Gazteriarentzat, neurri urriak eta lausoak programetan

Botoa eman dezakeen gizartearen zati handi samar bat dago 18 eta 35 urte bitartean. Askotan errepikatzen den ideia da gazteek interes gutxi dutela politikagintzan. Baina zer da Gasteizko Parlamentura begira alderdiek gazteei eskaintzen dietena? Zer egiten dute boto eske gazteengana hurbiltzeko?

Etxebizitza eskubidearen aldeko Ernairen mobilizazioa Iruñean.
Etxebizitza eskubidearen aldeko Ernairen mobilizazioa Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Hauteskunde kanpainetan ohikoa izaten da alderdiek gazteen ahotsak eta gorputzak lehen planora ekartzea. Argazkietan baino pisu gutxiago dute proposamenetan, ordea. Hori da behintzat Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde kanpainan sumatzen dena.

Prozesu gorabeheratsu baten ondoren, 2022an Gazteriaren Legea onartu zen lehenbiziko aldiz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin aurrera egin zuen legeak; PPk eta Ciudadanosek abstentziora jo zuten, eta EH Bildu zein Voxek ezezkoa bozkatu zuten. Estatu espainoleko autonomia bakarra zen Gazteriaren Lege propiorik ez zuena.

Patxi Lopezen Gobernuak egin zuen lehen saiakera EAEko Gazteriaren Legea sortzeko. Ezerezean geratu zen, ordea, EAJren eta PPren ezezko botoekin. Aralar zen egungo ezker subiranistaren ildoan presente zegoen alderdi bakarra, ezker abertzalea legez kanpo baitzegoen. «Orokorregia» zen legea, EAJren iritziz, eta horregatik ezezko botoa; eztabaidak luze iraun zuen garai hartan, eta besteak beste, Lopezen Gobernua erortzea bultzatu zuen eztabaidetako bat izan zen.

Gazteen inguruko datuek titularrak betetzen jarraitu zuten Iñigo Urkulluren Gobernua eratu zenean; gazteen langabezia tasa %17an kokatuta zegoen, eta gazteen emantzipazio adina, 30 urtetan. Talde parlamentario ezberdinek Gazteriaren Lege baten beharra nabarmentzen jarraitu zuten, eta pasatu den legegintzaldian Urkulluk Gasteizko Parlamentuan aditzera eman zuen aurreproiektua aurkeztuko zuela. Espero baino gehiago luzatu zen, ordea, itxaronaldia.

Gazteriaren Legearen inguruko eztabaida 2022an izan zen. EH Bilduk osoko zuzenketa proposatu zuen, «anbizioa eta praktikotasuna» falta zitzaizkiola argudiatuta, eta, osoko zuzenketa hura onartu ez zutenez, 56 zuzenketa partzial ere aurkeztu zituen, «litekeenaren markoa handitzeko». Horietako gehienak ere ez ziren onartuak izan, baina Gazteriaren Legea onartu zen EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemosen baiezkoekin. Legeak gazteen emantzipazioa du helburu nagusitzat, 30 urtetik jaistea.

Kezka eta ardurak

2024-2028 legegintzaldirako alderdi bakoitzaren proposamenak aztertzeko unean, neurri eta eskari zehatzak xehatu aurrez, nahikoa izan daiteke aurkibideari begiratzea. Lehen begiratuan bereiz ditzakegu zein alderdik duten gazteriari zuzenki lotutako atal propio bat bere diagnosi eta neurrien proposamenekin eta zeintzuk galtzen diren programako ehun orrialdeetan barrena. EH Bilduk, Sumarrek, Elkarrekin Podemosek eta PPk badute gazteriari eskainitako atal propioa, nahiz eta sakontasun maila ezberdina izan bakoitzak. EAJk eta PSEk ez dute, beste neurriekin batera dituzte «gazte» aurrizkidunak ere; alderaketa eginez, EAJk askoz ere neurri gehiago proposatzen ditu sozialisten aldean. Voxek ez du aipamenik egiten programa osoan.

