Partida guztiak irabazita iritsiko da Unai Laso ere finalerdietara

Bizkarretakoak 10-22 menderatu du Zabaleta Labriten. Jada sailkatuta zegoen, ez zeukan arriskatu beharrik, baina oso serio jokatu du eta sendotasun handia erakutsiz nagusitu da. Javier Zabalaren aurka jokatuko du datorren larunbatean Labriten bertan.

Unai Laso, pilota astintzen.
Unai Laso, pilota astintzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Unai Laso jokatutako partida guztiak irabazita iritsiko da datorren larunbatean Javier Zabalaren aurka neurtuko duen Buruz Buruko Txapelketaren finalerdira. Gaur, ligaxkako azken neurketan, Jose Javier Zabaleta 10-22 menderatu du. Laso jada sailkatuta zegoen, ez zeukan arriskatu beharrik, baina Bizkarretakoak oso serio jokatu du eta sendotasun handia erakutsiz nagusitu da.

Zabaletak, aldiz, ligaxkan jokatutako hiru partidak galduta esan dio agur lehiaketari. Final-zortzirenetako kanporaketan Erik Jakaren aurka erakutsitako joko-maila bikainari ezin izan dio jarraipena eman etxarrendarrak, eta oso tarteka ikusi ahal izan dugu Zabaletaren bertsiorik onena.

Gaur Labriten, neurketa hasieran, ikusi ditugu Zabaleta onenaren doaiak buruz buru jokatzeko. Lehen sakea berari egokitu zaio eta lehen jokaldiari zukua atera dio 4-0 aurreratzeko, lau tanto horietatik hiru sakez lortu baititu. Zabalera alde egin dion pilotakada batek, ordea, jokoaren ekimena Lasori eman dio eta tantoak beste aldera erortzen hasi dira.

Sei tanto jarraian eginda Laso 4-6 aurreratu da markagailuan, baina jokoa oso parekatua izan da eta tanto gogor dezente egon dira partidaren lehen erdi horretan. Zabaletak atzera bikain jota lortu du, esaterako, 6-6koa, eta Lasok ez du bi aldiz pentsatu atsedena eskatzeko. Etxarrendarra 8-6 ere aurreratu da Lasok kanpora bidali duen gantxo baten ondoren.

Bigarren erdian hautsi

Baina ondorengo tantoa erabakigarri suertatu da. Piloteoan Unai Lasok defentsa bikaina erakutsi ostean txokoan ikusgarri amaitu du 8-7koa, eta bederatzi tantoko partzial bati hasiera eman dio. Sakearekin min handia eginez, Zabaleta noraezean utzi du Lasok eta partida ia erabakita (8-15).

Fermin Eskudero botileroak hala eskatuta, tanto batzuk gehiago egin eta emaitza txukuntzen saiatu da amaieran Zabaleta, baina bi gehiago bakarrik egin ahal izan ditu atzelariak. Ederrak izan dira Zabaletaren 10-20koa, atzean egina, eta 10-21ekoa, etxarrendarraren defentsa bikaina izan arren Lasok bereganatu duena. Garaipena Bizkarretakoarentzat izan da baina Zabaletak ere txalo zaparrada handia jaso du atzelarientzat horren zaila den espezialitate batean egindako esfortzuagatik.

Laso, «tentsioarekin»

«Jose oso ongi hasi da. Sakearekin asko asmatu du, pilota ongi gurutzatu du... Ni, aldiz, nahiko gaizki ibili naiz hasieran. Tentsioarekin ez nintzen eroso sentitzen mugimenduetan, hiru huts egin ditut... Baina gero sakearekin gehiago asmatu dut eta bigarren zatian hobeto aritu naiz», aztertu du bere partida Unai Lasok.

«Kudeatzeko partida zaila zen. Ni sailkatuta nengoen, berez ez neukan jokoan ezer, baina era berean jokatzeko nago eta kantxara tentsioarekin etorri naiz», onartu du Bizkarretakoak, begirada jada Javier Zabalaren aurkako finalerdian ipinita: «Oso aurkari arriskutsua da eta partida zaila izango da. Egia da azken partida galdu egin zuela Artolaren kontra, baina aurrekoetan oso ongi jokatu du».

Beste finalerdia igande honetan erabakiko da Eibarren. Altuna III.a eta Dario Eibarren neurtuko dira eta irabazleak Artolaren kontra jokatuko du.

FITXA

Pilotakadak: 175. Iraupena: 51 minutu eta 16 segundo. Markagailua: 4-0, 4-6, 8-6, 8-15, 9-15, 9-20, 10-20 eta 10-22. Sakez: 3 Zabaletak –falta bat ere bai– eta 4 Lasok. Jokoan egindakoak: 5 Zabaletak eta 10 Lasok. Galdutakoak: 7 Zabaletak eta 2 Lasok. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua erabat bete gabe baina giro ederra. Fermin Eskudero izan zen Zabaletaren botileroa eta Jon Mariezkurrena Unai Lasorena. Lehen sakea, gorri.