Mende oso bat pasata, bai, ziklismoaren alorrean emakumeentzako lasterketak ere badaude, eta sarietan izan ezik, gizonezkoekin antzekotasun handia dute. Iraganean, aldiz, neska batek ez zuen txirrindularitza profesionalean parte hartzeko aukerarik. Gizartea ez omen zegoen horretarako prest...
Emakume batek, ordea, bere izaera iraultzailea erakutsi zuen. 1924ko Italiako Giroa guztiz historikoa bilakatu zuen Alfonsina Stradak, ‘Corsa Rosa’ delakoan gizonezkoekin batera parte hartu duen neska bakarrak.
Alfonsinaren istorioa pobreziari estuki lotuta dago: pobrezia gogorra, larria, etsigarria. 1891. urtean jaio zen eta jaioterriaren izenak berak ematen digu gogortasun horren seinale: Fossamarcia, italieraz «putzu ustela».
Castenaso hiritxoa Bolonia eta Modena arteko bidean dago. Nekazaritza bertan erlijioa da, baina XIX. mendean jabeek besterik ez zituzten lurraren etekinak gozatzen, ez langileek. Eta Alfonsinaren gurasoak nezakariak ziren: 10 seme-alaba, horietako batzuk oso goiz hilda. Lira batzuk eskuratzeko umezurtz geratzen zirenak zaintzen zituzten.
Alfonsinaren abizena ez zen Strada, Morini baizik. Strada ezkondu ondoren etorriko zitzaion, senarra Luigi Strada zelako. Bizimodu larriaren ondorioz bere familiatik aldendu zen Alfonsina, lehen aukera baliatuz.
Baina laster mundu guztiak emakume hori ezagutuko zuen, eta izen-abizen berriei esker: Alfonsina Strada, txirrindularia. Edo bere bi ezizenak: «deabru gonaduna» eta «bielaren erregina». Zer dela eta ziklista? Oso gazte txirrindula erabiltzen hasi zelako. Bere aitarena zen lehenengoa, eta hori hartu ahal izateko «lanera joan behar dut» esaten zion.
Erdi egia, erdi gezurra zen hura. Lanera joaten zen, bai, Bolonia jostun aritzen zelako. Baina Emiliako hiriburua Castenasotik 35 kilometrora zegoen, eta joan-etorria ez zuen aski Alfonsinak, gero ere entrenatzen jarraitzen zuen. Bolonia, gainera, oso hiri egokia da ziklismoan trebatzeko, muino eta aldapatxo asko ditu eta.
Txerrikume bat lortu zuen sari gisa Bolonian jokatutako lasterketa batean. Hiltzeko agindu zuen herriko apaizak, bekatutzat zuelako gizonen artean lehiatzea
«Berandu itzuli zara», aurpegiratzen zioten gurasoek. «Arazo teknikoa izan dut», erantzuten zien maiz.
Irudikatu dezakezue gero aita edota amaren aurpegia, bere alabak txerrikume bat sorbalda gainean zekarrela ikusi eta gero.
-«Zer da hori?».
-«Baaaa, lasterketa baten saria».
-«Zein lasterketa?».
-«Boloniako zirkuituan egindakoa, ez al zarete pozik?»
Testinguru hartan ez zen alaitasunerako tarterik. Emakume bat gizonen artean? Eta neska bat garaile, gainera, 40-50 gizon mendean hartuta? Krimen baten modura hartzen zen hura. Castenasoko apaizak txerrikume hori hiltzeko aginduko zion Morini familiari, onartezintzat baitzuen honelako bekatu bat egin izana. Denbora luzez, Alfonsinak eskuratutako sariak «bahitu» egingo zituen familiak.
1924ko Giro d'Italia
Sariak den-dena ziren orduko txirrindularitzan. Izan ere, benetako profesionaltasunik ez zen, gaur egun bezalako talderik ere ez, eta lasterketetan edozein mendate edo helmuga gainditzea zen kontua. Sariak eskuratzea, alegia.
Hala ere, 1924ko Italiako Giroak sekulako arazoak zituen, sariekin hain juxtu ere. Hori dela eta, ospe handia zuten txirrindulariek ez joatea erabaki zuten. Izen benetan handiak: Costante Girardengo eta Ottavio Bottecchia, gaur egungo Tadej Pogacar eta Jonas Vingegaard liratekeenak.
