NAIZ

Deportivo frontoiari ugerra kendu eta ‘Bilbao Iron Cup’ lehiaketak zesta Bilbo erdiraino dakar

Maiatzafren 3tik ekainaren 7an sei ostiraletan jarraian irekiko du Deportivo pilotaleku historikoak eta horrek «ilusio berezia» sortzen du pilotarien artean ere. Jaialdi guztiak 19.00etan hasiko dira eta finalerdietan Emakumeen Mastersa ere batuko zaio gizonen leihaketari.

«Bilbao Iron Cup» delakoak ugerrak kenduko dizkio Bilboko Deportivori.
«Bilbao Iron Cup» delakoak ugerrak kenduko dizkio Bilboko Deportivori. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

«Bilboko Burdinezko Kopa», antza, ugerrez beteta legoke, baina ez ordea ‘Bilbao Iron Cup’ delakoak, zesta puntaren hurrengo hitzordua maiatzaren 3tik ekainaren 7ra bitartean jokatuko dena, astearte honetan aurkeztu den moduan.

Bilboko Deportivo pilotalekuak sei ostiraletan jarraian irekiko ditu bere ateak, aspaldiko partez Bilboko erdi erdira eliteko pilota jaialdiak erakartzeko.

Zesta punta behetik gorako bidean dago eta arrakasta hori Jai Alai League delakoan gauzatzen da. Bertan batzen dira kirol honetako txapelketarik onenak eta ospe handiena dutenak eta lehen aldiz, Bilbora ere badator. Deportivo pilotaleku zaharraren ezaugarri teknikoek eta bere kokaleku paregabeak aukera handia eskaintzen dio hiriari eta beraz, baita ‘Bilbao Iron Cup’ txapelketari ere. Momentuko pilotari onenak bertan lehiatuko dira arratsaldeko ordutegian –19.00tan hasiko dira jaialdiak– sei ostiralez jarraian.

Pilotari guztien nahai Bilbaoko Iron Cup-a irabaztea da. Lehen pilotakada eman aurretik ere, maila goreneko txapelketa bihurtu da. Bere lehen edizio honetan, kategoria handieneko txapelketa bezala sartu da Jai Alai Leaguen barruan, Gernikako Winter Seriesa, Biarritzeko Urrezko Xistera edo Donibane Lohitzuneko Nazioartekoen pare.

«Bilbora etortzeak ilusioa sortzen du. Pilotari guztiak ados geunden Bilbok plaza garrantzitsua izan behar zuela eta ez urtean partida bakarra jokatuta. Sei ostiral jarraian ipini dituzte aurten gainera eta horrek are eta ¡lusio bereziagoa sortzen du», adierazi du aurkezpeneran Aritz Erkiaga uneotan zesta puntuak duen izarrik distiratsuenak.

‘Grand Slam’ mailako txapelketa izanik, txapeldunek 2.000 puntu jasoko dituzte ranking ofizialerako, azpitxapeldunek 1.200 eta finalerdietan geldintzen direnek 750. ‘Master’ kategoriako txapelketen bikoitza.

Bilbokoa Ligako zortzigarren proba izango da eta Aritz Erkiaga izango du erreferente beste behin. Bizkaitarrak Winter Seriesa irabazi du eta baita Paue, Lekeitio eta Zumaiako txapelketak ere. Joko puntu izugarrian heltzen da Bilbaora, azken 15 partidak irabazita. Iron Cup-ean Ibarluzearekin jokatuko du, Gernikako ‘Katedralean’ garaipena lortu zuen atzelariarekin, hain zuzen.

Beraien aurkariak A multzoan Barandika-Lekerika eta Laduche-Manci izango dira. aldiz, B multzoan, Goitia-Basque, Biarritzeko Sorozabal anaiak (Johan eta Gorka), eta Pro-Am txapelketatik aterako den azken bikote bat izango dira.

Sailkapen proba hau hilaren 27an eta 28an jokatuko da Bilboko Deportivon, 17.00etatik aurrera: Arbe-Atain vs Bixente-Zabala, eta Urreisti-Uranga vs Urrutia-Del Rio.

Emakumeen Mastersa eta egutegia

Emakumeen zesta-punta ere ilusio handiko garaia ari da bizitzen. Pilotari gazteek osatzen duten belaunaldi honek erreferentzia izatea lortu du, zesta puntan lehen urratsak ematen ari diren neska guztientzat.

Orain arteko txapelketa eta desafioak Durangon, Lekeition, Zumaian edo Gasteizen jokatu dituzte eta hauei batuko zaie Bilbao Iron Cup-a ere. Lau bikoteak hauek dira: Erika Mugartegi eta Frida Watkins, Elaia Gogenola eta Ihart Arakistain, Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabal eta Maite Ortiz de Mendibilk eta Arai Lejardi. Emakumeen txapelketa maiatzaren 24an hasiko da, gizonezkoen finalerdiekin batera.

Egutegia, berriz, honela joango da. Maiatzaren 3an hasiko da ligaxka eta Goitia-Basque Pro Am-eko irabazleen aurka ariko dira lehenbizi, eta Erkiaga-Ibarluzea, berriz, Barandika-Lekerikaren aurka ostean.

Johan-Gorka Sorozabal anaiak Goitia-Basqueren arteko demak emango dio hasiera maiatzaren 10eko jardunaldiari. Horien ondotik, Barandika-Lekerika Laduche-Manciren aurka leihatuko dira

Sorozabal anaiek ekingo diete maiatzaren 17ko lanei, beste behin, Pro Am-eko irabazleak aurrez aurre dituztela. Hurrengo neurketan, Laduche-Manci Erkiaga-Ibarluzearekin ariko dira nor baino nor.

Maiatzak 24an izango dira finalerdiak, bai Gizonen zein Emakumeen Mastersari dagozkienak. Hala, Elaia Gogenola eta Ihart Arakistain, Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabalen aurka ariko dira lehenengo eta ostean jokatuko da gizonezkoen aurreneko finalerdia.

Maiatzaren 31, berriz, Erika Mugartegi eta Frida Watkins Maite Ortiz de Mendibil eta Arai Lejardirekin leihatuko dira, emakumeen bigarren finalerdian. Horen ostean jokatuko da gizonen bigarren finalerdia ere.

Azkenik, ekainaren 7an jokatuko dira gizon zein emakumeen finalak, 19.00etatik aurrera, beti ere Bilboko Deportivon. Esan behar finalerdietatik aurrera jaialdi guztiak ETBk eskainiko dituela.