Jon Ormazabal

«Erasanda» ekingo dio Jose Javier Zabaletak Buruz Burukoari azken gertakarien ondotik

Txapelketako berritasun nagusia den Zabalak irekiko du aurtengo txapelketa Urrutikoetxearen aurka Donostian. Laso/Bakaikoa, Artola/Peña eta Zabaleta/Jaka dira final zortzirenetako gainontzeko kanporaketak.

Gaixorik, Jokin Altunak ez du gaurko aurkezpenean egoterik izan.
Gaixorik, Jokin Altunak ez du gaurko aurkezpenean egoterik izan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ilusio iturri behar zuena erabat zapuztuta, halaxe ekingo dio Jose Javier Zabaletak aurtengo Buruz Burukoari, azken orduan enpresak bera sartzeko Peio Etxeberria txapelketatik atera ostean. Gaiari buelta askorik emateko gogorik gabe eta galderarik onartu gabe, etxarrendarrak ondokoa adierazi du: «Azken orduetan gertatutakoarengatik erasanda nago, nire Binakako kidearengatik. Esan nahi dudana zera da, enpresak duela aste batzuk galdetu zidan ea jokatu nahi nuen eta pentsatu ondoren baiezkoa eman nuen. Hortik aurrera Peiorekin Binakakoan zentratuta egon naiz eta horren ostean enpresak jokatzeko aukera eman dit eta nik jokatu egingo dut gainontzeko enpresako pilotariek bezala».

Enpresaren aldetik, Iñaxio Errandoneak ez du erabakiaren esplikazio handirik eman. «Erabakia hartzea oso zaila izan da, denek parte hartu nahi dute, enpresaren erabakia izan da. Egia da Peio sartu genuela baina azken uneko erabakia Zabaletaren aldekoa izan da. Ez dugu astirik izan aurrekanporaketarik egiteko, gure bi pilotariak Binakako finalean zeudelako. Guretzat erabaki gogorra baina horretarako gaude», azaldu du.

«Enpresa barruko kontuak ez dira kontatu ohi. Erabaki zaila da, maila handia dago eta dakizuenez enpresa bakoitzak pilotari kopuru bat du eta aukeratzea tokatzen da. Egiten duguna egiten dugula erabakiak polemika sortuko luke», gaineratu du.

Azken orduko aldaketekin, Busturiako Madariaga dorrean egindako aurkezpenean, Javier Zabala errioxarrarena izango da aurtengo txapelketako aurpegi berria, iazko txapelketan izan ez ziren Zabaleta, Artola eta Bakaikoa –iazko promozio mailako txapelduna– aurretik ere jokatutakoak baitira, izenez behintzat, urteko txapelketarik garrantzitsuenean.

Txapelketaren formatua

Azkenaldian horrenbeste ikusmin sortu duen errioxarrak, gainera, txapelketa irekitzeko ohorea izango du ostiralean Donostian, zozketak hala erabakita Urrutikoetxearen aurka. Elordi eta Ezkurdia, A multzoan, eta Altuna eta Dario, B multzoan, dira multzo buruak eta ez dute final zortzirenetako kanporaketa jokatuko.

Iazko lehiaketa sistema errepikatuta, –final laurdenetako ligaxkarekin, baina pilotari bakoitzak ez du asteburuero jokatu beharrik izango eta hiru partidetan gutxienez aste bateko atsedena hartu ahal izango dute–, zozketa nahiko bideratua izan da eta Baikok Laso eta Artola nolabait babestu dituen bitartean, lau zerrendaburuak bereak zituen Aspek gauza bera egin du Zabala eta Zabaletarekin. Gainontzeko kanporaketak Peña/Artola, Bakaikoa/Laso eta Jaka/Zabaleta dira.

A multzoa

- Peña/Artola (7, Tolosa)
- Urrutikoetxea / Zabala (5, Donostia)

      · Irabazleak, Elordi eta Ezkurdiarekin elkartuko dira

B multzoa

Final zortzirenak:

- Bakaikoa/Laso (6, Labrit)
- Jaka/ Zabaleta (7, Zumaia)

      · Irabazleak, Altuna eta Dariorekin elkartuko dira


Aurtengo txapelketak badakartza zenbait berrikuntza. Alde batetik, Binakakoan materialarekin izandako kexen ostean, EPEL-eko enpresek erabaki dute txapelketarako piloten aurre aukeraketak lehiaketak hasi aurretik egitea eta hala, Martin Alustizak aukeratuak ditu dagoeneko Buruz Burukoa jokatzeko beharko diren 160 pilotak. Gainera, aukeraketa hauetan enpresetako bi intendenteek, Jon Apezetxeak eta Gorostizak, ez dute esku hartzerik izan eta pilotak eramatera mugatu ziren.

Gainera, orain arte partidako hamar pilotako aurreaukeraketa bat egiten bazen, orain zortzikoa izango da eta pilotari bakoitzak bina aukeratu beharko ditu. Horretarako, txapelketa jokatuko diren pilotaleku guztiak aurretik erabakita daude eta esaterako Labriterako bost sorta aukeratu behar izan zituen hautatzaileak, ligaxkako bost partidetarako eta bi finalerdietako baterako. Ekainaren 2an Bilbon jokatuko den finalerako pilotak ere dagoeneko Martin Alustizaren zaintzapean daude, susmoak ekiditeko.

Arropa berriak

Buruz Burukoak beste berrikuntza askoz ikusgarriago bat ere izango du, pilotariek kirol arropa berriak estreinatuko dituzte eta. Azken hiru hamarkadetan Astore etxekoak jantzi ostean, Oria Sport Wear izango da aurrerantzean hornitzaile berria.

B-seriea

Ekitaldi berean B-Serieko txapelketa ere aurkeztu dute eta Agirre, Alberdi, Eskiroz, Larrazabal, Senar, Zubizarreta III.a izango dira Baikoko ordezkariak; Aldabe, Egiguren, Eskuza, Exposito Mata eta Salaberria, aldiz, Aspekoak.