NAIZ

Alex Renfroe gabe ere jokatu beharko du Bilbao Basketek Manresaren aurka

Ezker zangoko soleoan min hartu du beltzezko gizonen antolatzaile beteranoak eta ezingo du ostegun gaueko norgehiagokan jokatu, eta litekeena da domekan ere ezin jokatzea. Azken asteetan arazo fisikoek erabat eten dute bizkaitarren jokoa eta Fase Erregularra hamargarren postuan amaitzeko itxaropena.

Giharretako arazoek jota, Alex Renfroe ez da Manresan izango.
Giharretako arazoek jota, Alex Renfroe ez da Manresan izango. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Surne Bilbao Basketek Alex Renfroe gabe jokatu beharko du ostegunean 20.00etatik aurrera Manresaren etxean. Talde bizkaitarrak aditzera eman duenez, «ezker zangoko soleoan lesioa» omen du. Beste zehaztapenik eskaini ez badu ere; hau da, zein neurritan den larria hilaren 23an 38 urteak bete behar dituen antolatzailearen ezbeharra, ostegunean ez duela jokatuko argi dago behintzat; ACB Ligako Fase Erregularra igande honetan bertan amaituko duenez Bilbao Basketek, 72 ordu baino gutxiagoko tartean, ez litzateke harrigarria izango Alex Renfroek 2023/24 denboraldiko lanak amaitu izana dagoeneko.

Orain arteko partida guztiak jokatu ditu Bosniako pasaportea ere baduen antolatzaile estatubatuarrak. Hala, batez beste 6,8 puntu, 4,7 asistentzia eta 3,5 errebote pilatuta, eta Melwin Pantzarrekin antolatzaile bikote txukuna osatuta amaituko du Renfroek aurtengo denboraldia, adinean gorantz doan arren oraindik ere maila duina eskaintzeko gai dela beste behin erakutsi ostean.

Ikusi egin behar, bestalde, bilbotarrek Manresan maila duin horri eusterik duten ala ez. Hartuko luke Saski Baskoniak, gustura hartu ere, Jaume Ponsarnauren mutilen mesedea, ACB Ligako sailkapeneko zortzigarren postu horren xerka, Manresak falta zaizkion bi neurketetatik bat behintzat galtzea nahitaezkoa baitu talde gasteiztarrak, zortzigarren postu desiratu horri harrapatzekotan. Pasa den domeka arratsaldean izan zuen aukera bikaina, baina Gironaren aurka kale egin zuten Dusko Ivanovicenek, eguerdian katalanek galdu eta gero.

Baina Bilbao Basketengandik ez dirudi mesede asko etor litekeenik. Ez jokalarien profesionaltasun faltagatik, baizik eta ez dirudielako Jaume Ponsarnaurenak inori mesede egiteko moduan daudenik. Joan zen asteburuan 80-97 galdu zuten beltzezko gizonek matematikoki maila galdu berri duen Palentziaren aurka; nolabait, Ponsarnau entrenatzaileak iragarritako «entrenamendu aste txarra» partida egunean ere islatuz. Adam Smith eta Keith Hornsbyren falta antzeman zuten bilbotarrek, batez ere hiruko jaurtiketetan oso kamuts aritu zirelako –26 saiakeratik, 3 saskiratze–, baina baita defentsan ere.

Hala, maila galdu berri duen talde batek Bilbao Basket Miribillan airean erabili bazuen, zer ez du egingo play-offak jokatzea helburu duen Manresa bezalako talde batek bere etxean?

Gauzak ondo, Melwin Pantzar eta Kristian Kullamaeren artean beteko dute Renfroeren hutsunea bizkaitarrek, eta ikuskizun legoke Hornsby itzuliko ote den eskolta postua indartzeko asmoz.

Ilusio berezirik gabe

Sailkapen nagusiari begira, Surne Bilbao Basket hamaikagarren doa, 13-19 balantzearekin. Behin mailari eustea aspalditik bermatuta, Fase Erregularra hamargarren amaitzea zuen begiz jota Jaume Ponsarnauk, datorren urtean FIBAren Txapeldunen Liga jokatzen saiatzeko. Egiari zor, matematikoki helburua oraindik egingarria bada ere –Joventut da hamargarrena, bilbotarrek baino bi garaipen gehiagorekin, baina bien arteko puntu aldea Bilbao Basketen aldekoa da– ez dirudi beltzezko gizonak helburu hori gauzatzeko kapaz izango direnik, azken asteetan lesioek Bilbao Basketen ibilia erabat aldrebestu baitute.

Smith, Hornsby eta Renfroeren lesioez gain, kontuan izan behar da Xavi Rabaseda kapitaina ere min hartuta izan dela oraintsura arte eta Denzel Andersson hegal-pibotak, berriz, ohi baino entrenamendu gutxiago egiten dituela azken asteetan partidak jokatzeko moduan izan dadin, bederen. Gertaera horien guztien ondorioz, «entrenamenduen tonua asko jaitsi da», kexatu zen pasa den astean Jaume Ponsarnau entrenatzailea, «sano daudenak eta lesioetatik bueltan datozenak uztartu nahi horretan». Tarregakoaren hitzetan, ez omen zuen entrenatzaileak berak «asmatu» entrenamenduetan taldeak behar duen «tonua» aurkitu.

Hala, begi-bistan geratu ziren taldearen gabeziak Palentziaren aurka, eta baita aurreko asteetan Girona edo Obradoiroren aurkako neurketetan ere. Manresaren aurka, beraz, baja bat gehiago tartean dela, ez dirudi panorama hobeari egin behar diotenik aurre. Bada, 2023/24 denboraldia ez hotz ez bero, ez gatz ez berakatz, agurtu beharko du Bilbao Basketek, itxura guztien arabera.