Iker Muniainek arrastoa utziko du Athleticen, eta klubak eta zaleek omenaldi berezia eskaini diote gaur iluntzean San Mamesen. Hogeita bost mila zaletik gora elkartu dira Katedralean, berrogei urteren ostean Gabarra berriro ateratzea lortu duen kapitainari agur esateko.
Hasieratik, hunkiturik agertu da nafarra eta amaieran hitza hartu duenean, argi utzi du ez dela inoiz joango, eta betirako eramango duela Athletic bihotzean. Era berean, atea irekita utzi du uneren batean itzultzeko. Klubetik laguntza eskatzen badiote hurrengo egunean bueltan egongo litzatekeela zin egin du.
⭐️🦁
— Athletic Club (@athletic_eus) May 13, 2024
San Mamesek ere negar egin du.#EskerrikAskoMuniain #AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/vIWnHfTBw2
Muniain beren seme-alabekin eskutik hartuta zelairatu da, Athleticen ereserkia entzuten zen bitartean. Taldekideek, hamar zenbakiarekin soinean, harrera egin diote, eta han egon dira emakumezkoen taldeko ordezkariak eta harrobikoak ere. Kamiseta zuri-gorriarekin batera, beren jatorrizko taldea izandako Txantrearen kolore urdina nabarmendu zitekeen.
Gogoratu duen moduan, ume-moko bat zenean heldu zen Lezamara. 11-12 urte besterik ez zituen, eta gizon bat eginda joango da. Iribarrek esaterako, «gure kapitain handia» izendatu du, eta jokalari eta pertsona gisa «crack» bat dela azpimarratu du eman dion oparian.
🥹 Iribar & @IkerMuniain10#EskerrikAskoIkerMuniain #AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/fc2qjs0c5h
— Athletic Club (@athletic_eus) May 13, 2024
Iñaki Williamsek ere esker hitzak izan ditu berarentzat, eta bi jokalariek Koldo Asua ekarri dute gogora. Izan ere, Asuaren bidez iritsi ziren talde zuri-gorrira, eta berak irakatsi zien klub zuri-gorriaren esanahia.
16 urte besterik ez zituenean egin zuen debuta lehen taldearekin. Europa Leagueko partida batean izan zen Joaquin Caparrosen eskutik. Horren lekuko, Piratak taldeak neurketa hartako kamiseta oroigarri bat eman dio. Entrenatzaile andaluziarra ere omenaldian izan da, eta jokalari «ezberdina» zela ikusten zitzaiola azaldu du.
Nafarrak hamabost denboraldi egin ditu Athleticen, eta historiara pasatuko da neurketa gehien jokatu dituen bigarren jokalaria baita. 559 daramatza, hain zuzen ere. Jon Uriarte presidenteak lortutakoa «ikaragarria» dela esan du, eta erakutsitako «lidergoa» goraipatu du.
Ekitaldian, Muniainen ibilbideko unerik garrantzitzuenak errepasatu dituzte. Besteak beste, Valverderekin Txapeldunen Ligan Napoliri sartutako gola, Marcelinorekin irabazitako Superkopa, Bielsarekin Manchester Uniteden kontra egindako gola, edo Bucaresten galdutako finalarekin jasotako kolpe gogorra. Bi belaunak hautsi zituela ere aipatu dute, eta nola berriro altxatzea lortu zuen.
Garitanok ere azken denboraldian kapitain moduan egindako lana azpimarratu du. Muniainek postua galdu du hasierako hamaikakoan, baina partida garrantzitsuenean erabakigarria izan zen. Hau da, Kopako finaleko penalti jaurtiketetan. Muniainek huts egiteko beldurra zeukala onartu arren, jaurtiketarekin asmatu eta Kopa altxatzea lortu zuen.
Gabarraren irudiak oroimenean iltzatuta geratuko dira, eta ospakizunetan sortutako Athletic famatuaren kanta abestu du zaleekin. Julian Lopez aktorearen laguntza ere izan du, eta baita Baby G abeslariak eskaini dion kanta entzun da ere. Omenaldiari ‘Txoria txori’ abestiarekin eman zaio bukaera.
❤️ Txoria txori oso berezia @IkerMuniain10-entzat.#EskerrikAskoIkerMuniain #AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/eXFJYkmWte
— Athletic Club (@athletic_eus) May 13, 2024
Azken hiru partidak
Askoren ustez, Muniainek Athleticen jarraitu zezakeen. Horren adibide, Osasunaren aurkako joan den larunbateko derbian hamaikakoan sartu zela. Hilabeteak zeramatzan Ligan hasieratik aritu gabe. Horregatik, beste taldekide batzuk aurretik dauzkala onartu, eta albo batera egitea erabaki du.
Dena den, hiru jardunaldi geratzen dira denboraldia amaitzeko, eta Txapeldunen Ligako postutik urruti daude zuri-gorriak. Atletico zortzi puntura dago, eta hurrengo erronka bosgarren tokia ziurtatzea izango litzateke. Gutxienez, garaipen bat beharko du Athleticek. Lehen aukera asteazken honetan izangoda Celtaren zelaian. Galarretak eta Sancetek taldekideekin entrenatzen hasi dute astea, eta, badirudi, bueltan egon daitezkeela. Bilbao Athleticeko Aingeru Olabarrieta ere lehen taldearekin egon da. Valverdek Yeray eta Paredes berreskuratuko ditu, baina Yurik ezingo du jokatu txartelengatik, ezta apendizitisagatik ebakuntza egin behar izan dioten Guruzetak. Teknikariak ere ezingo du aulkian eseri zigortuta dagoelako.
Bestalde, Bittor Llopis eta Iraia Iturregik zuzentzen duten Basconia taldeak bigarren postuan amaitu du liga Hirugarren RFEF mailan. Zuri-gorrien hirugarren taldea denak Portugaleteren kontra jokatuko du igoera faseko lehen kanporaketa.