Joseba Salbador Goikoetxea

Euskal Herriko 14 proiektu joango dira Estatuko Arkitektura sarietara

Arkitekto Espainiarren Elkargoen Kontseilu Gorenak (CSCAE) antolatutako lehiaketak balioa eman nahi dio arkitekturak egungo erronkei erantzuteko duen gaitasunari. Aurten hirugarren edizioa egingo da. Irabazleak ekainaren 20an egingo den ekitaldi batean ezagutzera emango dituzte.

Zubietako BAT etxea, Amaia Aranak eta Iñaki del Prim arkitektoek diseinatutako egurrezko etxe jasangarria.
Zubietako BAT etxea, Amaia Aranak eta Iñaki del Prim arkitektoek diseinatutako egurrezko etxe jasangarria. (J.S.)

Hego Euskal Herrian 14 proposamen aukeratu dituzte aurtengo Arkitektura sarietarako. Estatu mailan 185 izan dira denera. Hautaketa Arkitektoen eta Kontseilu Autonomikoen Elkargo Ofizialetako Adituen Batzordeek egin dute, bakoitzak bere lurraldean, edizio honetan jasotako 497 proposamenen artean, aurrekoan baino %15 gehiago.

Emaitzak sarien lurralde ordezkaritza zabala erakusten du, baita aurkeztutako proiektuen aniztasuna eta kalitatea ere. Arlo aipagarrienen artean, honako hauek daude: 97 eraikuntza obra, 31 dibulgazio, dibertsifikazio eta berrikuntzakoak, 22 hiri plangintzakoak eta espazio publikokoak, 18 interiorismokoak, 11 arkitektura minimo edo iragankorrekoak eta 5 paisajismokoak.

Hautatutako proposamenak berrikuntzagatik eta kalitateagatik nabarmentzen dira, baita ongizate indibidual eta kolektiboaren etengabeko hobekuntzan duten eragin positiboagatik, gure ondarearen errefortzu kulturalagatik eta ingurumenaren eta lurraldearen oreka berreskuratzeagatik ere.

Arkitekto Espainiarren Elkargoen Kontseilu Gorenak (CSCAE) antolatu ditu sariak, COMPAC erakundearen babes ofizialarekin. Helburu nagusia da gizartearekiko konpromisoa eta arkitekturak egungo erronkei erantzuteko duen gaitasuna indartzea.

Horregatik, CSCAE eta COMPAC erakundeek gonbidapena egiten diete herritarrei, sarien bilakaera gertutik jarraitzeko eta arkitektura eta hirigintza eraldatzen ari diren proposamenak ezagutzeko, etorkizuneko erronkei heltzen lagunduz.

Aukeratutako proiektuen artean bederatzi proposamen daude Iraunkortasunaren Saria irabazteko hautagai. Sari hori izaera bereziko aintzatespena da hogei urteko antzinatasuna duten obrei, zahartze egokiagatik eta egokitzeko gaitasunagatik nabarmentzen direnei, arkitekturaren berezko balioetako bat baita.

Arkitektoen Elkargo Ofizial eta Kontseilu Autonomiko bakoitzak hautaketa bere lurraldearen barruan egin du, oinarrietan ezarritako irizpideei eta balioei jarraituz: unibertsalak, kulturalak eta artistikoak, profesionalak eta etikoak, berrikuntzari, dibertsifikazioari, zabalkundeari eta hedapenari lotutako balioak, bai eta birgaitzeari, berritzeari eta berroneratzeari eta iraunkortasunari lotutakoak ere.

CSCAEko aurreneko lehendakariorde Juan Antonio Ortiz Oruetak datu horiek azaldu zituen joan zen astean ICO Fundazioaren egoitzan egindako prentsaurrekoan, eta Elkargoek eta Autonomia Erkidegoetako Kontseiluek Arkitektura sarien lehen fase honetan egiten duten paper garrantzitsua baloratu zuen, honako hau adieraziz: «Arkitektura kokatuta dagoen tokikoa da, eta haren ingurunea eta bertan bizi direnak dira haren kalitateaz onura gehien ateratzen dutenak. Horregatik da garrantzitsua hura indartzea, ezagutzea eta zaintzea».