Gazteriaren inguruko azken azterketak eta inkestak alderdi guztiek irakurri dituztela dirudi, oro har. Gazteei gehien kezkatzen dieten gaiak guztiek aipatzen baitituzte beraien hauteskunde programetan: etxebizitza eta enplegua. Alderdi bakoitzak ikuspegi ezberdin batetik erantzuten die kezka nagusi horiei. Aisialdia ere errepikatzen den elementua da aurtengo hauteskunde programetan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen egoera aztertzen du Gazteen Euskal Behatokiak. 2019ko ‘Euskadiko gazteen egoera’ txostenak jasotzen duen arabera, ikerketaren ondorio nagusia da 16-29 urte bitarteko gazteak «ekonomikoki familiaren mende» daudela. Eta etxebizitza (emantzipatu ezina) eta enplegua direla kezka nagusiak, azterketak jasotakoaren arabera. Beste joera bat ere nabarmentzen da, osasun mentalaren gainbehera eta aisialdiaren garrantzia.

Konpromisoak

Badira bi konpromiso zehatz alderdi batek baino gehiagok mahai gainean jarri dituztenak: emantzipazio adina 30 urtetik jaistea eta 35 urtetik beherako gazteen batez besteko gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izatea, genero arrakala desagertzeko neurri konkretuak azalduz. EH Bildu, Sumar eta Elkarrekin Podemos dira aldarri horiek hauteskunde programaren lehen lerrora eraman dituztenak, gazteriaren arloan lehentasun eta helburu gisa izendatuz.

Alderdi bakoitzak bere zehaztasunak gehitzen dizkion arren, ezker independentista eta ezker konfederala deiturikoa ados dira noranzko orokorrarekin. EH Bilduk gazteen emantzipazioa bultzatzeko alokairuko etxebizitza publikoa handitzea proposatzen du, eta horretarako herri zein auzoetan errotzeko Plan Estrategikoa sortzea du helburutzat. Udalerrietan jada martxan dauden etxebizitza komunitarioen eta kolaboratiboen esperientziak biderkatzea proposatzen du, belaunaldi arteko etxebizitzen alde eginez. Alokairu publikoa «nabarmen sustatzea» eta alokairu pribatuaren egonkortasunari aurre egiteko prezioen igoera muga jartzea ere proposatzen ditu. Gazteei zuzendutako Enplegu Plan propioa sortzea jasotzen du programan, gazteak enpleguratzeko «programa masibo» bat sortuz, gazteen enplegua sustatzera bideratutako dirulaguntzen eta pizgarrien bidez, eta diru laguntzetan prekaritatea bultzatuko duten aukerak baztertuz. Hezkuntza, mugikortasun jasangarria eta osasun mental egokia bermatzeko neurriak ere aipagai dituzte. 

Elkarrekin Podemosen eta Sumarren hauteskunde programek antzekotasun handiak dituzte, gazteriari dagokionez, proposamen batzuk hitzez hitz berdinak izanik. 2022an onartutako Gazteriaren Legea beteko duten konpromisoa aipatzen dute biek, eta hortik abiatuta IV. Gazte plana martxan jartzea, azken urteetako Gazte Planak «zehaztugabeak» direla kritikatu izan duten arren. Ezberdintasun gisa, gazteriaren «euskal ituna» proposatzen du Sumarrek, baina inolako xehetasunik gabe.

Bestalde, hiru alderdi horiek dira gazteen parte hartzea politikagintzan bermatzeko neurriak proposatzen dituztenak; besteak beste, erabaki politikoetan parte hartzeko adina 16 urtera jaistea eskatzen dute.

Presentzia gero eta urriagoa

EAJren programan gazteriak atal propiorik ez badu ere, bestelako ataletan sarritan aipatzen dira gazteentzako neurriak. «Funtsezko printzipio» bat azaltzen du Pradalesen alderdiak gazteei begira: «Gazteei beren etorkizuna Euskadin eraikitzeko, eta, hala, gure jaiotza tasak berreskuratu ahal izateko politika». Jeltzaleen programan behin baino gehiagotan ageri den kezka da jaiotza tasa berreskuratzea, eta gazteei egindako proposamenei bide ematen diena.

