Arnaitz Gorriti

Hari single baten gainean balantzaka, Baskoniak ligako zortzigarren postua du xede

Miller-McIntyre eta Howarden zalantzekin, Real Madrili WIZink Centerren irabazi beharko dute gasteiztarrek, eta Manresak Tenerifen galdu beharko du, ACB Ligako Fase Erregularra zortzigarren amaitzeko. Bilbao Basketek Bartzelona izango du bisitari Miribillan. Partida guztiak 18.30etan hasiko dira.

Chris Chiozzak ere Baskoniaren elastikoarekin ondo joka dezakeela erakutsi zuen ostiralean.
Chris Chiozzak ere Baskoniaren elastikoarekin ondo joka dezakeela erakutsi zuen ostiralean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hari single batetik zintzilik, baina ACB Ligako titulurako kanporaketetan jokatzeko aukera bat mantenduz iritsi da Saski Baskonia Fase Erregularreko azken jardunaldira, eta ez da gutxi. Egia da Real Madrili WIZink Centerrean irabazi behar diola; egia da, halaber, Manresak lesioz josita dagoen Teneriferen kantxan galdu beharra duela, eta emaitza biak gertatu ezik 2023/24 denboraldia bertan amaituko dela talde gasteiztarrarentzat. Manresak 19 garaipen ditu, Saski Baskoniak baino bat gehiago, eta talde katalanak uneotan duen zortzigarren postua eskuratzea, beste helbururik ez dauka Baskoniak.

Baina ikusi egin behar zeintzuk jokalari edo zenbat jokalari erabili ditzakeen Dusko Ivanovicek. Chima Moneke apirilaren 16tik jokatu eta entrenatu ezinik dabil orkatilako lesio baten erruz. Codi Miller-McIntyren sorbaldak ostiral arratsaldean jokatzeko ez bazegoen, 48 ordu beranduago, 18.30etan hasiko baitira ACB Ligako azken jardunaldiko neurketa guztiak, nekez egongo da. Eta hori guztia gutxi balitz, iztondoan min hartu zuen Markus Howardek UCAM Murtziaren aurka 55 segundo jokatu eta gero. «Erresonantzia egingo diote zer duen zehazki jakiteko, baina ez dauka itxura onik», onartu duen Ivanovicek ostiraleko partidaren ondoko prentsaurrekoan.

Lehenago ere Markus Howardek «mirarizko osatzeak» izan ditu eta Codi Miller-McIntyre «otsoak» ezer erakutsi baldin badu aurten, inor baino borondatetsuagoa dela izan da. Jokalari horiek biak jokatzeko maila txukunean balitu –maila txukunean izan behar, ez arrastaka–, akaso Real Madrili irabazteko aukerak handituko litzaizkioke Saski Baskoniari. Horiek gabe jokatuta ere, jokatzen badakiela erakutsi zuten gasteiztarrek UCAM Murtziaren aurka, batik bat azken-aurreko jardunaldiko MVP saria irabazi duen Vanja Marinkovicek.

Marinkovic datorren denboraldian Belgradeko Partizan taldera itzultzekoa omen da, hala nahi lukete behintzat talde serbiarreko agintariek. Baina agur hori gertatzen den edo ez den ikusi bitartean, profesional bikaina erakutsi zuen ostiralean serbiarrak: 29 puntu –bere puntu kopuru handiena ACB Ligan dagoenetik–, 9 errebote, 5 asistentzia eta 39ko balorazioa eskuratu zituen «brateak» –hori da bere ezizena–. Horrez gain, Chris Chiozzak ere sekulako lana egin zuen Murtziaren aurrean: 15 puntu eta 7 asistentzia, jokatzeko tarterik duenean jokatzen badakiela erakutsiz. Eta Sander Raieste ere ezin ahaztu; 12 puntu sartu zituen Estonian jaiotako Baskoniaren harrobiko hegalekoak, hutsik egin gabe lau hiruko saskiratuta.

Ondorioz, gainerako taldekideen lana ahaztu gabe, Saski Baskoniak bere izarrik gabe jokatzen eta irabazten badakiela erakutsi zuen. «Honek edo hark partida ona joka lezake, baina taldeak irabazi du», azpimarratu zuen Ivanovicek.

Real Madril ere beharrean

Alabaina, ezin ahaztu aurrean Real Madril dagoela. Gezurra badirudi ere, madrildarrentzat ere ez da tramitea igande arratsaldeko partida. Ostiralean Valentzia Basketen kantxan 99-93 galdu zuen Chus Mateoren taldeak eta okerragoa dena, Gaby Deck hegaleko argentinarra lesionatu zen belaunean. Ez du igande honetan jokatuko, ezta datorren asteko Euroligako Lauko Finala ere. Are gehiago, akabo denboraldia hegoamerikarrarentzat belauneko «barruko lotailu kolaterala» hautsi duela aditzera eman baitute Real Madrileko osasun zerbitzuek.

Saski Baskoniari dagokionez, ordea, Deck ez izatea mesede galanta da. Hegalekoa izan arren, uztaipean sekulako mina eman ohi dio talde gasteiztarrari, saskitik hurbil eta errebote lanean oso eraginkorra baita.

