NAIZ

Amorebieta hamar jokalarirekin zegoenean bakarrik garaitu ahal izan du Valladolidek (0-3)

Atsedenaldira iritsi aurretik, markagailuan 0-0 zegoela, epaileak Felix Garreta kanporatu du txartel gorriarekin. Bigarren sailkatua den Valladolidek egoera hau bikain aprobetxatu du eta hiru gol egin ditu bigarren zatian Lezamatik garaipena eramateko.

Amorebietak maila eman du, baina Garretaren kanporatzeak hegoak eman dizkio Valladolidi.
Amorebietak maila eman du, baina Garretaren kanporatzeak hegoak eman dizkio Valladolidi. (Oskar MATXIN | FOKU)

Amorebietak azken jardunaldietako bolada ona moztu behar izan du larunbat honetan eta atzerapausoa eman du salbazioa lortzeko bidean. Hori bai, bigarren sailkatua den Valladoliden aurka galdu du, Lezaman, baina bizkaitarrak hamar jokalarirekin geratu direnean gertatu da. Izan ere, Felix Garreta kanporatu du epaileak 40. minutuan, markagailuan 0-0ekoa zegoenean, eta bigarren zatian kanpokoek hiru golak egin dituzte garaipena eskuratzeko.

Azken 30 puntuetatik 21 eskuratu ostean, emaitza honekin, Amorebietak jaitsiera postuetan jarraituko du. Hala ere, baditu oraindik arrazoiak positibo izateko: gaurko porrota nola gertatu den ikustea besterik ez da egin behar.

Jandro Castro bizkaitarren entrenatzaileak Ryan Edwards mantendu du hamaikakoan nahiz eta Morcillo osaturik egon. Australiarrak partida ona egin zuen aurreko jardunaldian Levanteren aurkako garaipenean (1-2) eta saria jaso du gaurkoan.

Valladoliden, ordea, Pablo Pezzolano uruguaiarrak erasoko hiru jokalariak aldatu ditu. Gainera, azken momentuan beste aldaketa bat egin behar izan du, Javi Sanchez hasierako hamaikakoan egon behar zuenak ezin izan baitu azkenean jokatu. Bere ordez Enzo Byomo zelairatu du.

Gauzak hala, neurketako lehen aukerak etxekoenak izan dira. Edwardsek eta Lasurek arrisku askorik gabeko jaurtiketak egin dituzte. Valladolideko Anuarrek erantzuna eman die, baina Magunagoitia atezaina sendo aritu da.

Lehen saiakera hauek benetako aukeretara eman diete pauso. Argiena 19. minutuan iritsi da. Kanpokoen defentsak huts galanta egin du, baina Edwardsek ez du ate aurrean asmatu eta Amorebietaren lehen aukera garbiak alde egin du.

Magunagoitiak Valladoliden saiakera gehiagori erantzuna eman behar izan die; Raul Moro izan da lehena probatzen eta Escudero bigarrena. Tartean, Unai Bustinzak langa gainetik jaurti du baselina saiakera bat Dorrioren erdiraketa batean.

Hala ere, atsedenaldira iritsi aurretik, dena okertu da. Anuarrek Felix Garretari baloia lapurtu dio eta jokaldia Etxeitak ekidin duen Negredoren jaurtiketa batekin amaitu da. Epaileak jokaldi hasiera aztertu du VARan eta Felix Garreta txartel gorriarekin kanporatzea erabaki du.

Valladolidek aukera minimoena aprobetxatu du

Jokalari bat gehiagorekin ari zela kontuan izanda, Valladolid topera atera da bigarren zatian eta sei minututan partida apurtu du, Escuderok bi gol egin baititu estrategiako bi jokalditan. Lehenengo aukeran, Raul Mororen erdiraketa bat burukada batekin errematatu du; eta bigarrenean area barruko alderatze bat aprobetxatu du 0-2koa egiteko.

Bi gol horien aurretik Moro eta Ivan Sanchezek aukerak izan dituzte ere. Beraz, ikusi da Amorebietak amore eman behar izan duela nahi baino lehenago. Hala, neurketa erabakita zegoela, Valladoliden hirugarren gola iritsi da. Marcos Andrek Amath Ndiayeren pase on bat aprobetxatu du Magunagoitiaren aurrean gola sartzeko.

PARTIDAKO FITXA:

0 - Amorebieta: Magunagoitia; Alvaro Nuñez, Bustinza, Etxeita, Felix Garreta, Lasure (Morcillo, m.57); Moran (Yriarte, m. 57), Sibo (Alex Carbonell, m.73); Dorrio, Edwards (Gaya, m.46); eta Jauregi (Unzueta, m.68).

3 - Valladolid: Masip; Luis Perez, Cesar Tarrega, Boyomo, Escudero (Luca Rosa, m.64); Lucas Oliveira, Meseguer (Juric, m.86), Monchu; Anuar (Ivan Sanchez, m.46), Raul Moro (Amath Ndiaye, m.64); eta Negredo (Marcos Andra, m.67).

Golak: 0-1, m.49: Escudero. 0-2, m.51: Escudero. 0-3, m.84. Marcos Andre.

Epailea: Manuel Jesus Orellana Ruiz (Andaluziarra). Felix Garreta kaleratu du 41. minutuan, azken defentsa izanik, Anuarri falta egin ostean. Gainera, txartel horiak atera dizkie Lasure (m.45), Bustinza (m.50) eta Etxeitari (m.80), eta kanpoko Anuar (m.41) eta Jurici (m.90).

Gertakariak: Bigarren Mailako 36. jardunaldiko neurketa Lezaman jokatu da 1.848 ikuslerekin.