NAIZ

Gascan erakutsitako duintasunaz esan nahi dio agur Valentzian ligari IDK Euskotrenek

Emakumeen Endesa Ligako egungo txapeldunaren aurka 59-60 galdu zuten donostiarrek etxean, baina aldea oso txikia izanagatik, ez da errealista Azu Muguruzarenek Fontetan irabazi dezaketela pentsatzea. Nolanahi, galtzekorik gabe, gipuzkoarrak beren onena ematera aterako dira.

Jewel Tunstullen puntuak faltan bota zituen IDK Euskotrenek ostegunean.
Jewel Tunstullen puntuak faltan bota zituen IDK Euskotrenek ostegunean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

IDK Euskotrenek lan oso ona egin zuen ostegunean Valentzia Basketen aurka. Tarte batez, hirugarren laurdena aurrerantz zihoala, 12 puntuko aldea ere izan zuten, Iris Mbulito eta Alba Prietoren lan bikainari esker, baina Alina Iagupova, Fingall eta Queralt Casasen bitartez, Endesa Ligako eta Kopako egungo txapeldunak garaiz erreakzionatu zuen eta 59-60 nagusitu zen. Domeka honetan, 18.30ean, final-laurdenetako itzulerako partida jokatu beharko dute Valentziako Fuente de San Luis pabiloian eta egiari zor, oso zaila dirudi donostiarrek markagailuari buelta ematea, alde oso txikia izanagatik. Josean Gascan erakutsitako duintasun eta maila errepikatuko balute, ez litzateke gutxi izango.

Egia da, halaber, Valentzia Basket bere jokorik onenetik oso urruti dagoela. Raquel Carrera pibotaren lesioak min handia eman dio talde taronjari eta Alba Torrens eta Cristina Ouviña bezalako erreferenteak, esaterako, joko puntu oso eskasean daude. IDK Euskotrenek Dulcy Fankam pibotaren falta nozitu zuen partidaren azken aldera, Valentzia Basket erreboteen bitartez atzetik aurrerako bidea egiten hasi zenean, baina ordurako valentziarren gabeziak bistaratzea lortu zuen Ibaeta Basketek, eta horrek meritu itzela dauka, begiratu baten donostiarren maila, ona izan arren, ezin delako bere aurkariarekin alderatu.

Gauzak ondo, Valentzia Basketek irabaziko du eta hori horrela bada, 2023/24 denboraldia hortxe amaituko da IDK Euskotrenentzat. Denboraldi txukuna, ezbairik gabe, Koparako sailkatzeaz gain, play-offetarako txartela lortu eta datorren urteko Emakumeen Eurocupa jokatzeko eskubidea ere irabazi dutelako. Hau da, denboraldiko helburuak bete dituenez, galtzekorik gabe ariko da Fonteta Azu Muguruzaren taldea.

Alabaina ostegunean, hirugarren laurdenean batik bat, emandako mailara hurbiltzerik lortuko balu talde donostiarrak, akaso Ruben Burgosek zuzentzen duen taldeari estutu bat emango dio; galdu edo irabazi, ez litzateke albiste txarra izango.

Inori eskatzen hasita, Ibaeta Basketeko barruko jokalariei eskatu beharko zaie. Erin Whalen, Becky Massey eta Jewel Tunstullen artean 22 jaurtiketa egin zituzten eta 4 baino ez zituzten asmatu. Eskatzea libre da, baina jakina, Valentzia Basketen barruko jokoa –baita Raquel Carrera gabe ere– beldurgarria da eta ez da erraza uztaipean Gulich, Ginzo, Hempe, Fingall, Awa Fam edo Maria Eraunzetamurgilen aurrean luzitzea. Hortxe izan dezake Azu Muguruzaren taldeak bere erronkarik nagusiena. Whalen, Massey eta Tunstull lehiatzeko badaude... akaso aurretiaz egindako pronostiko oro hankaz gora joan liteke.