NAIZ

Igeldoko Toki Erakunde Txikiari buruzko galdeketan aldez aurretik bozkatzeko aukera martxan da

Igeldotarrek Toki Erakunde Txikiari buruzko galdeketan aldez aurretik botoa eman dezakete dagoeneko, apirilaren 12ra arte. Hilaren 14an, igandearekin, egingo da kontsulta.

Igeldoko bizilagunak udalerri izaera aldarrikatzen, artxiboko irudian.
Igeldoko bizilagunak udalerri izaera aldarrikatzen, artxiboko irudian.

Igeldo Toki Entitate Txikia izateko kontsulta ez loteslea apirilaren 14an egingo da, igandearekin. Bozketa goizeko 9.00etatik 20.00etara izango da, Itsas Aurre eraikinean, Igeldoko plazan. Toki Erakunde Txikiak hartuko duen mugaketaren barruan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiak daude deituta, hau da, Igeldok dituen 1.067 biztanleetatik 984. Erantzun beharko duten galdera hauxe da: «Ados al zaude Igeldoko Toki Entitate Txikia sortzearekin?».

Erantzun posibleak «bai» edo «ez» izango dira, eta ezarritako hautetsontzian gutun-azal itxi baten barruan sartuko den boto-paper batean adieraziko dira. Emandako botoan erantzunik ematen ez bada, boto zuritzat hartuko da. Bozketa amaitutakoan, mahaiak botoen zenbaketa publikoa egingo du eta emaitza zehaztuko du. Aldeko emaitza izanez gero, espedientea Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko da, Foru Dekretu bidez ebatz dezan. Emaitza Toki Entitate Txikia eratzearen aurkakoa bada, organo eskudunak jendaurrean eta arrazoituta adieraziko du kontsultaren emaitzak nola eragingo duen proiektuaren bilakaeran.

Galdeketa ez da loteslea izango, Igeldoko biztanleen iritzia jasotzea du helburu.

Igandean botoa ematera joan ezin dutenek edo aldez aurretik egin nahi dutenek dagoeneko badute egiteko aukera, apirilaren 12ra arte. Horretarako Donostiako Udaleko Herritarren Partaidetzako Zerbitzuan hitzordua eskatu beharko dute (943481356, udala_partaidetza@donostia.eus). Hitzordua hartu ondoren, Easo kaleko 43-1 zenbakira joan beharko dute bozkatzera.

Eneko Goia alkateak astearte honetan eskaini duen agerraldian nabarmendu duenez, «Igeldoko bizilagunek igande honetan adierazi ahal izango dute auzoan emango den urrats garrantzitsu horren inguruko adostasuna edo desadostasuna».