‘Gazzetta dello Sport’ egunkariak eta Giroaren antolatzaileek beste 72 parte-hartzaile urratuko zituzten. Kopuru dezentea, eta tartean, besteak beste, Alfonsina Strada, iraganean jada bi Giro di Lombardian parte hartu zuena. Gizonezkoen lasterketa, jakina. Gehiago ere bazen: Alfonsina Pietroburgoko Sari Nagusian izan zen txirrindula gainean eta Italiako emakumezko mailan orduko errekorra lortua zuen. Parisen ere erakustaldi mordo baten protagonista izan zen.
Alfonsinarentzat urte hori oso gogorra zen, gainera, lehehengo aldiz bere senarra eroetxe batean ingresatu zutelako. Luigi Strada mekanikaria zen eta bat-batean kontrola galtzen hasi zen eta ikaraldiak sufritzen. Medikuek ezin izan zuten sendatu eta San Colombano al Lambro-ko erietxe psikiatrikora eraman zuten.
Ezkontzaren ondoren bizikleta berri bat oparitu zion gizona asko maite zuen Alfonsinak; psikiatrikoan ingresatu zutenean ia hilero joaten zen bisitatzera, eta bere aholkuari kasu egin zion: «Ez jaitsi...»
Alfonsinak asko maite zuen Luigi, ezkontzaren ondoren bizikleta berri bat oparitu zion gizona. Ia hilero joaten zen senarra bisitatzera eta hilero gero eta tristeago itzultzen zen etxera.
Strada jaunak ondo baino hobeto ezagutzen zituen Alfonsinaren trebetasuna eta gaitasuna bizikleta gainean eta betidanik (burua galdu baino lehen) esaten zion: «Txirrindulatik ez jaitsi inoiz, ez jaitsi inoiz».
Azken erronka, beraz, Giro d'Italia. Emakume bat parte-hartzaile! Dena den, antolatzaileek zerrendan Alfonsin Strada idatziko zuten, gizona balitz bezala. Aurrean, 3.613 kilometro ibili beharrekoak, hamabi etapatan banatuak, Milandik abiatu eta berriz Milanera heltzeko, italiar penintsula zeharkatu ostean.
Faxismoaren garaia
1924ko sailkapen nagusia ikusiz gero Alfonsin(a) Stradaren izena ez duzu topatzerik izango, nahiz eta etapa guztiak bukatu zituen. Zortzigarrenean, zoritxarrez, beranduegi iritsi zen helmugara. Hori dela eta, sailkepenetik kanpo geratu zen, baina tropelean segitzeko erabakia hartu zuten antolatzaileek.
Urte hartako garailea Giuseppe Enrici izan zen, baina azken kilometrora Alfonsina Strada ere lehian iritsi zen. Amesgaiztoa bilakatu zen lasterketa beretzat: aurreneko etapan, maiatzaren 10ean, Penice Mendatean (Lombardia eta Emilia banatzen dituen Appenninoan) izandako eroriko baten ondorioz larri zauritu zen.
Hegoaldeko errepideetan «deabrua», «madarikatua», «puta»... oihukatzen zioten, askok aitaren egiten zuen bitartean
Italiako hegoaldeko errepideetan, bestalde, gizartea oso atzerakoia zen lekuetan, Alfonsinak irainak entzun behar izan zituen ikusleen aldetik: «Deabrua», «madarikatua», «puta»... horietako askok aitaren egiten zuten bitartean.
Gogoan hartu behar da ere faxismoaren hazkundearen garaia zela hura eta Mussoliniren diktaduraren arabera emakumeak etxean geratu behar zirela, seme-alabak bata bestearen atzean erditzen eta sukaldatzen. Inolaz ere ez errepide batean, are gutxiago gizonezkoekin lehiatzen.
Alfonsinak irabazi zuen oparirik onena Vittorio Emanuele III. Italiako erregearen eskutik jasotako 5.000 lirak izango ziren, baita lore sorta bat ere. Horrelako dirutza ez zuen bizitza osoan ikusi. Baina batez ere bere iraultza gauzatu zuen, Giro d'Italia amaitzean.
Hil arte emakume berezia izango zen. 1959. urtean zendu zen, bihotzekoak jota, Milango kale batean. Hiriak kale bati bere izena eman zion: Via Alfonsina Strada, Lorenteggio-ko auzoan. «Alfonsina Strada – Giro d'Italian parte hartu zuen lehendabiziko emakumea», irakur daiteke bertan.