NAIZ

Gurutzetako larrialdietako murrizketak salatu ditu ELAk eta erizain gehiago eskatu

Gurutzetako ospitaleko larrialdietan erizaintzako eta gainontzeko kategorietako egiturazko plantilla indartzea eta 2024ko udarako plantilla indartzea eskatu du ELA sindikatuak.

Gurutzetako ospitaleko larrialdietako plantilla indartzea eskatu du ELAk.
Gurutzetako ospitaleko larrialdietako plantilla indartzea eskatu du ELAk. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gurutzetako ospitaleko larrialdi zerbitzuko zuzendaritzak «udako oporretarako erizaintzako plantilla murriztea» erabaki duela ohartarazi du ELA sindikatuak. «2023an 29 kontratazio egin zituen, eta 2024ean 25 baino ez ditu aurreikusi, hau da, iaz baino 4 gutxiago».

Sindikatuaren hitzetan, «erabaki horrek zuzenean eragiten du larrialdietako erizainen oporrak hartzeko eskubidean». Zentzu berean, urrian, zuzendaritzak larrialdietan erizaintzako langileei errefortzu txanda ezarri ziela ekarri du gogora (13:00etatik 20:00etara eta 20:00etatik 06:00etara). «Bost hilabeteren ondoren, txanda horietan hutsune bat gertatzen denean, zuzendaritzak bete gabe uzten du, eta eragin negatiboa du gainerako langileen lan kargetan eta zerbitzuan», azpimarratu du ELAk.

Sindikatuak salatu du erabaki horiek «aurrezteko helburuarekin» hartu direla, eta erizaintzako langileen «atseden eta opor eskubidea murrizten dutela, dagoeneko oso tentsionatuta dagoen zerbitzua are gehiago estutuz». Horretaz gain, «pazientez betetako korridoreen egoera errepikatzeko eta ohikoak bihurtzeko arriskua» dagoela nabarmendu du.

Horren aurrean erizaintzako eta gainontzeko kategorietako egiturazko plantilla indartzea eta 2024ko udarako plantilla ere indartzea eskatu du ELA sindikatuak.