Arnaitz Gorriti

Merezi izan ez badu ere, Markus Howardi esker sekulako eskapada egin du Baskoniak (76-74)

Lugoko Breogan 67-74 irabazten ari zen minutu eta erdiren faltan, bederatzi jaurtiketa libre hutsegin ostean. Alabaina, Markus Howarden 28 puntuei esker, tartean 1,5 segunduren faltan sartu duen azken hirukoa, galduta zirudiena aurrera atera du talde gasteiztarrak.

Markus Howard heroiaren garrasia.
Markus Howard heroiaren garrasia. (A. BOUZO | ACB PHOTO)

SASKI BASKONIA 76 - RIO BREOGAN 74

Markus Howard tartean dagoelarik, mirariak hortxe daude. Saski Baskonia 67-74 galtzen ari zen Breoganen aurka eta Howardek 1,5 segunduren faltan sartu duen hirukoari esker 9-0eko partziala osatu eta neurketa eraman du. Ez du irabazterik merezi izan eta Breoganek, bederatzi jaurtiketa libre huts egin arren, partida osoa aurretik eman du. Baina Howard Howard da eta bere talentuari esker Saski Baskonia dagoen lekuan dago bai Europan eta baita ACB Ligan ere; kasu honetan, ACB Ligako kanporaketetan sartzeko borroka bizian.

Aurreneko laurdenean 16 puntuz galtzen ere izan da Saski Baskonia eta Howarden 28 puntuek eta Costelloren beste 18 puntuek salbatu dute, Breoganen hankasartzeez gain. Halakoetan normalena galtzea da, baina normalean gertatzen denetik urruti dago Markus Howard. Eskerrak horri, a zer eskapada gasteiztarrena!

Harmailetan jende gutxi eta kantxan ganora handirik ez. Asteartean Belgradeko Stark Arenan jokatu beharreko kanporaketa buruan, edo auskalo zer, Saski Baskonia 2-10 atzetik hasi da Sergi Garcia Saski Baskoniaren jokalari ohiak gidaturiko Breogan txukun baten aurrean. Ez da erraza pasa den ostiral gauean jokaturiko intentsitatea egunero errepikatzea eta zentzu horretan, erdi lo hastea barkatzekoa izan liteke, baldin eta gero esnatzekotan.

Markus Howard kantxaratu denerako, markagailua 4-18 jarri du Breoganek eta ñaurdena bera 13-27 aurretik amaitu du talde galiziarrak, nahiz eta Ben McLemore izarra ez duen jokatzeko izan, jakina den moduan AEBetan asteon bortxaketa eta beste hainbat sexu delitu leporatuta espetxean egun pare bat eman ostean, ez baita neurketarako sasoian iritsi –fiantza oraindu du epaiketa argitu arte behin behineko askatasuna berreskuratzeko–. Hirukoetan 7 ahaleginetik 5 asmatu ditu Veljko Mrsicen taldeak eta Fernandez pibot argentinarraren mugikortasunak ere erasan handia eragin du gasteiztarren defentsan.

Zeini deitu halako kasuetan? Azken hilabeteko «superheroiari», Markus Howardi, alegia. Barneraldi bat eta «hiru gehi bateko» jokaldi batekin ekin dio New Jerseyko eskoltak bigarren laurdenari, behingoan Breoganen abantaila murrizten hasteko.

Baita murriztu ere! Orotara 18 puntu sartu ditu atsedenaldira iristerako, horietatik 14, bigarren laurdenean. Horrez gain, halakoren baten Saski Baskoniaren defentsa gogortu da eta Breoganen jaurtiketa eraginkortasuna jaisten hasi da. Hala ere, egia da gasteiztarrek ia uneoro Howarden beharra izan dutela punturik pilatzeko eta eskolta atseden hartzera joan delarik, arabarren erasoa asko katramilatu da. Zorionez, Breoganen jokoa ez da aurreneko laurdenean bezain txukuna izan eta, tira, aldageletara atzetik joanagatik, 33-39 ez da bigarren laurdenaren hasieran ikusi den 13-29 bezain nergarria.

Igande eguerdiko alperra

Ez dira, ba, katolikoegi bueltatu Dusko Ivanovicen mutilak aldageletatik. Erasoan baloia Markus Howardi emateaz gain, beste ideia handiegirikk ez eta eta defentsan Sergi Garcia eta Jordan Sakhoren arteko blokeo zuzen xumea nahikoa izan da Lugoko taldeak aurreneko puntuak sartzeko. Baina Breogan bera ere ez da ondoegi hasi eta estropezuka bada ere, gasteiztarrek hasierako hankasartzeak zuzentzea lortu dute. Igande eguerdiko alperra izan ote da? auskalo. Nolanahi, Monekek, kostata, 37-42koa sartu duenean, Veljko Mrsicek eskatu du hutsartea, bere jokalariei zertan ari diren kontu eske.

Breoganek jaurtiketa libreak bata besteraren atzetik hutsegin ditu eta Baskoniak, halakoren baten, costello aurkitu du puntuak sartzeko alternatiba izateko. Alabaina, 48-49 hurbildu eta gero, Polite eta Fernandezen artean Breoganek 0-9ko partziala lortu du... eskerrak Costellok azken jokaldian hirukoa sartu duen, azken laurdenera 51-58 iristeko!

Miraria, azkenean

Breoganen akatsak Baskoniaren akatsekin nahasian, irensteko partida zaila eta gogorra egin dute, baina behintzat emozioa izan du azken laurdenak. Nahi eta ezinean, Ivanovicenek Rogkavopoulosen hiruko bati esker arnasa hartu dute, baina Breoganek neurketa berriz ere bere aldera ekarri du, Sergi quintelaren bidez, eta minutu eta erdiren faltan, 67-74 aurretik zela, dena galduta ikusi du Saski Baskoniak.

Baina aspaldiko partez, hirukoa gauzatu du Howardek, Breogani beldurra sartu zaio eta Costellok zein Marinkovicek 73-74raino hurbildu dute markagailua 29 segunduren faltan. Breoganek bere denbora osoa xahutu du eta ez du Saskira bota. Hutartea eta 5,7 segundu azken jaurtiketa egiteko. Nola ez du ba sartuko Baskoniak Markus Howard taldean izanda? Hirukoa Markus Howardek eta 1,5 segunduren faltan, 76-74 markagailuan. Momirovek ez du, ordea, garaipenaren hirukorik sartu. Datorren asteko Euroligako borroken bezperan, a zer eskapada egin duten gasteiztarrek!

FITXA TEKNIKOA

BASKONIA: Codi Miller-McIntyre (7), Chima Moneke (14), Maik Kotsar (2), Vanja Marinkovic (2) eta Sander Raieste –hasierako bostekoa– Markus Howard (28), Tadas Sedekerskis (2), Matt Costello (18), Nikos Rogkavopoulos (3) eta Chris Chiozza.

BREOGAN: Sergi Garcia (7), Nakic (10), Jogela (9), Sakho (11) eta Momirov (5) –hasierako bostekoa–, Polite (8), Fernandez (13), Sergi Quintela (8) eta Robinson (3).

Epaileak: Peruga, Garcia eta Sanchez Mohedas. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 13-27, 20-12, 18-19, 25-16.

Gorabeherak: 7.584 ikusle bildu dira Buesa Arena pabiloian.