Jon Anza Gogoan ekimenak agerraldia egin du Urruñan, militante donostiarra desagertu zenetik 15. urtemuga betetzen den egunean. Herriko Etxearen aitzinean izan da ekitaldia, eta ondoren hilerrian lore eskaintza egin dute. Hantxe bertan, euskal militantearen hilobiaren aurrean, oroimen ekitaldia burutu dute arratsaldean. Bertan bere bikotekide Maixol Pascassioren gutuna irakurri dute. Bera izan zen bizirik ikusi zuen azken gertukoa.
Bere desagerpenaren 15. urteurrenean Jon Anzaren aldeko oroimen ekitaldia egin dute Urruñako hilerrian. pic.twitter.com/N0fLLxa3EV
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) April 18, 2024
2009ko apirilaren 18an ikusi zuten azken aldiz bizirik Anza bere gertukoek. Bikotekideak Okzitaniako Tolosara eraman behar zuen trenean utzi zuen, Baionan. Handik aste batzuetara mediku hitzordu garrantzitsua zuen Anzak, eta bere asmoa zen ordurako etxean bueltan izatea.
Etxera itzuli ez zela ikusita, bere desagerpena salatu zuen familiak. ETAk ondoren jakitera eman zuenez, Tolosan ezarritako hitzordura ez zen azaldu Anza. Han galdu zen bere aztarna.
Handik hamaika hilabetera Anza familiak telefono deia jaso zuen, Tolosako gorputegian identifikatu gabe izan zuten hilotza kartzelan hogei urte eman ondoren Lapurdira bizitzera joan zen herritarrena izan zitekeelakoan.
Familiaren konfiantzazko medikuak ez zuen aukerarik izan autopsian parte hartzeko.
Urruñako auzapeza den Filipe Aramendik hartu du hitza Anzaren desagerpenari buruz «ardurak hartzeko garaia dela» aldarrikatzeko xede izan duen ekitaldian. «Bake prozesua ez dela bururatua izanen desagertuen familiei argitasun guztiak eman arte», ohartarazi du.
Justizia trantsizionalak eskaintzen dituen tresnak baliatzeko eskatu du, euskal auziak utzitako ondorio guztiak aintzat harturik, konponbide orokorra sustatzeko.
«Justiziak mespretxatu du familia»
Anza familiak egia bilatzeko eginiko bidea laburbildu du ondoren Maritxu Paulus Basurco abokatuak. Frantses Justiziak bata bestearen atzean familiak zabaldu zituen ateak guztiak itxi zituela deitoratu du.
Zentzu horretan, Baionako fiskalak Anne Kayanakis egia aurkitzeko emandako hitza ez dela bete agerian jarri du.
Finean, abokatuak nabarmendu du Anza desagertu ondotik familiak zituen zalantzak areagotzera etorri zela militantearen gorpua agertu ondotik Justiziak erakutsitako jarrera. Justiziak familiari zor zitzaion begirunea agertu ez zuela gaineratu du.
Tolosako Auzitegiak 2013an itxi zuen desagerpena argitzeko auzibidea eta 2015ean Parisko Auzitegiak familiaren salaketa bertan behera utzi zuen.
Anzaren desagerpena argitzeko ikerketan akatsak izan zirela onartuta ere, «irregulartasun handiak» ez zirela izan iradoki zuen auzitegiak.
Anartean, auziaren artxiboa salatuz Europako Giza Eskubideen Auzitegian familiak aurkeztu zuen prozedurak ere ez zuen aurrera egin.
Gaur-gaurkoz auzibidea itxita bada ere, Paulus Basurcok dei zehatza egin du gaurko agerraldian: «Baten batek zerbait badaki, esan dezala». Izan ere, informazio berriak eskuratzea litzateke auzia berpizteko bide eta aukera bakarra.
Abokatuak ohartarazi du esperantza ez duela galdu eta familiak egia lortu arte ez duela etsiko.
«Frantziar Estatuak zer du ezkutatzeko Anza auzian?»
Erantzunak baino galderak nagusi dira, ordea, Anza auzian, nola 2009an hala 2024an.
Egoera horretan erantzukizun politikoen alorrean ere bidea egiteke duela frantses Estatuak oroitarazi nahi izan dute agerraldian Jon Anza Gogoan ekimenean bildutako lagunek.
«Ez dugu zalantzarik, Espainia eta Frantziako Estatuetako aparatuek erantzunak dituztela», azaldu dute, Anzaren desagerpena «testuinguru errepresibo gordin batean» kokatuz.
Era berean, 2009an ezker abertzalea estrategia aldaketarako gogoeta batean murgildua zela ekarri dute gogora.
Ildo beretik, «Euskal Herrian ziklo berri baten irekiera oztopatzeko estatuek ildo errepresiboa gogortzeko hautua egin zutela» mahaigaineratu dute agerraldian irakurritako agirian.
Alde batetik, Anza desagertu aitzin izan ziren hainbat bahiketa eta itaunketa ilegalak izan dituzte aipagai. Bestetik, militante donostiarraren kasua ez zela kasu isolatu bat izan salatu dute, Eduardo Moreno Bergaretxe ‘Pertur’, Jose Migel Etxeberria ‘Naparra’ eta Jean-Louis Larre ‘Popo’-ren desagerpenak oraindik ere argitu gabe daudela agerian jarriz.
«Frantziar Estatuak erantzukizun handia du, Espainiarekin eginiko akordioen bidetik Guardia Zibilari frantziar lurraldean kontrolik gabe jarduteko eskumenak eman baitzizkion», jarraitu dute Jon Anza Gogoan ekimeneko kideek, zehazki lehenik Barne ministro eta ondoren Justizia ministro izan zen Michelle Alliot-Marie agintari eskuindarrak jokatu zuen paperari erreparatuz.
Anzaren desagerpena eta heriotza ez ikertzea «erabaki politikoa izan zela» adierazi ondoren, galdera egin dute: «Frantziar Estatuak zer du ezkutatzeko Jonen auzian?».
Aieteko Nazioarteko Konferentziatik honat «gatazkaren ondorioak konpontzeko urrats garrantzitsuak eman direla» txalotu dute, ETAren borroka armatuaren bukaera zein gerora ere izan diren «adostasun eta gertakari historikoak» baikorki baloratuz.
«Horregatik, argi adierazi nahi dugu garaia dela frantses Estatuak bake prozesuan dagozkion ardurak hartzeko eta bere esku dagoena egin dezan Jonekin gertatu zena argitzeko eta gatazka politikoan izan diren inplikazio guztiak aitortzeko», adierazi dute.
Finean, euskal eragileei deia luzatu die «memoria, egia eta erreparazioaren erronkak» auzolanean aurrera eramateko, partekatzeko» lan partekatu hori «beharrezkoa delako bake prozesua bururaino eraman ahal izateko».