NAIZ

ANk Iparragirre, Albisu, Arizkuren eta Gracia auzipetu ditu Miguel Angel Blancoren hilketagatik

Auzitegi Nazaionalak Marixol Iparragirre, Mikel Albisu, Josetxo Arizkuren eta Iñaki Gracia auziperatu ditu Ermuako PPko zinegotzia zen Miguel Angel Blancoren hilketan izandako «ustezko arduragatik». ETAren zuzendaritzan egon eta hilketa ez galaraztea egozten die.

Miguel Angel Blancoren irudia, PPk egindako ekitaldi batean.
Miguel Angel Blancoren irudia, PPk egindako ekitaldi batean. (Ion Alcoba | Europa Press)

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia Castellon epaileak Marixol Iparragirre, Mikel Albisu, Josetxo Arizkuren eta Iñaki Gracia auziperatu ditu Miguel Angel Blancoren hilketan izandako «ustezko arduragatik». Albisu eta Gracia kalean daude egun, Iparragirre Zaballan dago preso eta Arizkuren Iruñean dago preso; gaixotasun larria dutenen zerrendan dago.

Castellon epaileak «bahiketa eta hilketa terroristagatik» auzipetu ditu lau euskal herritarrak; ETA erakundearen baitan zuten «postuagatik» Blancoren hilketa eragotz zezaketela argudiatu du epaileak eta, bere tesiaren arabera ez zutenez egin, horrek agerian uzten du «emaitza lortzeko borondate argia».

2022an hasi zen Castellon epailea kasu honen sumarioa berirro irekitzen, nahiz eta kasu horiengandik jada zigortutako jendea egon.

Hasieran bederatzi kide ikertu nahi izan zituen Castellonek Blancoren hileketagatik, tartean Arnaldo Otegi, baina Auzitegi Nazionalak ikerketa hori baztertu zuen. 2022ko uztailean Iñaki Graciaren auzia artxibatzea erabaki zuen egozten zitzaizkion delituak preskibitzeagatik, baina beste hirurak zitatzeko agindu zuen. Ostegun honetan, ordea, Auzitegi Nazionaleko autoak bere izena ere jasotzen du.

Iparragirreren kasuan, frantziar Estatuan 20 urteko zigorra bete eta Zaballako espetxera lekualdatua izan ostean hainbat epaiketari aurre egin behar izaten ari da.