Elkar Fundazioak Josu Goikoetxea Gezuragari emango dio aurtengo Joseba Jaka Beka. Joxemari Sorsek eman du jakitera berria, prentsaurrean, Fundazioaren izenean. ‘Hiltzailea eta beste ipuin batzuk’ proiektua aurkeztu zuen Goikoetxeak eta Irati Majuelo Itoitzek, Itziar Ugarte Irizarrek eta Iban Zaldua Gonzalezek osatutako epaimahaiak erabaki du aurkeztu ziren 15 lanen artean beka lan horri ematea. Orain, urtebeteko epea izango du proposamena gauzatzeko eta 10.000 euro jasoko ditu.
Bilbon bizi da saritua, baina Gernikakoa da berez. Lubaki bandako kide izan zen eta bertsolaritzaren alorrean ere ibilitakoa da, 25 urtez jardun baitu gai jartzaile lanetan. Horrez gain, ‘Hitzetik Hortzera’ telebista saioko zuzendaria eta aurkezlea izan zen hainbat urtez. Poesia liburu bat du argitaratuta, 2018an kaleratutako ‘Zer luzea negu hau’, eta haurrentzako album bat, ‘Mia, Marteko robota’. Halaber, Walt Whitmanen antologia bat itzuli du Munduko Poesia Kaieretarako.
Sorsek azaldu duenez, epaimahaiak Goikoetxea saritzeko azpimarratu dituen arrazoien artean dago lagin moduan aurkeztutako piezaren kalitatea, baita irakurtzen jarraitzeko sortzen duen gogoa ere. Sarituak azaldu du ipuin sortaren formatua hautatu duela ez duelako bere burua eleberri luze bat idazteko moduan ikusten, «oraindik». Epe baten barruan idatzi beharra ere berria zaio Goikoetxeari: «Konpromiso nahiko lasaia neukan nire buruarekin eta orain bestelako konpromisoa daukat».
Joseba Jaka beka
Sorsek gogora ekarri duenez, Joseba Jaka zendu zen urtean hasi ziren beka ematen, hots, 1996ean, eta bi urtean behin eman zuten 2006ra arte. 2008ko krisi ekonomiko latzak geldialdia egitera behartu zuen Ekar Fundazioa eta 2016an berriz ekin zioten sormena bultzatzeko beka emateari. Goikoetxeak 10.000 euro jasoko ditu, urtebeteko epean proiektua gauzatzeko.
Maiatzaren 23an egingo da Adunan bertan 2024ko Elkar Sariak emateko ekitaldia, eta bertan jasoko du beka Goikoetxeak. Horrekin batera, Ibilbideari Elkar Saria ere banatuko da egun horretan, hurrengo asteetan emango dute sari hori jasoko duenaren berri.