NAIZ

Joseba Diez Antxustegi izango da Gasteizko Legebiltzarrean EAJren taldearen bozeramailea

EAJk Gasteizko Legebiltzarrean duen taldearen bozeramailea Joseba Diez Antxustegi izango da legegintzaldi berrian, Euzkadi Buru Batzarrak astelehen honetan hala erabaki du eta. Gaur egun Arabako Batzar Nagusietan bozeramailea eta Asparrenako zinegotzia da.

Joseba Diez Antxustegi, EAJren kanpaina ekitaldi batean Bilbon.
Joseba Diez Antxustegi, EAJren kanpaina ekitaldi batean Bilbon. (Gorka RUBIO | FOKU)

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak astelehen honetan egindako bilkuran erabaki du Joseba Diez Antxustegi arabarra izango dela Gasteizko Legebiltzarrean jeltzaleen taldearen bozeramailea. Beraz, orain arte eledun izandako Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarraren presidentearen lekukoa hartuko du aurrerantzean apirilaren 21ko hausteskundeetarako Arabako zerrendaburu izandakoak.

Joseba Diez Antxustegik 31 urte ditu, Gasteizen jaiotakoa eta Zuzenbidean lizentziaduna da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gasteizen Legebiltzarkide izandakoa da 2019ko ekaina eta 2023ko iraila bitartean eta gaur egun Arabako Batzar Nagusietan EAJren bozeramailea da, baita Asparrenako zinegotzia ere, 2023ko udal hauteskundeetan herri horretako zerrendaburu izan ostean.

Halaber, jeltzaleen zuzendaritzak igandeko bileran berretsi zuen legegintzaldi honi hasiera emango dion astearteko osoko bilkuran Bakartxo Tejeria proposatuko duela Gasteizko Parlamentuko presidente izateko. Azken hiru legealdietan izan da presidente Tejeria.

Mahaiaren lehen idazkarirako, aldiz, Ion Aiarza proposatuko du EAJk astearteko osoko bilkuran. Joan den apirilaren 21eko hauteskundeetan Bizkaiko zerrendan hirugarren joan zen Aiarza.