Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio Aralar Mankomunitateak akordioa sinatu dute astelehen honetan Aralarren eta bertako jardueren zaintza eta kudeaketa hobetzeko helburuarekin. Akordioan, «larreak, basoak eta beste habitat batzuk hobetzeari, sentsibilizazio ekintzei, bideen konponketei, txabolak lehengoratzeari eta eraikitzeari, eta inguruko beste azpiegitura batzuk hobetzeari dagokionez aurten garatu beharreko ekintzak» zehazten direla jakinarazi dute agerraldi batean.
Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eta Adur Ezenarro Enirio Aralar Mankomunitateko presidenteak sinatu dute Ordiziako udaletxean akordioa. Itunak hiru hilabeteko negoziazioa hasteko beharra ezartzen du, 2024ko uztailaren 31ra arte. Negoziazioaren ardatzak gutxienez hiru alderdi estrategiko izango dituela bi aldeentzat jasotzen du: xehaketa eremuak, bideak eta finantziazio eredua.
2019az geroztik blokeatuta zeuden harremanei berriro heldu nahi zaiela esan du Aldundiak, eta datozen hiru urteetan «bi aldeek zonaldean egin beharreko hobekuntzat bermatueta finkatuko dituzten itun irmoak lortzea» espero dutela.
Enirio Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 300.000 euro inguru inbertituko dituzte helburu horretarako. Foru Aldundiaren kasuan, Goilarre, Gipuzkoako lurralde historikoko mendi publikoetako larreetan hobekuntzak gauzatzeko programatik 211.000 euro bideratuko dira. Bestalde, Enirio Aralar Mankomunitateak 85.000 euroko partida erabiliko du lan horiek egiteko.
Batera lan egiteko konpromisoa
Arrutiren hitzetan adostasunak lortzea «zor» diete abeltzainei: «Gure gizarteari eta bereziki gure Aralarko abeltzainei zor diogu elkarren arteko adostasun batera iristea eta, hortaz, bi aldeek zintzotasun osoz hasi dugun lan dinamika bat da hau».
Bestalde, Mankomunitateko lehendakariak aurrerantzean ere Aldundiarekin batera lan egiteko konpromisoa adierazi du eta eskertu nahi izan du «Mankomunitatea osatzen dugun 15 udalerriak aurreko legegintzaldian zehar onartzen joan diren konpromiso ekonomikoa, inbertsioetarako ekarpenak urtez urte handituz, eta ardura Aldundiarekin partekatzeko hartutako erabaki irmoa».
Hurrengo urratsa akordioa Mankomunitateko zuzendaritza eraman eta Goilarre programako dinamikarekin jarraituz abeltzainekin elkarbanatzea da.