NAIZ

Euskal Herriko ‘pilotari ttikiak’ elkartu dira Bidarten, inoizko topaketa jendetsuenean

Bidarteko ‘Pilotari ttiki’ zesta-puntako topaketa egin da asteburu honetan, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako txoko ezberdinetako zesta-eskoletako umeak elkartuz. Guztira, 250 neska-mutil elkartu dira, inoizko gehien. Zesta-puntako pilotarien goraldiak hazkundea dakar pilota eskoletan ere.

Guztira, 250 neska-mutil elkartu dira Bidarteko pilotalekuan.
Guztira, 250 neska-mutil elkartu dira Bidarteko pilotalekuan. (AITZOL ARGAZKIAK | JAI ALAI NEWS)

Euskal Herriko zazpi lurraldeak ordezkatuta egon dira asteburu honetan Bidarten, zesta-puntaren bitartez eta, are gehiago, ‘pilotari ttikien’ bitartez. Urtero egiten diren topaketak dira, txoko ezberdinetako pilotari gazteen arteko sarea sendotzea helburu eta aurten, 25. ekitaldian, inoizko parte-hartzaileena izan da. Orotara, 7 eta 12 urteko 250 neska-mutil elkartu dira, bakoitza bere xistera eta kaskoarekin.

Hain jendetsua izan da aurtengo hitzordua, bi egunetan banatu behar izan dituztela partidak. Larunbat eta igandean jokatu dira eta bikoteka osatu dituzte kinielak.

Ezbairik gabe, zesta-punta profesionala olatu aparrean baldin badago, honek eragina dauka zesta-eskoletan ere. Gazteentzako beharrezkoak dira erreferenteak eta era berean, zesta-puntak etorkizuna izateko ezinbestekoa da harrobia. Hala, asteburu honetan, bi faktoreak elkartu dira Bidarten, txikienekin batera ikusi baitira, besteak beste, Aritz Erkiaga, Thibault Basque, Unai Lekerika edo duela urtebete erretiratu zen Diego Beaskoetxea.

Ezkerretik eskuinera, Thibault Basque, Aritz Erkiaga, Unai Lekerika eta Diego Beaskoetxea, Bidarten. (AITZOL ARGAZKIAK/JAI ALAI NEWS)

Guztira, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako zein Landak, Biarno, Zilarraren kostaldea eta Okzitaniako 23 zesta eskolako haurrak bertaratu dira Bidartera. Arabatik, Gasteizkoak; Bizkaitik, Lekeitio, Gernika, Markina-Xemein, Berriatua eta Durangokoak; Gipuzkoatik, Hondarribia, Donostia, Andoain, Tolosa eta Mutrikukoak; Nafarroa Garaitik, Noain, Cabanillas eta Berriozarkoak; Nafarroa Beheretik, Garazikoak; Lapurditik, Donibane Lohizune, Getaria eta Bidartekoak; Zuberoatik, Maulekoak; eta Estatu frantsesetik, Hossegor, Paue, Arcachon eta Okzitaniako Pamiers-ekoak.