Etxebizitzaren ingurukoak dira proposamen gehienak, baina orain arte aurkeztutako alderdien aldean, beste noranzko bat hartzen du Pradalesek: alokairuko etxebizitza publikoen parkea ugaritzea aipatzen duen arren, batez ere etxebizitza erosteko laguntzetan jartzen du arreta. Horretarako, udaletxeekin hitzarmenak egiteko prestutasuna adierazi dute.

PSE-EEren hauteskunde programan lau puntutan erreferentzia egiten zaio gazteriari. Osasun mentalaren eta emozionalaren inguruan hitz egitean, etxebizitzaren arloan Gaztelagun programa indartzean, zibersegurtasuneko neurriak hartzeko aldarrian, «gazteen arteko elkarbizitza sustatzeko», eta LGTBI+ kolektiboari eskainitako atalean, «gazteak dibertsitateen barruan babesteko». Ez dute neurri zehatzik proposatzen. Gazteengana hurbiltzeko beste modu bat martxan jarri zuen Eneko Anduezak: Enekoneta. Euskal Herria zeharkatuko duen furgoneta aurkeztu zuen alderdiko gazteen adarrarekin (EGAZ). Enpleguan, etxebizitzan, klima aldaketan eta berdintasunean arreta jarriko zuela promes egin zien gazteei; kanpainako ekitaldi nagusietan, ordea, ez da gehiegi mintzatu kontu horiez.

Enpleguaren gaia gazteen perspektibatik ez da aipatu ere egiten PPren programan. «Talentuen ihesa» jotzen du arazo nagusitzat. Etxebizitzaren inguruko proposamenak EAJren noranzko berean egiten ditu, lehen etxebizitza erosteko laguntzei erreferentzia eginez.

Belaunaldi berri bat

Kanpaina abiatu orduko aipatu zen bi lehendakarigai nagusiak, Pradales eta Otxandiano, «belaunaldi berri baten» sinbolotzat har zitezkeela. Hautagaiaren adinak, ordea, ez du zertan alderdi oso baten makineria gaztetu. Azken urteetan lekua hartzen ari diren gaiak gehitu dituzte euren agendetan, eta gazteriarengan interes berezia pizten duten zenbait ere bai: larrialdi klimatikoa, feminismoa edota euskara, kasu.

Tresna ezberdinak erabiltzen ari dira alderdiak, gazteengana hurbiltzeko. Sumarren apustua lehendakarigai gisa Alba Garcia aurkeztea izan daiteke, hautagai guztien artean gazteena eta emakumea. PSE-EEren kasuan, aldiz, aurrez aipaturiko «Enekoneta» dugu, 2024ko gazteen artean ilusio iturri baino memeetarako motiboa izan daitekeen arriskuarekin.

EH Bilduk bere ohiko estiloari eutsi dio, gazteei lotutako neurrietan zehaztasuna bilatuz, Gazteriaren Legearen eztabaida alderdian lideratu zuen Eraitz Saez de Egilazi ahotsa emanez, ekitaldi propioak eginez eta sare sozialetan presente egonez; pentsa, Txabi Etxebarrietaren betaurrekoen ostean, Euskal Herriko betaurreko ospetsuenek filtro bat ere badute Instagramen. Azken egunetan, Otxandiano bera ere gazteekin agertzeko ahaleginean dabil alderdi soberanista, ZEID Festeko argazkiak adibide.

EAJren bidea Joseba Diez Antxustegi gaztearen eskutik etor zitekeen, baina ez dira bereziki haren gaztetasuna azpimarratzen ari. Mitina mozten duten «kasualitatezko» selfie eskaerekin batera, sare sozialak indartu dituzte. Presentzia gero eta gehiago hartzen ari da Pradales, TikToker estiloko bideoak argitaratuz. Gaur ikusiko da saiakera bakoitzaren emaitza.