Jon Ormazabal

Jokin Altuna: «Tarteka halakoak ondo etortzen dira lorik ezin dugula hartu gogorarazteko»

Jose Javier Zabaletarentzat ere hil ala bizikoa izango da igandeko partida eta onartu du amezketarra bere «aurkaririk txarrena» izan dela Buruz Burukoan

Zabaleta eta Altuna III.a Eibarko material aukeraketan.
Zabaleta eta Altuna III.a Eibarko material aukeraketan. (ASPEPELOTA)

Buruz Burukoaren ligaxkak ematen duen sarea lehen egunean agortuta, hil ala biziko partida jokatuko dute Binakakoaren bi finalistek, Jose Javier Zabaletak eta Jokin Altunak igande honetan Eibarren. Labriteko bezperako emaitzaren gora-behera, irabazlea bizirik helduko da hirugarren jardunaldira eta galtzaileak hanka eta erdi izango du txapelketatik kanpo.

Dario eta Unai Lasoren aurka, biek eraman zuten dezenteko kolpea, baina emandako itxura kaxkarrarengatik eta askorentzat faborito argia izan duelako, amezketarrak jasotako porrota  (22-7) izan da orain arteko txapelketako ezustekorik handiena. Gaurko material aukeraketan behintzat, Altuna III.ak lasaitasun itxura eman nahi izan du mikroen aurrean. «Larunbatean Lasok irabaziko balu, niretzat lau partidetako txapelketa berri bat hasiko litzateke berriz eta topera etorriko naiz igandean horretan pentsatuta. Ea itxura hobetzen dudan eta nire jokorik onena ateratzen dudan kantxan, ze iruditzen zait gaizki ez nagoela. Nahiago duzu halakorik ez gertatzea, baina tarteka ondo etortzen dira lo hartzerik ez duzula ikusteko».

Amezketarrak aurten egingo ditu hamar urte profesionaletan eta bizi izan ditu halakoak ere aurretik. «Gauzak irteten ez zaizkizun partida bat galdutakoan onena entrenamenduetako errutinetan zentratzea izaten da. Igandean Lasok nik baino gehiago jokatu zuen eta Buruz Burukoan gabeziak gehiago antzematen dira. Kolpe ederra jaso nuen eta merezimendu osoz irabazi zidan», gaineratu du.

«Gogoan dut Aimarren kontra nola galdu nuen, Urrutiren aurka 22-6, baina partida haiek hil edo bizikoak ziren eta kalera joan nintzen. Gertatu izan zait baita Lau eta Erdikoan 22-7 galtzen hasi eta gero finalera heldu eta txapelak irabaztea ere. Oraintxe ez dakit zenbaiterainoko faktura pasako didan igandeko partidak, baina eguneroko lanean zentratuta nago», gaineratu du. «Ezin dut kantxara irten galduz gero tragedia bat izango dela pentsatuz. Normaltasunez hartu beharra dago, inor baino gehiago ez naizela jakinda».

Aurkararik txarrena

Jose Javier Zabaletak ere oso hasiera txarra eman zion Darioren aurkako partidari eta, azkenerako emaitza txukundu bazuen ere, porrot mingarria jaso zuen. «Altuna niretzat Buruz Buru beti izan da areriorik txarrena. Elkarren aurka jokatu dugunetan erraz irabazi dut. Nire aurka jokatzea egokitu zionetan beti jokoan asko duela etorri izan da eta jokatzen eta irabazten jakin izan dit».

Horregatik, «nahi dudana Jokini aurrekoetan baino tanto gehiago egin eta gauzak zailago ipintzea da. Oso kontzentraturik irten behar dut, ez Darioren aurka bezala».

Hobetu beharrekoen artean, nafarrak argi du, «sake-errestoan» egin behar duela gora «gero botera jokatu ahal izateko».

Materialari dagokionean, ez da kexarik izan eta Jokin Altunak aukeratutako batek «bote handia hartzen duela» iruditu zaio Zabaletari.

Pilota Legnds Cup

Mikel Idoate pilotari ohi eta ekintzailearen ekimenez, Pilota Legends Cup txapelketa berritzailea jokatuko da Iruñeko Labrit pilotalekuan ekainaren 7 eta 8an, justu pilotari profesionalek oporrak izango dituzten asteburuan. Ohar baten iragarri dutenez, futboleko Kings Leaguearen trazak lituzkeen txapelketa honetan esku pilotan izarrak izandako pilotariak berriz ere aurrez aurre ikusteko modua izango litzateke. Parte hartzaileen izenak pixkanaka-pixkanaka joango dira ematen eta momentuz hiru eman dituzte; Titin III.a, Xala eta Pascual. Lau bikotetan banatutako zortzi pilotarik hartuko dute parte lehen edizio honetan eta finalerdiak ostiralez jokatuko lirateke, finala, aldiz, larunbat arratsaldean.

Sarreren salmenta maiatzaren 3an hasiko da www.pilotalegendscup.com orrialdean.