta Funtsa eta Frantziako Bankuaren buru izan zen Michel Camdessus, Florence Delay idazlea eta aurretiaz ere aipaturiko Oxfam erakundeko zuzendari nagusia den Cecile Duflot.
Bihar, hitzordua, zazpi euskal hiribuetako herriko etxeen aitzinean
Auzitegi Korrekzionala aterpetzen duen eraikinak barreiatzen duen argitasunak auziaren emaitzan eragin baikorra izan dezan galdetzeko apirilaren 2 honetan antolaturiko jende bilkura ez da Etxeberri eta Molle-Haranen aldeko elkartasun ekimen bakarra izanen.
Bihar, apirilaren 3an, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan antolaturiko ekimenek segida emanen diote bi bakegileren aurka deituriko epaiketa Euskal Herrian zabalduriko aro politiko berriarekin ez datorrela bat agerian jarriz biak ala biak errugabetzea galdetzeko deituriko mobilizazioei.