NAIZ

Iñaki Artolak eta Jose Javier Zabaletak euren une gozoa luzatu dute Buruz Burukoan

Iñaki Artolak eta Jose Javier Zabaletak garaipen bana eskuratu zuten Buruz Buruko final zortzirenetan. Ala, final laurdenetako ligaxkarako txartela eskuratu dute bi pilotariek. Etxarrendarra, txapelketan azken unean sartu dena, izango da guztien artean atzelari bakarra.

Zabaletak oso partida serioa jokatu du.
Zabaletak oso partida serioa jokatu du. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jose Javier Zabaleta ezin une gozoagoan dago. Binakako txapelketa irabazi berri, bosgarrena, guztiak ere aurkari ezberdinekin erdietsi eta pilotaren historian leku pribilegiatu batean kokatua, Buruz Burukoan lehendabiziko kolpea ere eman du, Erik Jaka kanporatuta. Etxarrendarra azken unean sartu zen txapelketan, Aspek azken orduan hala erabakita eta final laurdenetako ligaxkarako merezitako txartela erdietsi zuen atzo, Zumaian (22-15).

Takadaka jokatu da neurketa, sakea alde zuen pilotariak, «tontakeri gehiegi egin gabe» –Zabaleta berak gero onartu zuen moduan–, ahalik eta tanto gehien egin zituen jarraian eta modu horretan, atzelari nafarra nagusi izan da.

Garaipen gosez zen Zabaleta eta tinko ekin zion partidari, 7-0eko markagailua ezarriz lehen txanpan. Jakak sakea berreskuratu zuenean, baina, markagailua ere irauli egin du, partida bere eremura ekarrita (7-10) eta Zabaletarengan zenbait zalantza eraginda. Etxarrendarrak berak ere onartu zuen sake erresto horretan zalantzez pilatu dela eta «kili-kolo» aritu dela: «Ikusi da berak sakea edukitzen zuenean duda askorekin ibili naizela errestatzeko garaian, atzetik errestatuz gero berak badakielako ondo amaitzen 3 eta erditik edo lautik, eta hor ibili naiz kili kolo baina bestela gustora sentitu naiz».

Jaka atzean sartu eta txokoan ongi utzitako pilota batekin errekuperatu du sakea Zabaletak eta lehendabiziko etenaldi luzera aurretik joan da (12-10), hiru tanto jarraian sakez eginda, gipuzkoarraren desesperaziorako.

Etxarrendarra ongi entrenatzetik zetorrela agerikoa zen eta berak ere azaldu du gustatzen zaiola sakea entrenatzea Binakakoa jokatzen dauden bitartean. Arma ezinhobea bilakatu du Buruz Buruko lehen partida honetan. Azaldu zuen urte osoan zehar atzelariek apenas lehiatzen dutela indibidualki eta kideak pilotalekuetan ikustean, txapelketa ezberdinetan, «gose» hori pizten zitzaiola. Gose hori entrenamenduetan kentzen hasi zen etxarrendarra eta orain, Buruz Burukoan praktikan jartzen ere hasia da.

Jaka airean erabili du zenbait unetan eta partida erabakita utzi du lehen etenalditik bueltan, 19-10 markagailua ezarrita. 12 tantoko takada beldugarria egin du atzelariak eta Jakak sakea berreskuratu badu ere, bere erreakzioa bost tantotan bukatu da, Zabaletak 19-15ean kontraerasoa ederki jo, Lizartzakoa atzean kateatzerraino. Zabaletak, hiru tanto jarraian eginda, garaipena eskuratu du eta final laurdenetako multzokideei abisu ederra helarazi die. Dario, Altuna III.a, Laso eta Zabaletak jokatuko dute A multzoan, zinez multzo beldurgarria osatuta.

Artola, konfiantzaz

Zabaletaren pare, une gozoan ari da Iñaki Artola ere. Binakakoan pilotari bezala aldarrikatu zen eta finaletik urrats batera geratu bazen ere, afizioaren aprezioa irabazi zuen. Buruz Burukoan lehen kolpea ere eman du igande honetan, Beotibarren Jon Ander Peña kanporatu ostean (22-16).

Partidaren une garrantzitsu guztietan aurretik joan da Alegiakoa, 8-4 lehendabizi eta 12-7 ondoren, lehen etenaldi luzera errenta polita eskuratuz. Peña II.a saiatu da takadaz markagailua estutzen (14-10) baina ezin izan du lortu eta Artolak ongi bideratua utzi du garaipena. B multzoan lehiatuko da Alegiakoa, Javi Zabala, Aitor Elordi eta Joseba Ezkurdiarekin batera.