«Maitasuna da liburu honen ardatza, edo bestela esanda, liburu honetako intersekzionalitatearen erdigunea maitasuna da. Edo nola esan, liburuan kantagai ditudan guztiak maitasunetik galbahetu ditut. Maitasunaren hariak lotzen ditu», horrelaxe aurkeztu du Gotzon Barandiaranek ostiral goiz honetan bere poema-liburu berria, ‘Galbahea’.
Leire Lopez Susako editorearen ustez, galbahe bat eraiki du idazleak liburuan, «hitzen zentzua eta bizitzaren zantzua berreskuratzeko ahaleginean». Hamaika gaik zeharkatzen dituzte Barandiaranen poemak Lopezen ustetan: hildako deserosoak, itzalak, isilean errepikatutakoak, amaren heriotza, harrapatutako kultura baten nekeak... Baina batez ere bere belaunaldiaz ari da Barandiaran.
Lopezek azaldu du forma aldetik elkarrekin segidan emanda daudela poema guztiak, atalkatzerik gabe, «kate moduko bat osatuz, poema bat hurrengoari lotzen zaio, batzuetan modu agerikoagoan, besteetan ezkutukoagoan».
Aurkezpenean Barandiaranek berak azaldu du «atzera begiratzeaz eta etorkizunean ekiteaz» hitz egin diola bere belaunaldiari, «eta neure buruari», onartu du. Galbahea hartu du kontzeptu gisa, eta galdera deseroso andana sortu dizkiola kontatu du aurkezpenean: «Zer da ezinbestekoa? Zer da beharrezkoa? Zer hutsala? Ziklo edo aro baten amaieran, hasiera berri baten atarian, nor gara gu? Zeri eman diogu garrantzia? Zer gorde dugu aldean? Zer baztertu? Eta batez ere, zergatik?». Eta horri erantzuten ahalegindu da poemen bidez.
«Askatasuna, maitasuna, damua, errua, iraultza, esperantza… uste baitut ezin ditugula berba horiek pertsonen eta lurraren zein planetaren beraren biziraupena arriskuan jartzen ari direnen esku utzi, garrantzitsuegiak dira», adierazi du, eta termino horiek eta horien garai bateko zein egungo esanahiek lekua dutela liburuan argitu du.
Poetaren galbahea
Bada liburua zeharkatzen duen beste gai bat, edo beste presentzia bat behintzat, liburua idazten ari zen bitartean hil baitzen Barandiaranen ama: «Bere heriotzak galbahearen beharra berretsi zidan, bizitza eta heriotza bereizteko. Amaren heriotzak iruditeria emozional bat ekarri zidan; eta sentitu nuen etxera itzultzeko behar bat, bizitzeko eta ekiteko ilusioa aterpetzen diren abiapuntura itzultzeko».
Harkaitz Cano ere aurkezpenean izan da, bere belaunaldikide gisa gonbidatu du Barandiaranek. Canok, aurkeztu berri den liburua «oso inspiradorea» iruditu zaiola aitortu du. Barandiaranen liburua oinarri harturik, hitzen baitan «distantzia eta fedea» duela poetak kontatu du: «Barandiaranek hainbat hitzekiko desengainua sentitzen du behin esangura bat zuten zenbait lelori desjabetua izan zaiolako garai bateko zentzua». Eta idazlearen ustez, horrek beraien belaunaldian eragina izan du.
«Bere niaren eta bere belaunaldiaren artean kokatzen da Barandiaran poemario honetan, angelu sozial baten bila, eta horrenbeste eztabaida literario eragin dituen gu hori ere artezki definitzen du: gu = antzera bizi izan zaretenok eta ni», adierazi du Canok eta erdigune intimo batetik belaunaldiaren «angelua» bilatzen duela gaineratu du.
Notarioaren eta poetaren lana alderatu ditu Canok aurkezpenean: «Poetaren luma ez da noski notarioarena, notarioak egunez lan egiten du bulego orduetan eta hark ebazten ditu lotura zibilak, jabetza eskualdatzeak, hipotekak, herentziak eta defuntuen paperak. Poetak, aldiz, lan ordutegitik kanpoko arrakaletan idazten du hitzen tranpez, polizia gehiegikeriez, zaintza sozialaz eta zaintza intimoaz, amari egin gabeko aitorpenez, oraindik iritsi ez direlako helbiderik ez dutenen lekukotza jasotzeaz arduratzen den anti-notarioa da poeta. Ebatzi beharreko galdera da notarioaren paperak edo poetaren poemak, zerk duen zilegitasun gehiago guretzako, denborak esango du».
Zuzeneko emanaldia
Liburu gutxik izaten dituzte aurrez aurreko emanaldiak, baina Barandiaranenak izango du. Aurkezpenean aurreratu du hainbat musikarirekin lanean dabilela, argi zuelako hasieratik poema horiek kantu bihurtu nahi zituela, «errezitatzeaz gain, oraingoan kantatu egingo ditut», adierazi du. Maiatzaren 25ean egingo dute lehen emanaldia Zarautzen, Literaturian.
Bestalde, Itxaro Bordarekin batera bira bat antolatu dute, ‘Galbahea’ eta ‘Itzalen tektonika’ poema liburuen inguruan solasean aritzeko. Alots Arregik egin du azaleko irudia, eta oso eskertuta dago idazlea bere emozioak hain ongi adieraztea lortu duelako azalean.