NAIZ

Apirilak 13, herri galdeketak oroitzeko eta hurrengo pausoa emateko unea Etxarri Aranatzen

2014ko apirilaren 13an galdera honi erantzuteko aukera izan zuten Etxarri Aranatzeko bizilagunek: «Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?». Larunbatean galdeketa horren antolatzaileak omendu eta hurrengo pausoa emango du Gure Eskuk.

Etxarri Aranatzen astelehenean egin zuten agerraldia, galdeketen 10. urteurrenaren harira.
Etxarri Aranatzen astelehenean egin zuten agerraldia, galdeketen 10. urteurrenaren harira. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Duela hamar urte, 2014ko apirilaren 13an, Etxarri Aranatzeko bizilagunek herri galdeketa batean parte hartu zuten galdera honi erantzuteko: «Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?».

«Iritzi guztien topaleku modura planteatu genuen galdeketa, eta hala izan zen. Iritzi guztiak plazaratzeko tokia eta bermea izan genuen», adierazi zuen Manu Gomez A13 taldeko kideak astelehen honetan Etxarri Aranatzen egindako agerraldian.

Bertan izan zen ere Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramailea. «Horrek bidearen lehen harrietako bat jarri zuen, ondoren bi urtetan zehar 207 herritan antolatu genituen herri galdeketak», nabarmendu zuen.

Denera, 1.061.058 lagunek izan zuten botoa emateko aukera eta horietatik 218.248k hartu zuten parte; hau da, %20,56k. «Herri mugimendua izan zen hura, herritar askok egin zuten lana galdeketak burutzeko eta beste askok eman zuten beren bozka. Mugimendua, elkartasuna eta herritarren ahalduntzea izan genituen oinarri», gaineratu zuen.

Gomez eta Etxaburuk azaldu zutenez, apirilaren 13 honetan, larunbatean, urte haietan egindako lana eta sortutako mugimendua ospatu nahi da, baita omendu ere.

Egun osoko egitaraua antolatu du A13 taldeak, Gure Eskurekin batera, eta egunean zehar kale animazioa, Gure Eskuren Batzarra, ekimen nagusia, bazkari herrikoia eta musika izango dira besteak beste.

«Herri galdeketen topaleku izan ziren herrietako antolatzaileak omendu nahi ditugu, eta horregatik gonbidatu ditugu Etxarri Aranatzera, baita etorri nahi duen oro ere», esan zuten.

Ospakizun eguna izateaz gain, Etxaburuk argi utzi zuen aurrera begira jartzeko eguna ere izango dela: «Sinergiak sortzeko garaia da, herrien artean, larunbatean egingo dugun bezala, elkartu eta lanean jartzeko garaia».

Gehitu zuen burujabetzaren prozesuan aurrerapausuak emateko eta subiranotasunaren auzia agenda politikoaren erdigunean jartzeko unea dela.

«Duela hamar urte olatu txiki batek Euskal Herri osoa busti zuen uholdea ekarri zuen, pixkanaka egiten baita herri libre baterako bidea. Beraz, pixkanaka, pausoz pauso egingo dugu guk ere bidea eta hurrengo pausoa larunbat honetan emango dugu», azpimarratu zuen Etxaburuk.

Bertara gonbidatu zituzten 208 herri galdeketetan antolakuntzan aritu ziren herritar guztiak, egindako lana ospatzeko. Eta baita, etorri nahi duen oro: «Denon artean egiten baitugu herria, eta denon artean egingo baititugu hurrengo pausoak».