Euskaldunen arnasarekin puztutako baloia Ipuruan zaintzen dute
«Euskararen Baloia» ekimenaren laugarren edizioa gaur amaituko da. Eskualdeko mila haur inguruk parte hartu dute 2019tik Eibarrek euskararen erabilera sustatzeko martxan jarri zuen programan. Klubaren barruan asmo berarekin lan egiten duen Euskara Batzordea bi urte lehenago eratu zuen.
Ipurua berritzeko lanetan harmaila eraitsi genuenean, larruzko baloi zahar-zaharra topatu genuen eta, harekin batera, antzinako idatzi bat». Horrela hasten da astero Eibar Kirol Elkartearen «Euskararen Baloia» programan parte hartzen duten haurrek entzuten duten kondaira. Jokalarien eta entrenatzaileen parte hartzeak, aldageletara egiten duten bisitak, haien idoloen partidak hartzen dituen soropila zapaltzeak... txikien esperientzia biribiltzen du. Eta ekimenaren arduradunek atzamarrak gurutzatzen dituzte, pizgarri horiek guztiek euskararen garra bizirik mantentzen lagun dezaten.
Hori da «Euskararen Baloia»-ren egitasmoa, «euskara bizirik mantentzea. Horretarako, ez da nahikoa jakitea, ezinbestekoa da erabiltzea. Eta etorkizunean bizirik jarraitzeko, nahitaezkoa da haurrek haien egunerokotasunean erabiltzea, ikasgelara bakarrik mugatu barik», azaldu du Mikel Larrañaga ekimenaren arduradun nagusietakoak. Eibarko alkate-ohia, badira berrogei urte luze hirian euskararen erabilera bultzatzeko bando ezaguna atera zuela (“...euskaraz eta kitto!”), eta asmo berari eutsi zion orain dela hamarkada bat klub armaginera heldu zenean, lehenik Administrazio kontseiluko kidea izateko eta gero Eibar Fundazioko presidenteordea bilakatzeko, gaur egun ere daukan postua. Euskararen Planaren eta Batzordearen bultzatzaile nagusia izan zen, eta pozik dago martxan jarri zirenetik ibilitako bidearekin. «Euskara Batzordea sortu genuen euskararen erabilera bultzatzeko; ez bakarrik etxean, baizik eta etxetik kanpo ere bai. Harremanetan, seinaletikan, zabaltzen ditugun mezuetan... Gero pentsatu genuen garrantzitsua zela herri mailan ere ondo sustraituta egotea, eta “Akebai”-ko kide bat integratu genuen Batzordean», esan du. Hortik erabaki, proposamen eta ekimen sorta bat sortu zen; hala nola mintza taldeak, kontratazio politikak... «Baina herrira begira zer edo zer gehiago egin behar genuela uste genuen –gogoratu du Eibarko alkate-ohiak–, eta batez ere haurrei zuzenduta egon behar lukeela iruditzen zitzaigun, azken finean haien eskuetan baitago hizkuntzaren etorkizuna. Argi geneukan futbolariak eta entrenatzaileak erreminta oso indartsuak izan zitezkeela, euren erreferentziak baitira, eta hori aprobetxatu behar genuen».
Eskualdeko mila haur
Horrela jaio zen «Euskararen Baloia». Ainara Lopez de Viñaspreri bururatu zitzaion istorioa, eta Batzordean umeek astero entzuten duten kondaira osatu zuten, Ipuruako auzokideek aspaldi izan zuten ideia kontatzen duena.«Kezkatuta zeuden euskaraz gutxi hitz egiten zelako, eta artisau bati enkargatu zioten baloi bat egiteko. Auzokide guztien artean hauspoz hauspo bete zuten baloia. Euskaldunen arnasarekin betetako baloia da, beraz, eta hori da harmaila botatzean aurkitu genuen eta gaur egun hemen gordetzen dugun baloi magikoa», kontatu du Larrañagak, irribarretsu. Txikiek ahoa bete hortz entzuten dute –Lehen Hezkuntzako 3. mailakoak izaten dira– eta arduraz hartzen dute erantzukizuna. «Badakite baloia bete-bete, osasuntsu eta erabiltzeko moduan egoteko, euskaraz egin behar dutela. Bestela moteldu, hustu egiten da, eta Ipuruan oso triste jartzen gara».
Badira mila ume inguru, ekimena 2019an jaio zenetik, istorioa entzun dutena. Eibarkoak bakarrik ez, eta Ermuko, Elgoibarko eta Mallabiko ikasleak egitasmora gehitzen joan dira. Hasieran taldeko ordezkariak joaten ziren eskoletara, baina Ipuruan egiteak, instalazioen barrukoak bisitatuta, «inpaktu handiagoa izango zuela pentsatu genuen». Gaur amaituko den laugarren edizioan –pandemiaren eraginez 2020 eta 2021. urtekoak bertan behera geratu ziren– beste berritasun bat gaineratu diote esperientziari, parte hartzen duen gela bakoitzari “Euskara eta kirola” gaiari buruzko proiektu bat –bertsoak, dantza, abestia...– sortzeko gonbidapena eginez. Onenak saria izango du gelakide guztientzat: Atxabalpera bisita, Eibarren autobus ofizialean, Pantxika maskota gorri-urdinarekin, bertan jokalariekin bildu eta solas egiteko. Edozein kasutan, parte hartzaile guztientzat sariak izaten dira astero.
