NAIZ

Amaitu da Pasaia Itsas Festibala: «Itsasoa eta haizea lagun baditugu ikusiko dugu elkar 2026an»

Antolatzaileen arabera, Pasaia Itsas Festibala arrakastatsua izan da bisitari kopuruari dagokionez. «Itsasoa eta haizea lagun baditugu, Pasaiako uretan ikusiko dugu elkar 2026an», iragarri dute.

Pasaia Itsas Festibala arrakastatsua izan da bisitari kopuruari dagokionez.
Pasaia Itsas Festibala arrakastatsua izan da bisitari kopuruari dagokionez. (PASAIA ITSAS FESTIBALA)

Amaitu da Pasaia Itsas Festibala. Antolatzaileen arabera, arrakastatsua izan da bisitari kopuruari dagokionez, eta badirudi bi urte barru izango den edizioa bermatuta dagoela. «Itsasoa eta haizea lagun baditugu, Pasaiako uretan ikusiko dugu elkar 2026an», adierazi dute.

Igande honetako ekitaldiei dagokionez, goizean Eingo trikitixa taldeak eta Juanita Larando erraldoiak kaleak girotu dituzte. Gazteenek astronomiari buruzko dibulgazio-tailerretan gozatu eta ikasi ahal izan dute, eta aterki zoragarriak apaindu dituzte zeru izartsuak balira bezala. Eta gazte zein ez hain gazteek Donibaneko Bizkaia plazako igerileku batean urpekaritzan estreinatzeko aukera izan dute.

Musika giroa izan da nagusi egun guztietan, baina bereziki igande honetan. Illunbe akordeoi orkestrako musikariek San Pedroko Lonja plazan jo dute, eta kantujira, berriz, Donibanen aritu da. Ondoren, pertsona trebeenek muxikoen urrats erritmiko eta konplexuei jarraitu diete Bizkaia plazan.

Lonja plazan, Txileko musika tradizionalaz gozatzeko aukera egon da herrialde gonbidatua gehiago ezagutu nahi izan duen ororentzat. Ondoren, Filipe Court brasildarrak, hirukote formatuan, txanda hartu du bere doinuekin, eta honek, aldiz, Erromintxelak taldeari utzi dio gero bere lekua. Arrasaten sortutako swing talde bat da, eta instrumentu akustikoekin swing eta gipsy musikaren ezaugarri dibertigarrienak uztartzen ditu.

Itsas danborradak eman dio jaiari amaiera: Pasai San Pedrotik Trintxerperako ibilbidea egin dute. Era horretan, eskerrak eman dizkiete, danbor kolpez, jaialdira hurbildu diren lagun guztiei. Donibanen, bitartean, Anakrusa konpainiak Herriko Plazaren kontzeptua berreskuratu nahi izan du, eta horretarako jende asko jarri du dantzan Bizkaia plazan Zanga Handia izeneko ikuskizunarekin, horrela hiritartasun gisa batzen eta bereizten gaituzten ideiak landuz.

Festibalaren antolatzaileek eskerrak eman dizkiete beste portu baterantz abiatzear dauden ontziei: «Eskerrik asko edizio hau esperientzia ahaztezin bihurtu duten ontzi eta pertsona guztiei!»