NAIZ

Lanpostuen prekarizazioa salatzeko lanuztea egin dute Iruñeko Saunier Duval Etxeirun

Banakako lan baldintzen funtsezko aldaketen estrategian islatzen den prekarizazioa salatzeko, lau orduko lanuztea egin dute ostiral honetan Iruñeko Saunier Duval Etxeiru zerbitzu teknikoko langileek. Deialdiaren arrakasta nabarmendu du LABek eta gaur zortzi errepikatzeko asmoa dute.

Ostiral honetan Saunier Duvaleko langileek egindako elkarretaratzea.
Ostiral honetan Saunier Duvaleko langileek egindako elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iruñeko Saunier Duval Etxeiru berogailu eta galdaren zerbitzu tekniko ofizialeko langileek lau orduko lanuztea egin dute ostiral honetan, 12.00etatik 16.00etara, beren lanpostuen prekarizazioagatik protesta egiteko. LAB sindikatuak lanuztearen jarraipen handia nabarmendu du eta astebete barru errepikatuko dela iragarri du, «enpresak jarrera arras aldatzen ez badu».

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, Red Ofisat enpresatik egin zen subrogazioaren ondoren, enpresak «lan-baldintzak okertzen saiatu zen», baina «mobilizazioari eta epaitegietan lortutako garaipenari esker, enpresaren asmoa gelditzea lortu zuten langileek».

Hala ere, enpresa «bere horretan jarraitzen» duela eta baldintzak okertzen saiatzen ari dela salatzen dute, egunko langileek kontratua bertan behera utz dezaten.

Horren aurrean, langileak berriz kalera atera dira, «argi utziz lehen ez zutela onartu, orain ez dutela onartzen eta aurrerantzean ere ez dutela onartuko beren lanpostuen inolako prekarizaziorik eta, jakina, ez dietela beren lanpostuei uko eginen», azaldu dute LABetik. Ostiral honetan egindakoa bezala, egoera aldatzen ez bada, datorren ostiralean, hilak 26, beste lanuzte bat egingo dute, 12.00etatik 16.00etara.