Gipuzkoako Foru Aldundiko garbitzaileek mobilizazioa egin dute astearte goiz honetan Donostian ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGTk deituta, «benetako negoziazioa» eskatzeko. 2021etik iraungita duten hitzarmena berritzeko aldarrikatu dute, eta azken urteetan eros ahalmenean galera handia metatu dutela salatu. Aldundiari dagokion erantzukizuna hartzeko eskatu diote.
2022an zehar egindako mobilizazio dinamiken ondoren, enpresen eta sindikatuen arteko negoziazioak guztiz blokeatuta daudela ikusita, berriro mobilizazioei ekin diete langileek. Izan ere, Eulen eta Gizatzen enpresek, langileen erosahalmena bermatzeko neurriak mahai gainean jartzetik «urrun», aurrez mahai gainean jarritako proposamenak «okertu» dituzte oraingoan, sindikatuen arabera.
Salatu dutenez, patronalek «proposamen ekonomiko txikiagoa egin eta eros ahalmena ez dute bermatu». Sindikatuek proposamen bat egin arren, patronalek kontraproposamenak egin dizkietala adierazi dute langileek. Patronalek 2024rako %3ko igoera proposatu zuten, 2025erako %3koa eta 2026rako %3,5ekoa, «aurreko urteetarako igoerarik gabe eta hitzarmena amaitzean eguneratzeko klausularik gabe».
«Negoziazio erreal bat» eskatzearekin batera, sektoreko langileen eros ahalmena ez galtzea bermatuko duen formula galdegin dute. Aldundiak prozesu honetan duen erantzukizuna jarri dute mahai gainean, bestetik. «Gatazka hasi zenetik, aktiboki hartu du parte akordioa desaktibatzen eta oztopatzen. Batetik, negoziazioan betoak eta eskakizunak jarriz, erosteko ahalmena ez galtzea bermatuko duten formulen bideragarritasuna eragotziz. Eta, bestetik, gatazkan duen erantzukizunetik aldenduz eta gatazka konpontzea enpresei eta sindikatuei dagokioela adieraziz».
Mobilizazioek zenbat iraungo duten arreratu ez badute ere, mobilizatzen jarraituko dutela esan dute sindikatuek.