Bestalde, COMPACeko Marketin eta Salmenten zuzendari Mila Sanchezek beste hau nabarmendu zuen: «Hirugarren edizio honetan izandako parte hartzeak berretsi egiten digu CSCAEren Arkitektura sariak erreferentzia eztabaidaezina direla, eta sari horiek sortzeko helburua betetzen dutela: gizarteari arkitekturaren lana eta konpromisoa hurbiltzea. Horregatik, COMPAC enpresak CSCAEri erronka handi horretan laguntzeko erabakia hartu zuen duela hiru urte».

Ekainaren 20an

Lehen hautaketa honetatik aurrera, maiatzean epaimahaiaren bilera egingo da, lan finalistak aukeratzeko. Ondoren, ekainaren 20an, Arkitektura 2024 Sariak irabazi dituzten proiektuen izenak iragarriko dira, zuzenean, gala batean.

Guztira, balioetan oinarritutako sei sari eta hiru aintzatespen berezi emango dituzte: Arkitektura Saria, Hirigintza Saria eta Iraunkortasun Saria. Sari berezien kasuan, aitorpenak proposamenaren egileak ez ezik, sustatzaileak, administrazio publikoak edo horiek ahalbidetzen dituzten erakundeak ere bereizten ditu. Horrela, prozesuan izan behar duen inplikazioari eta herritarren ongizatean eragina izango duen kalitatearen aldeko apustuari balioa eman nahi zaie.

Arkitektura sariak 1981. urtean ematen hasi ziren, baina 2021ean egun duten formatura aldatu ziren. Aldaketa horri esker, arkitektura gehiago hurbildu ahal izan da gizartera, eta publiko orokorrari ezagutzera eman zaizkio sektoreak egindako ekarpenak, besteak beste, bizigarritasuna hobetzeko, etxebizitza duin bat lortzeko aukera bermatzeko, guztion onerako pentsatutako espazio publikoak proiektatzeko eta herrien kultura berezitasuna, bakoitzaren historiaren aberastasuna eta planetaren kontserbazioa zaintzeko.

Koldo Fernandez Gazteluk sinatutako proiektua.

Eraikuntza, interiorismoa, espazio publikoaren antolamendua, dibulgazioa...

Aurtengo sarietarako aukeratuak izan diren euskal proiektuen artean bederatzi eraikuntza obra daude, espazio publikoaren antolamenduko bi, interiorismoaren esparruko erreforma bat, arkitektura iragankorren proiektu bat eta dibulgazio proiektu bat. Herrialdeei dagokionez, zazpi Nafarroan daude, lau Bizkaian, bi Gipuzkoan eta azkena Euskal Herria osoa hartzen duen dibulgazio proiektua da.

Nafarroari dagokionez, zazpi dira sarietan parte hartuko duten proiektuak: Imarkoaingo garraioaren hirian dagoen IT Pharma enpresaren egoitzaren birgaitzea, Balu Arquitectura estudioaren eskutik; Iruñeko Las Salesas komentuaren birgaitzea (Alvarez-Sala, Matos Castillo eta Rueda Pizarro aldi baterako enpresa elkartea); Altsasuko Iortia Kulturgunearen aurreko pergola (Francesca Fiorello Architectura); Iruñeko Baluarte jauregia (Francisco Mangado Beloqui); Iruñeko M&M etxebizitzaren birgaitzea (Ignacio Olite Arquitectos); Koldo Fernandez Gazteluk sinatutako Casa 4+2 proiektua; eta Verne Arkitekturak sinatutako Andia etxearen eraikuntza Arbizun.

Bizkaian, honakoak dira aukeratutakoak: Derioko Faes Farma enpresaren egoitzaren eraikuntza, IDOM estudioko Gonzalo Carro arkitektoaren eskutik; Bilboko Olabeaga kaian izan ziren garabien erreprodukzioa (Alex Orive, Itziar Molinero eta Jaime Gutierrez); Bilboko Peñaskal auzoaren hiri berroneratze proiektua (Estudio K S.Coop); eta Mungiako Casa Hararen eraikuntza (Verne arquitectura).

Gipuzkoan, bestalde, honako hauek dira aukeratutako proiektuak: Zubietako BAT etxea, Amaia Aranak eta Iñaki del Prim arkitektoek diseinatutako egurrezko etxe jasangarria; eta Irunen alokairuko hamar etxebizitza sozialen eraikuntza (Arruabarrena Arkitektura, Green H).

Azkenik, dibulgazioaren atalean, Iñiguez eta Ustarroz arkitektoek Euskal Herrian pilotalekua duten herriko plazei buruzko lana izan da aukeratutakoa. J.S.