Esan bezala, Real Madrilek 99-93 galdu zuen Valentzia Basketen kantxan, baina horrez gain Ibon Navarroren Unicajak Palau Blaugranan 91-92 irabazi zuen. Real Madril eta Unicaja 27na garaipenekin aurreneko postuan berdinduta daude, baian puntu aldea Malagakoen aldekoa da eta hargatik, Resl Madrilek, Fase Erregularreko aurreneko postua nahiko balu, duen guztiarekin jokatu beharko du.

Izan ere, ACB Ligako bigarren sailkatuak, gauzak ondo, lehiaketa honetako kanporaketetan final-erdietara iritsiz gero Bartzelona izango luke aurkari, eta egia da Bartzelona talde oso irregularra dela, baina arriskutsua, nolanahi.

Noski, Unicajak ere kale egin behar Real Madrilek aurreneko postuan amaitzeko aukerarik izango badu. Hala ere, nekez egingo dute hutsik andaluziarrek: etxean jokatzen dute eta sailkapeneko azken postuan eta matematikoki maila galdu duen Zunder Palentzia izango dute aurkari. Egia da partidarik jokatu aurretik ezin dela emaitzarik aurreratu, baina nekez barkatuko du Unicajak Fase Erregularra aurreneko postuan amaitzeko aukera eta hori jakinean, akaso Real Madrilen arreta Euroligara bideratuko da –hilaren 24tik 26ra Berlinen jokatuko den Lauko Finalera, hain zuzen–, Saski Baskoniaren mesederako. Esan bezala, hari single baten gainean balantzaka bizirauteko balio diezaioke horrek, baldin eta Tenerifen Txus Vidorretak eta bere Lenovok, lesionatuak lesionatu, Manresari irabaziz gero.

Bilbao Basketen buruhausteak

Bartzelona izango da, aldiz, Surne Bilbao Basketen aurkaria ACB Ligari agur esateko jardunaldi honetan. Keith Hornsby bere lesiotik itzuli ostean, maila txukuna eskaini zuten beltzezko gizonek Manresan, baina uztaipean, batez ere errebotea zaintzeko lanetan, erakutsi zituzten gabeziak garesti ordaindu zituzten. Ez dirudi aurkari xamurragoa izango denik talde kulea.

Roger Grimau da Bartzelonako entrenatzailea eta, era berean, Bilbao Basketeko jokalari eta kapitain izana da Grimau bera. Ikusi egin behar zein neurritan igartzen den hori; ea «errukirik» erakusten ote duen Grimauren taldeak, alegia, baina nekez izango da halakorik. Bartzelona Euroligatik at geratu da asteon etxean Olympiacosen aurka galdu eta gero, eta ostiralean Unicajak atzetik aurrera eginda 91-92 irabazi zion. Astea garaipen batekin amaitu nahiko du Grimauk, nostalgiak partida hasi baino lehenerako eta amaitu ondorenerako lagata.

Esan gabe doa Bilbao Basketek baduela nahikoa buruhauste. Bere garaian hamargarren amaitzea zuen xede Jaume Ponsarnauk gidatzen duen taldeak, baina helburu hori betetzea ezinezko izan zaio, lesioen erruz azken bost norgehiagokak segidan galdu eta gero. Azken-aurreko jardunaldia amaitu arte hamaikagarrenak ziren bilbotarrak, baina orain Basquet Gironak kendu dio lekua, Kanaria Handiaren kantxan gailendu eta gero.

Sailkapenean zenbat eta atzerago amaitzeak, teorian, datorren denboraldian Europako lehiaketaren baten jokatzea zailago bihurtzen du. FIBAren Txapeldunen Ligan aritzeko atea behin betiko itxi zaiola Bilbao Basketi pentsa liteke eta akaso, aurten jazo den moduan, datorren urtean ere FIBA Eurocupean aritzeaz konformatu beharko dela dirudi. Europan jokatzen ahaleginduko dela gauza ziurra dirudi, neurri handi baten fitxaketa bat baino gehiagotara iristeko modua Europa «amu» gisa ipintzea baita.

Baina hamabigarren edo atzerago amaituz gero, Zaragoza eta Andorra ere bertan dira, garaipen bat gutxiagorekin, Europan aritzeko ametsak akaso birplanteatu beharra izango da beltzezko gizonen artean.

«Gure aurretik amaitu dezaketen zenbait talde gure inbidiaz ziren duela lau jardunaldi. Horrek esan nahi du besteek gutaz inbidia sentitzeko moduko denboraldia osatu dugula, azken zati honetara iritsi arte», azpimarratu du Jaume Ponsarnauk neurketa honen bezperako prentsaurrekoan.

Are gehiago, «harro egoteko moduko lana» egin duela bere taldeak nabarmendu nahi izan du Tarregako entrenatzaileak. «Miribillara etortzekotan diren zaleei esango nieke Palentziaren aurka ikusi zutena baino, urtean zehar gainerako neurketetan ikusi dutena gogoan hartuta etor daitezela. Hainbat asteburutan jokalari eta zaleen artean sekulako jai giroa izan da. Hori gogoan hartuta, ahalik eta lehiakorren izaten ahaleginduko gara», amaitu du.

Ez da erraza izango, ordea. Renfroe eta Adam Smith galtzeaz gain, Manresaren aurka Melwin Pantzarrek min hartuta amaitu zuen eta larunbat honetan ez du entrenatu. Hala ere, antolatzaile suediarrak ziurrenik minutuak izango ditu.