NAIZ

Euskara jakitetik salbuetsi du epaile batek Eibarko udaltzain lanpostu bat

Euskararen aurkako oldarraldiaren beste kolpe batekin itxi zen hauteskunde kanpaina ostiralean. EITBk jakinarazi zuenez, Donostiako epaile batek Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak, horietako baten helegitea partzialki onartuta.

Pasaian ere izan ziren euskararen kontrako eraso judizialak, justu hauteskunde kanpainaren erdian. Irudian, herritarren protesta, apirilaren 12an.
Pasaian ere izan ziren euskararen kontrako eraso judizialak, justu hauteskunde kanpainaren erdian. Irudian, herritarren protesta, apirilaren 12an. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Eibarko udaltzain batek helegitea aurkeztu zuen euskara jakin gabe lanean jarraitu ahal izateko, Udalak jarritako euskara eskakizuna «baztertzailea» dela argudiatuta. Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. zenbakiko Epaitegiak arrazoia eman dio, eta euskara eskakizunetik salbuetsi du lanpostua ezohiko egonkortze deialdi batean.

Ostiralean eman zuen berria EITBk, eta Idurre Eskisabel Larrañaga Kontseiluko idazkari nagusiak euskararen auzia, kanpainan herrian duen lekua hartu ez duena, ez bada guda eremu gisa, euskararen aurkako jarrerak dituztenen aldetik, lehentasunetan izateko eskatu zion hurrengo Lakuako Gobernuari txio honetan.

 

 

Esan bezala, Donostiako epaitegiak lanean 30 urte daramatzan udaltzain horrek jarritako helegitea onartu du; ez du hautaketa prozesu osoa bertan behera utzi, ordea.

Ebazpen judizial honen aurka apelazio errekurtsoa aurkez daiteke. Aldeek 15 eguneko epea dute horretarako.

Hauteskunde kanpaina betean, auzitegiek Pasaiako kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko deialdian gutxieneko euskara mailaren eskakizuna baliogabetzeko bi epai eman zituzten. Kontseiluak alderdiei eskatu zien euskararen normalizazioa agendetako lehen lerrora ekarri zezatela. Udalak errekurritu egingo ditu.

Kontseiluak eta Pasaiako euskalgintzak eta Udaleko langile batzordeak elkarretaratze bana egin zuten. Salatu zutenez, «gaur egungo egitura juridikoa eraikita dago euskara eta bere normalizazioa oztopatzeko». Euskararen normalizazioak lege eta politika ausartak behar dituela aldarrikatu zuten, ez trabak.