NAIZ

Maiatzean Iruñean LGTBI kolektiboko pertsonen aurka hiru eraso fisiko egon direla salatu dute

Kattalingorri Nafarroako LGTBI+ Elkarteak hilabete honetan Iruñean LGTBI kolektiboko pertsonen aurka izandako hiru eraso fisiko salatu ditu. Horren aurrean eta «LGTBIfobiari irabaziko diogula» erakusteko, manifestazioa deitu du datorren maiatzaren 17rako, 19.00etan, Iruñeko Baratxurien plazatik.

LGTBI Harrotasun Eguneko manifestazio bat, Iruñean.
LGTBI Harrotasun Eguneko manifestazio bat, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Maiatza hasi zenetik, LGTBI kolektiboko pertsonen aurkako hiru eraso fisiko gertatu dira Iruñean, Kattalingorri elkarteak salatu berri duenez. Manifestazioa deitu dute maiatzaren 17rako, datorren ostiralerako, 19.00etan Iruñeko Baratxurien plazatik abiatuta.

Lehenengoan, bi gazte furgoneta batetik jaitsi ziren eta, «maricón» eta «vamos a matar a todos los maricones» irainak bota ondoren, Iruñeko hilerriaren inguruan «errukirik gabe» jipoitu zuten. Norbaitek udaltzainak deitu zituen, eta berehala agertu ziren eta erasotzaileak atxilotu zituzten.

Bigarren kasuan, gazte bat autobus-geltokian zegoen eta beste gazte batek eraso egin zion «maricón» oihukatuz, buruan eta ahoan kolpeak eta sorbaldetan ukabilkadak emanez. Bi pertsonen arteko borroka zela pentsatuta, erasotua ere atxilotu zuten.

Azkenik, aste honetan bertan gertatutako beste eraso «larri» bat salatu dute hilerriaren inguruan ere. Gorroto-delitutzat hartu da LGTBIfobiagatik.

Elkartetik ohar batean adierazi dutenez, pertsona homosexualen aurkako erasoak izan dira hauek, «baina LGTBI komunitateko letra bakoitzaren aurkako erasoen etengabeko jarioa da». Gainera bereziki trans adingabeek beraien duintasunaren aurka jasaten dituzten erasoak ere nabarmendu dituzte, baita Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako elkarteetatik datozenak ere. Bestalde, lesbianek, bisexualek, intersexualek eta beste nortasun batzuk dituzten pertsonek jasaten dituztenak gogora ekarri dituzte.

Erregistro zibileko instantzietan izandako eskubideen urraketak deitoratzen ditu Kattalingorrik ere. «Badirudi gizaki batzuk ez dituztela desberdintasunak jasaten, sexuaren, generoaren, arrazaren edo gizarte-egoeraren arabera», diote.

«Protokolo egokiak»

Egoera honen aurrean, poliziari eskaera helarazi diote: «protokolo egokiak aplika ditzatela; ezin da onartu erasotzailea biktima baino hobeto tratatua eta justifikatuagoa izatea, batzuetan gertatu den bezala. Justiziaren eta indarrean dauden legeen zerbitzura egon behar dute, ez ezein ideologiaren zerbitzua, are gutxiago bidegabea edo mespretxagarria bada».

«Ez gara makurtuko pertsona ankerren homofobiaren aurrean, ez begirada okerra duten entitateen transfobiaren aurrean, ezta bere burua jasaten ez dutenen eta, horregatik, desberdinak baina eskubideetan berdinak garenon desberdintasunen aurrean ere. Ez historiak, ez errepresio bortitzek, ez dute LGTBI pertsonekin amaitu, ezin delako natura zapaldu. LGTBIfobiari irabaziko diogu», adierazi dute Kattalingorri Elkartetik.