NAIZ

Rafah pairatzen ari den «eraso larriaren» aurrean mobilizatzera deitu du Gernika-Palestinak

Larunbatean, maiatzak 11, 12.30ean Euskal Herriko hiri eta herrietako udaletxeen aurrean edo toki esanguratsuetan elkarretaratzeak egitera eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak, palestinarrak Rafah-n bizitzen ari diren «eraso larria» salatzeko.

Lekualdatutako palestinarrak beraien gauzak autoetan sartzen Rafah-tik ihes egiteko.
Lekualdatutako palestinarrak beraien gauzak autoetan sartzen Rafah-tik ihes egiteko. (AFP)

Gernika-Palestina herri ekimenak premiazko deialdia egin du Rafah-n bizi den «eraso larria» salatzeko eta su-etena eskatzeko. Larunbatean, hilak 11, 12.30ean, Euskal Herriko hiri eta herrietan udaletxeetan zein toki esanguratsuenetan elkarretaratzeak egiteko deia zabaldu du.

Ohar batean adierazi duenez, beraien ustez, «palestinarren aurkako genozidioaren urrats berri honen aurrean, su-etena lehenbailehen aldarrikatzea, Israel Rafah-n ez sartzea eta laguntza humanitarioa iristen uztea ezinbesteko neurriak dira, eta nazioarteko komunitateak behar bezalako irmotasunez bermatu beharko lituzte, gatazka behin betiko konpondu aurretik».

Oharra idatzi den unean herri hauetan iragarri dira elkarretaratzeak: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Etxarri Aranatz, Agurain, Amurrio, Laudio, Guardia, Kanpezu, Hernani, Tolosa, Alegia, Errenteria, Lezo, Bermeo, Gernika, Berriz, Durango, Zaldibar, Erandio, Sopela, Plentzia, Bakio, Larrabetzu, Meñaka, Ea, Dima, Ugao, Itzubaltzeta-Romo, Pasai Donibane eta Lekeition.

Astelehenean, Israelek Rafah-ren aurkako ofentsiba militarra hasi zuen, Israelen kontroletik kanpo egon den Gazako hiririk handiena. Egipto eta Gazako Zerrendaren artean dago eta janaria bezalako laguntza humanitarioa sartzeko toki garrantzitsuenetariko bat da. Asteartean Israelek Rafah hartu zuenetik laguntza zekarten kamioiak geldirik geratu dira Egipton, Zerrendara gurutzatu ezinik.

Urriaren 7tik Israelgo indar armatuek 34.700 pertsona hil dituztenean, aurretik Gazako Zerrendako beste toki batzuetatik hegoaldera, hau da, Rafah-ra, lekualdatutako milaka pertsonak ihes egiten ari dira berriz ere iparralderuntz, azken hilabeteotan larriki hondatutako Khan Younis bezalako hirietara.