NAIZ

«Bidezko trantsizio ekosoziala» aldarrikatuko dute, maiatzaren 11n, Iruñean eta Bilbon

60 eragilek baino gehiagok bat egin dute hilaren 11rako Bilbon eta Iruñean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakundeak deitutako mobilizazioekin. «Bidezko alternatiba ekosozial baterantz jo behar dugu».

Maiatzaren 11ko mobilizazioak aurkeztu dituzte Bilbon.
Maiatzaren 11ko mobilizazioak aurkeztu dituzte Bilbon. (Monika del Valle | FOKU)

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean «bidezko trantsizio ekosoziala» aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik, Iruñeko kasuan, eta 17:00etan, Jesusen Bihotza plazatik, Bilbon.

Mobilizazioen aurretik, «borrokak partekatzeko topaguneak» antolatu dituzte, gizarte kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan bertan eta Bilbon, 12:00etatik aurrera, Areatzan.

Irailean 40 kolektibo sozial baino gehiago bildu zinen Ozaetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak antolatutako ‘Su txikien itsasoa’ izeneko topaketan. «Euskal Herriko lurralde ezberdinetan hainbat mugimendu eta kolektibo sozialek egunero garatzen dituzten borrokak batuko zituzten aldarrikapen komunen eraikuntzan aurrera egin genuen. Borroka horiek guztiak dira beharrezko aldaketa ekosozialaren oinarriak, eta beharrezkoa den alternatiba ekosozial hori elkarrekin bultzatu nahi dugu», adierazi dute ostiral honetan bizkaitar hiriburuan egindako agerraldian.

Topaketa haietan, eredu ekonomiko, politiko eta sozialaren aldaketarako zazpi ardatz adostu zituzten: «Pertsona guztientzat bizitzeko moduko planeta bat, pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko bat eta ez gutxi batzuen onurak lehenesten dituena, lanaren birbanaketa eta aitortza (batez ere funtsezkoak, zaintza lanak, etab.), subiranotasunen sustapena (elikadura, enegetika, telekomunikazioetakoak, etab.), pertsona guztientzako eskubideak (atzerritartasun legea indargabetzea), gerrari eta gastu militarraren igoerari uko egitea eta plangintza eta parte-hartze demokratikoa».

Eta marko horretan kokatu dituzte hilaren 11ko mobilizazioak, «bidezko alternatiba ekosozial baterantz jo behar dugula sinetsita, gaurko errealitateak ez baitio beste aukerarik ematen langile klaseari».