Iruñean LAB sindikatuak Maiatzaren Lehena dela eta egindako manifestazioan, Ernaik gazteak gizartearen prekarizazio prozesu orokortuaren «lehenengo katebegia» direla nabarmendu du, «belaunaldi gisako erronka izateaz gain, herri gisako erronka» ere direlako.
Hala adierazi dio Ane Alava Ernaiko kideak gazte antolakundeak LABek deitutako Iruñeko manifestazioarekin bat egiteko antolatutako «gazte blokeari». Garai «nahasi eta determinanteak» bizi ditugula erantsi du: «Ezinbestekoa da bizitzak erdigunean kokatuko dituen Euskal Herri aske, sozialista eta feministaren alde bultza egitea». Hau «elkarrekin» gizartearen osotasunari erreferentzia eginez egitearen beharra azpimarratu du.
Ernaiko kidea ere den Goizane Vegasek, bestalde, sindikalgintzatik lortutako «garaipenak» nabarmentzeaz gain, honakoa adierazi die gazteei: «Borrokaz lortutako garaipenak itxaropena eta indarra ematen digute bidean aurrera jarraitzeko». Gazteak «sindikalgintza berri baten lekukoa» hartzeko duten determinazioa adieraziz amaiera eman dio bere hitzartzeari.
«Datozen hilabete eta urteak determinanteak izango dira munduaren etorkizunerako, gure herriaren etorkizunerako. Gazteok erantzukizun osoz hartzen dugu langileon eskubideen aldeko borrokaren lekukoa eta Euskal herria iraultzarako territorioa dela erakutsiko dugu. Beste mundu bat eraikitzeko garaia da! Gazteontzako bizitza duinak bermatuko dituen Euskal Herria lortuko dugu», argitu dute Ernaiko kideek.