Ez da erraza bizipen horiek guztiak azkenean lortu nahi diren ondorioak badituzten jakitea, baina Eibarren baikorrak dira. Baikorrak izartxoarekin, alde batetik jarraipena egiten duten arren, «nahiko arina da eta ez batere “zientifikoa” –azaldu du Larrañagak–. Baina irakasleek kontatzen digute. Armeria Eskolakoek baloiaren erreplikak egin zizkiguten. Hona datozen gelek bueltan eramaten dituzte, eta gero irakasleek, euren eskuan dago hori, mahai gainean jarri dezakete eta erabili, kondairarekin jarraituz. Askok komentatzen digute, ikusiz gero jolas-orduan erdaraz dihardutela, gogoratzen dietela Euskararen Baloia, eta arduraz hartzen dutela, edo kontrakoa: euskara asko erabili eta Ipuruan pozik egongo garela gogoratu...». Bestetik, klubean badakite esku bakarrak ez duela mundua mugituko, «baina horrekin geratzen bagara, inoiz ez dugu ezer egingo. Honetan lan egiteko premia dagoela uste dugu, eta bakoitzak eskuan daukana egiten saiatu behar du».
Bai Euskarari
Etxe barruko lana zorrotzagoa eta ortodoxoagoa da. Eta emaitzak, nabarmenagoak. «Sekulako aurrerapausoa eman dugu. Euskara Plana martxan jarri genuenetik igaro diren zazpi urteetan euskarak Eibarren duen presentzia bikoiztu egin duela esaten badizut, oso-oso motz geratzen naiz. Agerraldi publiko bakoitzean, akziodunen batzordean, prentsaurrekoetan, mezuetan... erabiltzen den euskara portzentajea neurtzen da. Baita barnean, bulegoetan. Eta aurrerapausoa nabarmena da», pozten da Eibar Fundazioko presidenteordea.
Ez da Euskara Batzordeak prestatutako egitasmo zerrenda hutsa. Arautegi bat prestatu du eta «Administrazio kontseiluak onartu eta sinatu du», adierazi du Larrañagak. Betebeharrekoa da, beraz, eta irizpideak askotarikoak dira. Dokumentuei, kontratazioei, langileen formazioari, bileren garapenari edo baliabide informatikoei dagozkie, besteak beste. Aplikazioa, jarraipena, ekarpenak, kudeaketa... Batzordearen Ezagutza, Erabilera eta Motibazio lantaldeen bidez egiten da.
«Euskararen Baloia» programarekin gertatzen den bezala, klubaren barruan garrantzi handia ematen zaio euskarak gazteengan duen egoerari eta, horregatik, harrobiarekin egiten den lana bereziki mimatzen dute. «Izan ere, harrobiko arduraduna ere Euskara Batzordeko kidea da –ohartarazi du Larrañagak–. Arreta handia merezi du eta jarraipen zorrotza egiten da». Erabilera sakonagoa sustatzeko bidean, hainbat ekimen jarri dira martxan. Hala nola harrobi armaginen entrenatzaileen laguntzarekin hiztegi bat egin dute futboleko lexikoarekin, «jokoz kanpo eta horrelakoetatik urrunago doana, gure neska-mutilek futboleko hizkuntza zuzenagoa, egokiagoa eta bateratua izan dezaten. Eta beste hiztegi orokorrago batean lanean ere badihardugu».
Lan horrek guztiak Larrañagak bereziki eskertzen duen aintzatespena ekarri du: Bai Euskarari-ren «Zerbitzua euskaraz» ziurtagiria. Hau eskuratu duen Euskal Herriko lehen talde profesionala da Eibar, «eta pozik hartzen dugun sari bat izateaz gain, egiten ari garen lana ondo dagoela eta emaitzak ematen dituela esan nahi du. Aurrera jarraitzeko, euskararen alde lanean jo eta ke jarraitzeko motibazio handiagoa ematen digu».
Zaila izango du klub gipuzkoarrak azken urratsa egin eta ziurtagiri gorena eskuratzea, zelaian Lehen mailara itzul daitezkeenak euskararen erabileraren lehen mailatik oso urrun baitaude. «Horrela da –onartu du Larrañagak–. Eta aurten pozik gaude, aspaldiko euskaldun kopuru handiena baitaukagu. Baina horretatik ezin dugu ezer egin. Sergio Leon behartuko dugu euskaraz ikasten, agian sei hilabete edo urtebete besterik hemen emango ez duenean? Norberaren esku dago hori. Eta euskarara hurbildu nahi den edonork gure laguntza osoa edukiko du, noski».
Badirudi emakumeek badutela zertaz harrotu ildo honetan. ONUren delegazioa ematen badu ere –taldean hamar bat nazionalitate daude–, euskarak aurrera egin du aldagela barruan, Larrañagak azaldu duenez. «Harrituta geratu nintzen, egia esan. Oso pozik jarri nintzen. Jokalariek eurek kontatu zuten hainbat taldekide, kanpotarrak izanda, hemen ikasten ari direla eta eskolan euskaraz ikasten dutela. Hori bai dela eskertzeko modukoa».