Lakuako Gobernuak «duela hamarkada bateko kultur politika bera egiten jarraitzen duelako, berritasunik gabe, apustu estrategikorik gabe», Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak kultura politikak «astindua» behar duela azaldu du.
Errenterian egindako kanpainako ekitaldi batean adierazi duenez, «kultura politikak astindua behar du, euskal kulturan eta euskal sortzaileen artean dauden heldutasuna, aberastasuna eta maila profesionala ez datozelako bat instituzioetan egiten den politika eskasarekin».
Hortaz, Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua garatzeko kompromisoa adierazi du Idurre Bidegurenek. Izan ere, horrek «ditugun lanabesak eta eskumenak ahalik eta gehuen zukutzea ahalbidetuko luke, oinarriko kultura adierazpenak indartzeko eta defendatzeko, horiek direlako ekosistema kulturalaren oinarria, eta ez termino monetarioetan soilik neurtzen diren mega proiektuak eta makroekitaldeiak».
Estatutuaz gain, senatariak beste proposamen batzuk mahaigaineratu ditu, hala nola Euskal Kulturaren Zentroa sortzea, kultur politikak ekosistemako eragileen artean diseinatzeko bilgunea izango litzatekeena; Kulturaren Plan Estrategikoa birdefinitzea, sektoreko eragileen parte-hartzailearekin eredu berri baterako jauzi bat emateko; Eskubide Kulturalen Legea onartzea, kultura oinarrizko eskubide bihurtzeko; Lakuak Herri Lanetarako duen aurrekontuaren %1 kultura sustatzera eta ondarea babestera bideratzea; Mezenasgoaren Legea onartzea, onura fiskalak eta mikromezenasgoa erregulatzeko; Zinemaren Euskal Legea ere onartzea, emanaldien euskarazko gutxienekoa, adibidez, bermatuko duena; Zinema Euskaraz programaren finantzazioa hobetzea; emakume artisten egoerari buruzko azterketa sakon bat egitea, haien lana eta presentzia ikusarazteko, «40 urteetan Jaurlaritzak apenas hartu dituelako aintzat», eta publikotasuna eta doakotasuna bultzatzea arte eta kultura ekipamenduetarako sarbidean.
Bidegurenek bezala, Aizpea Otaegi Errenteriko alkateak ere kulturaren izaera estrategikoa nabarmendu du, besteak beste, «herritarren ongizate integrala bermatzeko eta herri baten garapen sozioekonomikoan eragiteko duen gaitasunagatik».