NAIZ

Duela bi urteko errekorra gainditzea espero du Bera Berak Kopako edizio honetan

Donostiako Illunbe pabiloiak jasoko du ostiral honetatik aurrera eskubaloiko Kopako azken fasea. Ostiralean, 13.00etan jokatuko da final-laurdenetako lehen partida eta 20.30ean azkena, Bera Bera anfitrioia eta Atletico Guardesen artekoa. Bonoen salmenta arrakastatsua izan dela dio klubak.

Bera Berako zaleak, 2022ko Kopako partidan.
Bera Berako zaleak, 2022ko Kopako partidan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Iritsi da Kopako astea, Bera Berak hainbeste desiatzen zuena. Ligako finalerdietan Malagaren aurka 22-21 irabazi ostean, indartsu iristen dira donostiarrak –Elke Karstenek ideia hau nabarmendu zuen partidaren aurretik– eta babesik ez zaie faltako Kopan ere. Etxean jokatuko dute, duela bi urte egin legez, eta klubak nabarmendu du bonoen salmente bide oso onetik joan dela.

«Ziurtatuta daukagu 2.500 zale egongo direla ostiralean –final-laurdenetako partidan– Illunben» eta Tati Garmendia eskubaloi taldeko arduradunak espero du «azken bultzadarekin» duela bi urteko errekorra gainditzea. 2022ko finalean, Atletico Guardes eta Malagaren artekoan, 3.089 zale batu ziren, Estatu espainolean inoiz emakumezkoen eskubaloiko Kopako partida bat ikustera gerturatu den zifra handiena.

Granollers eta Elda Prestigioren arteko demarekin emango zaio hasiera Kopako XLV. edizioari, eguerdiko ordubatean. Talde katalana pasa den urtean finaleraino iritsi zen, hain zuzen ere Bera Beraren aurka finala galduta. Lehia honen irabazlea finalerdietan neurtuko da Porriño eta Aula Valladoliden arteko garailearen aurka. Bi hauen arteko final laurdena 16.00etan jokatuko da.

Arratsaldean espero da jende mugimendu gehiena, etxeko taldeak jokatzen duelako baina baita ere, emozio handiko bi partida espero direlako. Elx eta Malagaren arteko final laurdena final bat izan zitekeen erraz, baina zozketa horrelako kapritxosoa izan zen, bi faboritoak elkarren aurka lehen partidan jarrita. Malaga da egungo liga txapelduna eta Elx, berriz, azpitxapelduna.

Bera Bera eta Guardesen arteko partidarekin amaituko da jardunaldia, 2022ko Kopako finalerdia emulatuz. Orduko hartan, galiziarrek, Miriam Sempere atezainaren abileziarekin, donostiarrak ezustean hartu eta ‘beraien’ finaletik at utzi zituzten. Aurten mendekua hartzeko gosez da Imanol Alvarezen taldea. Irabaziz gero, Elx edo Malagaren aurka lehiatuko dira finalerdietan.

Finalerdiak, baina, etorkizuneko kontuak dira eta urratsez urrats joan nahi du Bera Berak, duela bi urteko arantza kendu asmoz. Ligako partida irabaztea hauspo izugarria izango da donostiarrentzat.

Eskubaloi festa

Goi-mailako partidak ikusteko aukera izateaz gain, eskubaloi festa handia izatea espero dute. Hala, zaleentzako gune bat ahalbidetu dute Illunbe kanpoan, 10. atearen aurrean. Gune hau zortzi taldeetako zaleen bilgune bilakatuko da eta musikaz beteko da, Yaiza Arrizabalaga eta Lorea Intxausti, Kai Nakai abeslaria eta Aitana Grandes DJ eta musika ekoizlearekin.

Modu horretan, 2022an ez bezala, instalazioaren lurpeko aparkalekua erabiltzeko moduan izango dela iragarri du Iñaki Gabarainek, Donostiako Udaleko Kirol eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak. Horrela, Kopako partidetara joaten diren pertsonek doako 400 aparkaleku inguru izango dituzte, bai eta kanpoko aparkalekua ere, Fan Zonea asfaltatu gabeko gunean kokatu baita, igarobideak errazteko eta aparkalekuetan leku gehiago izateko. Anoeta inguruko obrek ez dute eraginik izango Illunbeko igoeran.

Ohorezko Mailako Kopa txapelketaz gain, kadete mailakoa ere hartuko du Donostiak. Kasu honetan, Josean Gascan jokatuko dira partidak.

Taldeek hiru partidako ligaxka jokatuko dute (bi ostiralean eta azkena larunbatean) eta multzo bakoitzeko irabazleek igandean, 11etan, Illunben jokatuko den finalean neurtuko dituzte indarrak. Kadete mailako jokalariek, euren partidez gozatzeaz gain, Anoeta eremuan bazkalduko dute (Txuri Urdin) eta Illunbera oinez joateko aukera izango dute.