Iraitz Mateo

‘Indarkerien Oi(h)artzunak’, Tamara Muruetagoienaren ibilbidea aita torturatu gisa aitortzeko

Torturaren biktimen aitortza lortzeko bidean, indarkeriak beraien ingurukoengan izandako oihartzunak azaleratu dituzte Ander Iriartek eta Amaia Merinok ‘Indarkeriaren Oihartzuna’ dokumentalean. Tamara Muruetagoienak jarri dizkio ahotsa eta gorputza dokumentalari, bere ibilbidearen istorioa baita.

Egiaren eta justiziaren bilatzaile nekaezina da Tamara Muruetagoiena. Garden bezain gordin kontatzen du hori Ander Iriarte eta Amaia Merinok larunbatean estreinatuko duten ‘Indarkeriaren Oi(h)artzunak’ dokumentalean. Oiartzungo anbulategiak Esteban Muruetagoienaren izena darama, baina izendapen horren atzean dagoen istorioa kontatzen du bere alabak, eta batez ere, biktima gisa aitortzeko egindako ibilbidea, eta oraindik lortu ez duena.

Donostiako Giza Eskubideen 21. zinemaldian estreinatuko dute larunbat honetan dokumentala, 19.00etan. Zuzendariez gain Tamara Muruetagoiena bera, eta Juana Balmasda, giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako Balorazio Batzordeko presidentea ere bertan izango dira, proiekzioaren osteko solasaldian parte hartzeko.

Muruetagoienak lehen pertsonan kontatzen du bere ibilbidea, bere lehen plano bat da dokumentalaren oinarria, eta bere oroitzapenak irudikatzeko Adur Larrearen animazio garbi eta gardenak erabili dituzte. Ikuspegi oso pertsonal batetik kontatzen du 1977an hasi eta oraindik ere bizirik dagoen istorioa, bere aitari gertatutakoa, berak bizitakoa eta aitortzaren bidean egindako ahalegina, baita euskal gatazkaren inguruan berak jasotako pertzepzioa ere.

Dokumentalean txikitako oroitzapenak, amarekin Madrilera joan eta Euskal Herriaz aldendu zenekoak, Euskal Herriko giro tentsoa, helduaroan Bruselan zein instituzio ezberdinetan giza eskubideen alde egindako lana, eta biktima gisa aitortzeko egindako ibilbidea kontatzen ditu. Akaso, dokumentaleko unerik gogor zein hunkigarriena 18 urte bete eta egia jakiten duenekoa da. Amari zuzenean galdetu, eta karpeta bat eman zion, aita hil zuteneko albiste, erreportaje eta kronikekin, orduan jakin zuen egia. Eta aitaren heriotzaren urteurrena zela eta, lehen aldiz itzuli zen Oiartzunera, oihartzun egindako bizipenak kontatzen ditu.

7K ere ageri da dokumentalaren momentu batean, Tamarak bere istorioa kontatzeko beharra sumatu eta bere egia elkarrizketa horren bidez argitara eman zuen uneetako bat bezala. Izan ere, dokumentalean aitortzen du alabak, istorioa kontatzeak asko laguntzen diola berari pertsonalki, eta uste duela garrantzitsua dela gizarteak ere jakitea.

Biktimen aitortza

Proiekzioaren ostean egindako prentsaurrekoan kontatu du Iriartek, bai berak eta bai Merinok bere aurreko lanetan torturaren egia eta gaia ikusaraztea zutela helburu. Honetan baina, Muruetagoienatarren istorioa kontatu nahi zuten: «Aitarena bai, baina baita alabarena ere. Geratzen direnek errekonozimendurantz egin beharreko ibilbidea».

Biktima askori ez zaiola ahotsik ematen salatu du Iriartek, eta kasu horietako bat dela Muruetagoienarena, dokumentalarekin ahots hori jasotzeko ahalgina egin dutela beraiek. Merinok kontatu du nondik abitu zen ideia, ‘Non dago Mikel?’ dokumentala estreinatu zutenean, alaba bera jarri zen Merinorekin harremanetan, berak ere horrelako zerbait behar zuela adieraziz. Lan horretarako Iriarte pertsona aproposa zela iritzita, lanean abiatu ziren.

Amaia Merino eta Ander Iriarte, dokumentalaren egileak.


«Filmaketa oso emozionantea izan zen» aitortu du Merinok. Izan ere, hasiera batean animazioen bidezko labur bat egitea zen beraien ideia, baina Muruetagoeinarekin bildutakoan, bere kontakizunaren indarra ikusi zuten eta bere lehen planoan kontakizunak zuen pisua baliatu dute dokumentalerako. Ikerketa lana ere egin dute, nahiz eta jada Muruetagoienak ikerketa lan handiena egina zuen dokumentalarekin hasterako. Eva Forestek jasotako audioak ere ageri dira dokumentalean: «Kontatzen badizute ongi dago, baina entzutea beste gauza bat da. Garai horretakoen ahotan entzutea testigantzak oso garrantzitsua da».

Istorio pertsonal bat hartu nahi izan dute, adibide gisa, eta Muruetagoienak giza eskubideen alde egindako lana txalotu dute zuzendariek, «txikitik handira egin nahi izan dugu», aitortu dute. Eta horrela, Estebani egindakoaz gain, horren ondorioak ere bildu dituzte.

Tamarak bakea lortze bidean elkarrizketaren aldarria egin izan duela esan du Iriartek, «eta diskurtso hori izanik ere, ez zaio inoiz ahotsik eman. Biktimariorik ez badago, biktimei ez zaie ahotsik ematen», deitoratu du. Eta biktimen aitortzarekin oraindik ere dauden oztopoak salatu dituzte.